Otros datos
Iruñeko Udaletxea Karlos III.ak 1423ko Batasunaren Pribilegioan zehaztutako toki berean dago. XV. mendeko jatorrizko eraikinak 1752ra arte iraun zuen; urte horretan beste bat eraiki zen, eta haren fatxada gorde da. Egungo eraikina 1952an eraiki zen. Fatxada XVIII. mendeko estilo barrokokoa da, goiko errematea izan ezik, neoklasizismoaren aitzindari den purismo arkitektonikoari baitagokio. José Zay y Lorda apaiz iruindarraren lana da, eta behetik gora hiru ordena klasikoak ikus daitezke: dorikoa, jonikoa eta korintoarra. Ate nagusiaren bi alboetan Zuhurtzia eta Justizia irudikatzen dituzten bi estatua daude. Eskultura horien ondoan, hiriaren altitudea adierazten duten bi plaka daude: 443,80 metro Santanderreko itsas mailaren gainetik eta 444,57 Alacantekoaren gainetik. Juan Lorenzo Catalánen lana den errematean Famaren irudikapen bat nabarmentzen da, Herkulesen bi estatuaz lagunduta. Errematearen parte da, halaber, uztailaren seian eguerdian sanferminei hasiera ematen dien erlojua. Erloju hori XVIII. mendekoa da, nahiz eta haren makineria 1991n ordeztu zen.
Web
¿Te ha sido útil esta página?