Iruñeko Udalaren Administrazio Prozedura Erkide eta Araubide Juridiko Elektronikoak arautzen dituen ordenantza

Iruñeko Udalaren Administrazio Prozedura Erkide eta Araubide Juridiko Elektronikoak arautzen dituen ordenantza
Otros datos
XEDEA:
Administrazio-jardueran informazioaren teknologiak erabiltzearen baldintzak eta ondorio juridikoak arautzea, Iruñeko Udalaren eta sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen arteko harremanetan eta herritarrekiko harremanetan, haien eskubideak bermatzeko; bereziki, administrazio-prozedurak izapidetzean bitarteko elektronikoak erabiltzearen baldintzak eta ondorio juridikoak arautzea.
Udalaren jarduera publikoan gardentasun-printzipioa bultzatzea bitarteko elektronikoen bidez.

EDUKIA:
Toki-entitatearen antolaketa, jarduketa eta sektore publikoko gainerako entitateekiko eta herritarrekiko harreman elektronikoak gidatu behar dituzten printzipioak zehazten ditu.
Toki-entitateak herritarrek zerbitzu elektronikoetarako sarbidea izatea bermatuko du, hainbat kanalen bidez, gutxienez bitarteko hauekin: aurrez aurreko arreta-bulegoak, sarbide-puntu elektroniko orokorra (Interneteko ataria) eta telefono bidezko arreta-zerbitzua.
Ordenantzak pertsona fisikoei aukera ematen die toki-entitatearekin bitarteko elektronikoen bidez komunikatu ala ez aukeratzeko; aldiz, hala egiteko betebeharra ezartzen die pertsona juridikoei, nortasun juridikorik gabeko entitateei, behartutako subjektuen ordezkariei, profesional elkargokideei eta udal-langileei, izaera horrekin jarduten dutenean.
Erregistro-gaietan laguntzeko bulegoak sortzen dira (lehengo sarrera-erregistroak), toki-entitatearekin elektronikoki harremanak izatera behartuta ez dauden herritarrek eskaerak paperean aurkeztu ahal izateko; bulegoek paperezko agiria formatu elektroniko bihurtuko dute.
Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa arautzen da.
Administrazio-prozedura ofizioz eta bitarteko elektronikoen bidez bultzatuko da. Txostenak idatziz eta elektronikoki emanen dira, eta prozedura modu berean ebatziko da.
Jakinarazpenak lehentasunez bitarteko elektronikoen bidez eginen dira egoitza elektronikoan, eta, nolanahi ere, interesduna den pertsona edo entitatea bide horretatik jasotzera behartuta dagoenean; haien berri izateko neurri berriak ezarriko dira: jakinarazpen-abisuak gailu elektronikoetara eta/edo posta elektronikoko helbidera.
Kide anitzeko organoek aurrez aurreko zein urrutiko bilkurak egin ditzakete (telefonoz, ikus-entzunezkoen bidez), baina hori ez zaie aplikatzen Udaleko gobernuko kide anitzeko organoei.
Herritarrek arauak egiteko prozesuan duten parte-hartzea arautzen da.
Administrazio-informazioa bitarteko elektronikoen bidez zabaltzea eta eskuratzea arautzen da, eta gardentasun-printzipioa botere publikoen jarduna etengabe gidatu behar duen balio bihurtzen da, herritarrekiko jokabidea eta haien aurreko erantzuna aldatuz.

APLIKAZIO-EREMUA:
Iruñeko Udala osatzen duten administrazio-organoak.
Iruñeko Udalari lotutako edo haren mendeko erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.
Iruñeko Udalari lotutako edo haren mendeko merkataritza-sozietateak eta zuzenbide pribatuko beste entitate batzuk, administrazio-ahalak baliatzen dituztenean.
Udalaren zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuen esleipendunak, lizitazioaren baldintza-agiriek edo bestelako kontratu-agiriek hala xedatzen dutenean.
Herritarrak, hau da, administrazio publikoen aurrean jarduteko gaitasuna dutenak, bitarteko elektronikoak erabiltzen dituztenean Iruñeko Udalarekin eta epigrafe honetako lehen hiru ataletan aipatutako gainerako erakunde eta entitateekin dituzten harremanetan.

LEGE-ARAUDIA: ordenantza hau LFALNAren 4. eta 29. artikuluetan eta LRBRLren 4. artikuluan aitortutako udalaren erregelamendueta autoantolaketa-ahalen babesean eman zen, eta LRBRLren 70 bis 3 artikuluan xedatutakoaren erregelamendu-garapena da. Udalaren erregelamendu-araudia administrazio elektronikoaren arloko estatuko araudira osorik egokitzen du (urriaren 1eko 39/2015 Legea eta urriaren 1eko 40/2015 Legea), baita gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko foru-araudira ere, prozedura elektronikoarekin duen lotura estuagatik (maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea); horrela, udalaren jarduera publikoan gardentasun-printzipioa bultzatzen da, administrazio-informazioa bitarteko elektronikoen bidez zabalduz eta eskuratzea ahalbidetuz.

Web

Documento

Archivo
¿Te ha sido útil esta página?