Aurrekontuaren betetze-maila
Iruñeko Udalak 196.166 legezko biztanle zituen 2014ko urtarrilaren 1ean, 2014ko abenduaren 22ko EAOn argitara emandako datu ofizialen arabera. Hori da, hain zuzen, aurrekontuko adierazleak eta ratioak kalkulatzeko erabiltzen den biztanle-kopurua.
Bere jarduna garatzeko, Udalak ondoko erakunde autonomo eta entitateak sortu ditu:
- Administrazioaren sektore publikoa deitu daitekeenaren barruan, hau da, administrazio-zuzenbidearen arauei lotutako sektorearen barnean, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentzia eta Iruñeko Udaleko Haur Eskolak ditugu.
- Enpresa publikoen sektorea: bertan kokatzen dira Udala partaide bakarra duten enpresak –hala nola Comiruña SA, Pamplona Centro Histórico SA eta Udal Laguntza Etxean SA–, Udala partaide nagusi dutenak –adibidez, Asociación Navarra de Informática Municipal SA (aurrerantzean, Animsa) eta Mercairuña SA–. Sozietate horiek guztiak merkataritza-lege orokorrei daude lotuta, kontabilitateari dagokionez, baina horrek ez du galarazten beren urteko kontuak (partaidetza nagusia den kasuetan) Udalaren Kontu Orokorrean sartzea.
- Aurrekoez gain, Udalak Gayarre Antzokia eta Erruki Etxea fundazioak ditu. Horiek, fundazio direnez, estatutu juridiko berezia daukate.
Aurrekontu-egonkortasunaren kontrolak eskatzen duen azterketa ekonomikoan entitateak sailkatzeko beste modu bat erabiltzen da:
- Tokiko sektore publikoa: aurrekontu mugatua eta gehien bat entitate publikoen ekarpenekin hornitzen diren entitateak. Hona hemen, zerrendaturik: Udala, Hirigintza Gerentzia, Haur Eskolak, Pamplona Centro Histórico SA, Udal Laguntza Etxean SA, ANIMSA eta Gayarre Antzokia fundazioa.
- Enpresa-entitateak: Comiruña SA eta Mercairuña SA.
2014an Udalaren eta haren menpeko entitateen aurrekontuaren betetze-maila hiru aldagaik zehazten dute:
- Aurrekontu-luzapena, hirugarren urtez jarraian; hori dela-eta, aurrekontu-aldaketen espedienteak tramitatu behar dira urtean zehar aurreikusitako beharrei zein behar berriei erantzuteko.
- Aurrekontu-legeak, egonkortasunaren eta defizit orokorraren kontrolaren gainean.
- Eraginkortasunaren kontrola baliabideen kudeaketan.
Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko 2/2012ko Lege Organikoak ezartzen dituen arau fiskalak betetzeari dagokionez, Iruñeko Udalak superabitarekin itxi du 2014ko ekitaldia (3,4 milioi eurokoa, kontabilitate nazionalaren arabera), eta, gainera, gastu-arauaren eta finantza-egonkortasunaren arloko betekizunak bete ditu –finantza-egonkortasuna gainera bere bi alderdietan bete da, zor publikoan (zor-maila), eta zor komertzialean (fakturen ordainketaren batez besteko epea)–. Azterketa hau Udalaren Tokiko Sektore Publiko (TSP) osorako egiten da, zeina aurreko paragrafoetan adierazitako entitateek osatzen baitute. Comiruña eta Mercairuña sozietateak merkatu-entitatetzat jotzen dira, eta horiek ere betetzen dituzte egonkortasunaren betekizunak, finantza-orekan itxi baitute 2014. urtea.
Zorra, 2014ko abenduaren 31n, TSParen diru-sarrera arrunten % 54,5ekoa da (% 59koa, 2013an), toki entitateetarako ezarritako % 110eko mugatik oso behera. 2014an ez da beharrezkoa izan zor berria kontratatzea, diru-sarreren aurreikuspenetan ia 7 milioitan ezarritakoa, eta hortaz 7 milioi euro ingurutan murriztu da guztizko zor bizia. Zor publiko konputagarriaren bolumen osoa, kontabilitate nazionalaren arabera, 103,6 milioikoa izan da 2014an, guztizko diru-sarrera arrunten % 54,5. 103,6 milioi horietatik 102 milioi epe luzerako zorrari dagozkio, eta gainerakoa beste kontzeptu konputagarri batzuei (diruzaintzako maileguak eta atzeratutako ordainketak).
1.- ENTITATEEN DATUAK
| Entitatea | Aitortutako betebeharrak | Aitortutako eskubideak | Langile kopurua 2011/12/31n |
|---|---|---|---|
| Udala | 181.634.113,81 | 188.928.049,82 | 1.251 |
| Hirigintza Gerentzia | 11.282.683,30 | 5.839.681,45 | 30 |
| Haur eskolak | 7.974.023,46 | 7.851.098,07 | 163 |
Hona entitate nagusiak haren erakunde autonomoei egindako ekarpenak, transferentzia arruntez zein kapital-transferentziez bezainbatean:
| Kontzeptua | Hirigintza Gerentzia | Hau Eskolak |
|---|---|---|
| Trasferentzia arruntak | 1.876.156,00 | 5.406.259,19 |
| Kapital-trasferentziak | 428.208,14 | 50.000,00 |
| Guztira | 2.304.364,14 | 5.456.259,19 |
Hirigintza Gerentziaren kontuak Gerentziaren Kontseiluak onetsi zituen, 2015eko martxoaren 25ean. Ikuskatu dira, eta txostenak aldeko iritzia jaso du, ondarearen eta finantza-egoeraren irudi fidelaren islari dagokionez, eta legezkotasun-printzipioarekin bat, aurrekontuez, kontratazioaz eta langileriaz bezainbatean.
Haur Eskolen kontuak haren batzordeak onetsi zituen, 2015eko apirilaren 13an. Horiek ere ikuskatu egin dira. Ikuskapen-txostenak aldeko iritzia eman zuen kontuei buruz (salbu ekitaldi bati egokitu eta hurrengoan, kontabilitatean islatu gabe, tramitatutako fakturak, 155 milakoak 2013tik 2014ra eta 93 milakoak 2014tik 2015era) zein finantza-jardunari buruz legezkotasun-printzipioarekin bat, aurrekontuez, kontratazioaz eta langileriaz bezainbatean.
Hona datu esanguratsuenak, Udala partaide duten sozietateei buruz:
| Izena edo izen soziala | Jarduera nagusia | Zuzeneko partaidetza (% ) | Ikuskatua |
|---|---|---|---|
| COMIRUÑA, S.A. | Txikizkako merkatuak | % 100,00 | BAI |
| P.C.H., S.A. | Hirigune historikoko hirigintza | % 100,00 | BAI |
| ASIMEC, S.A. | Etxez etxeko laguntza | % 100,00 | BAI |
| MERCAIRUÑA, S.A. | Handizkako merkatua | % 51,00 | BAI |
| ANIMSA, S.A. | Udaleko Informatika | % 77,69 | BAI |
| Enpresa | Emaitza-kontua GASTUAK |
Emaitza-kontua |
Emaitza ekonomikoa |
|---|---|---|---|
| COMIRUÑA, S.A. | 498.736,97 | 544.833,87 | 46.096,90 |
| P.C.H., S.A. | 2.679.904,55 | 2.779.807,94 | 99.903,39 |
| MERCAIRUÑA, S.A. | 1.124.935,26 | 1.335.113,19 | 210.177,93 |
| ANIMSA, S.A. | 6.573.873,00 | 6.656.082,00 | 82.209,00 |
| ASIMEC, S.A. | 1.844.717,70 | 1.876.399,98 | -31.682,28 |
Comiruña SAren 2014. urteko aurrekontuaren ekitaldi-emaitza 46.096,9 euro izan zen. Ikuskapen-txostenean, aldeko iritzia jasota dago kontuei buruz. Administrazio Kontseiluak 2015eko martxoaren 31n aurkeztu zituen kontuak. Eta akziodunen Batzar Nagusiak onetsi, 2015eko maiatzaren 6an.
Pamplona Centro Histórico SA sozietateak Administrazio Kontseiluak egindako kontuak aurkeztu zituen 2015eko martxoaren 25ean, behar bezala ikuskaturik eta aldeko iritzia zutela islaren fideltasunari eta legezkotasunaren betetzeari dagokienez. 2014an, 99.903,39 euroko emaitza positiboa izan zen, baina Kontabilitaterako eta Kontu Ikuskaritzarako Institutuaren irizpidea aplikatzearen ondorioz diru-laguntzak ondare garbiaren aldaketa gisa kontabilizatu ziren. Horregatik, aipatu ondare garbia 308.726,44 euroan handitu zen. Kontuak onesteko akziodunen Batzar Nagusia 2015eko maiatzaren 20an egin zen.
Mercairuña SA sozietateak 210.177,93 euroko emaitza positiboa zuela itxi zuen 2014ko ekitaldia. Diru hori, gehien bat, jarduera arruntetatik etorria zen. Ikuskapen-txostenean, aldeko iritzia jasota dago kontuei buruz. Urteko kontuak Administrazio Kontseiluak aurkeztu zituen 2015eko otsailaren 12an, eta akziodunen Batzar Nagusiak onetsi, 2015eko martxoaren 25ean.
ANIMSAk 82.209 euroko emaitza positiboa aurkeztu zuen ekitaldi honetan, ustiapen-emaitzaren (69.511 euro) eta finantza-emaitzen (12.698 euro) artean banatuta. ANIMSAren kontuen gaineko ikuskapen-txostenak aldeko iritzia jaso zuen kontuen isla fidelaz bezainbatean. Administrazio Kontseiluak 2015eko martxoaren 23an aurkeztu zituen kontuak, eta akziodunen Batzar Nagusiak onetsi, 2015eko maiatzaren 14an.
ASIMEC SA sozietatearen ekitaldi-emaitza negatiboa izan zen, 31.682,28 euroan. Ikuskapen-txostenak aldeko iritzia jaso zuen legezkotasun-printzipioa betetzeaz bezainbatean. Administrazio Kontseiluak 2015eko martxoaren 30ean aurkeztu zituen kontuak, eta akziodunen Batzar Nagusiak onetsi, 2015eko maiatzaren 6an.
Fundazioei dagokienez, hona haien gastu eta diru-sarrerei buruzko datuak:
| Fundazioa | Emaitza-kontua GASTUAK |
Emaitza-kontua DIRU-SARRERAK |
Emaitza ekonomikoa |
|---|---|---|---|
| Gayarre Antzokia Udal Fundazioa | 2.058.197,00 | 2.075.068,00 | 16.871,00 |
| Erruki Etxea | 16.815.874,76 | 18.172.063,54 | 1.356.188,78 |
Gayarre Antzokia Udal Fundazioaren kontuak Patronatuaren Batzordeak onetsi zituen 2015eko apirilaren 14an. Ikuskapen-txostena aldekoa izan zen. Ekitaldiko emaitza positiboa ustiapenaren emaitzek eragin zuten.
Erruki Etxearen kontuak 2015eko apirilaren 28an aurkeztu zitzaizkion Udalari. Ekitaldiak 1.356.188,78 euroko mozkinak izan zituen, eta, horrez gain, ondare garbia 1.446.468,11 euroan handitu zen. Ikuskapen-txostena aldekoa izan zen.
Mankomunitateak.
Iruñeko Udala Iruñerriko Mankomunitatearen parte da. Mankomunitate horren bitartez ematen ditu uraren ziklo osoari (ur-hornidura eta behe-saneamendua), hiri-hondakin solidoen tratamenduari eta hiri-garraioari (autobus- eta taxi-zerbitzuak) dagozkien zerbitzuak.
2014an, 2.902.604,34 euroko gastua egin zen Iruñeko Udalaren aurrekontuan hiri-garraioa finantzatzeko.

