Aurrekontu likidazioa
Iruñeko Udalari, Hirigintza Gerentziari eta Haur Eskolei dagokien likidazio bateratuaren azterketa zehatza erantsi da.
1) Ezaugarri orokorrak eta aurrekontu-aldaketak
2014ko ekitaldi osoan indarrean egon zen 2013ko aurrekontu luzatua, Alkatetzak 2013ko abenduaren 31ko ebazpenaren bidez onetsia. Osoko Bilkurak ez zuen inoiz ere hasierako aurrekonturik onetsi, baina aldaketak onetsi ziren.
Hasierako aurrekontu bateratu gisara (Udalaren, erakunde autonomoen eta Udalaren erabateko partaidetza duten sozietateena) har dezakegu Alkatetzaren Ebazpen bidez luzatu gisara onetsitako Udalaren eta Organismo Autonomoen aurrekontua, eta horri erantsi 2014ko aurrekontu-proiektua prestatzean enpresek igorritako aurreikuspena (kasuan-kasuan zuzendua, udal-aurrekontuaren luzapenaren eraginekin). Horrela, diru-sarreren aurrekontu bateratua 183.082.734 euro izan zen, eta gastuena, berriz, 182.936.720 euro.
Comiruña SA, Pamplona Centro Histórico SA eta ASIMEC SA sozietateak alde batera utzirik –horiek ez baitira bateratzen, alkatetzak onetsitako likidazioan aurrekontu-betetzeari dagokionez–, diru-sarreren eta gastuen hasierako aurrekontuaren guztizko bateratua 181.651.763 eta 180.738.274 eurokoa izan zen hurrenez hurren (hiru entitateen arteko bateratze-doiketak kendu ondoren). Udalaren hasierako gastu-aurrekontuak 177.820.230 euro jo zuen, Hirigintza Gerentziarenak, 2.706.200 euro, eta Haur Eskolenak, 7.732.900 euro.
2014ko ekitaldian barna, hainbat aurrekontu-aldaketa garrantzitsu egin ziren, Udala osatzen duten entitateen aurrekontuan, aldian-aldiko behar aldakorren arabera egokitze aldera, eta, bereziki, aurrekontu luzatuak berez dituen mugek eraginda. Aldaketa guztiak batera hartuta, 27,9 milioi euro handitu zen aurrekontu bateratua gastuen egoera-orrietan. Behin betiko aurrekontu bateratuak 208.621.554,40 euro jo zuen gastuetan eta diru-sarreretan.
Bolumenari dagokionez, aldaketarik garrantzitsuenak kapital-gastuak aurrekontu luzatuan sartzeko egin ziren. Aurreko aurrekontutik ekarritako kreditu-geldikinen sarrerei nahiz gastu orokorren diruzaintzako ekitaldi amaierako geldikinaren aplikazioari dagozkien aldaketak ondoan daude zehatzago azalduta.
2) Aurrekontuaren gauzapena eta herritarrak
Guztizko gastutik % 46,8, hau da, 459 euro biztanleko, erabili zuen Iruñeak komunitate-ongizatearekin zerikusia duten gastuak –hirigintza, ingurumena, hezkuntza, kultura, kirola eta abar– estaltzeko. Gastu horren atzetik dator segurtasunean, babesean eta gizarte-sustapenean egindakoa, zeina gastu osoaren % 22,9 izan baitzen, hots, 224 euro pertsona bakoitzeko.
Udal-aurrekontuaren gauzapena bateratua herritarrak kontuan harturik aztertuz gero, ikus daiteke 2014ko diru-sarrerek 988,5 euro jo dutela biztanle bakoitzeko; gastua, aldiz, 980 eurokoa izan zen, eta 98 euro inbertsioetara bideratu ziren.
Diru-sarrera guztien % 28,95 udal-eskumeneko zergetatik etorri zen, eta horrek esan nahi du pertsona bakoitzak, batez beste, 286 euro jarri zituela.
Bestetik, modu bateratuan hartuta, 183 euro eskuratu ziren biztanleko, zerbitzuak eman, jarduerak egin eta jabari publikoa erabiltzeagatik kobratutako tasa eta prezio publikoen, ondasun higigarri eta higiezinen salmentaren, ondareko diru-sarreren eta aurrerakin zein maileguen itzuleren bitartez. Transferentzia arruntek (Hiriburutza Agiria, Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetako partaidetza eta beste zenbait ekarpen) 490 euroko diru-sarrera eragin dute biztanle bakoitzeko. Biztanleko beste 30 euro jaso ziren, bestalde, kapital-transferentziak eta kapitaleko bestelako diru-sarrerak zirela medio.
3) Gastuen aurrekontuaren betetze-maila
2014ko ekitaldian aitortutako betebehar bateratuak 192,2 milioi euro izan ziren, hau da, 208,6 milioi euro jo zuen behin betiko aurrekontu bateratuaren % 92,1. Hau izan zen, zehazki, bateratutako entitate bakoitzaren betetze-maila:
|
Udala |
95,11% |
|
Hirigintza Gerentzia |
60,71% |
|
Haur Eskolak |
99,98% |
Gastua kapituluka sailkatuta, parterik handiena langileria-gastuak biltzen dituen 1. kapituluari egokitu zitzaion: gastuaren % 42,1 (80,9 milioi euro). Horren ostean, 2. kapitulua dator, ondasun arruntei eta zerbitzuei dagozkien gastuak, gastuaren % 34,3rekin (66 milioi euro), eta 4. kapitulua, inbertsio errealei dagokiena, % 8,2rekin (15,7 milioi euro).
2014an, ekitaldi arrunteko ordainketek 175,1 milioi euro jo zuten, 17 milioi euro ordaintzeko gelditu zirelarik. Horrenbestez, betebeharren edo ordainketaren betetze-maila, abenduaren 31n, % 91,1ekoa izan zen.
Eginkizun-multzoen arabera aztertuz gero, gizarte-izaerako ondasun publikoak –hirigintza, kultura, hezkuntza, kirola, ingurumena eta osasuna– ekoizteak ekarri zuen gastu-portzentaje handiena, gastu osoaren % 46,84 hain zuzen. Horren ostean, gizarte-babesari eta -sustapenari dagozkien zerbitzuak (gizarte-zerbitzuak) datoz, % 22,88ekin, eta babes zibilari eta herritarren segurtasunari dagozkienak, % 15,86rekin.
4) Diru-sarreren aurrekontuaren betetze-maila
Aitortutako eskubide bateratu garbiak 193,9 milioi euro izan ziren, hau da, behin betiko aurreikuspenen % 92,9. Hala ere, kontuan hartuta Diruzaintzako geldikinari dagokion 87. artikuluko aurreikuspenak ez direla likidatutako zenbateko bilakatzen, adierazgarriagoa da behin betiko aurrekontuari artikulu horretako aurreikuspenen zenbatekoa kenduta kalkulatutako ratioa: izan ere, kasu horretan, % 95,5era iristen da aurrekontuaren betetze-maila.
Ondokoa izan zen bateratutako entitate bakoitzaren aurrekontuaren betetze-maila, betiere guztizko aurreikuspenetan diruzaintzako geldikinari dagozkionak sartu gabe:
|
Udala |
98,89 % |
|
Hirigintza Gerentzia |
% 44,53 |
|
Haur Eskolak |
100,88 % |
Diru-sarreren osaerari dagokionez, transferentzia arruntek izan zuten parterik handiena, diru-sarrera guztien % 49,52rekin, eta gero, zuzeneko zergek, % 26,68rekin. Zergek, zuzenekoek nahiz zeharkakoek, Udalak eskuratutako guztizko diru-sarrera likidatuen % 28,67 egin zuten.
Betetze-mailari dagokionez, 1., 3. eta 4. kapituluetako diru-sarreren aurreikuspenak gainditu ziren. Kontuan hartu behar da luzapenaren mekanika dela-eta aurreikuspenekin egindako azterketa konparatibo batzuek esanahia galtzen dutela.
Aurrekontu arrunteko diru-bilketa likido bateratua 179,6 milioi euro izan zen, eta 14,3 milioi kobratzeko gelditu ziren. Horrenbestez, eskubideen gauzatze- eta kobrantzen betetze-portzentajea, likidatutako zenbatekoen gainean, % 92,62koa izan zen.

