Ia 1,5 milioi pertsonak parte hartu dute Iruñeko Udalak 2023ko sanferminetarako antolatutako ekitaldietan, uztailaren 6an eta 7an euria egin arren

Ia 1,5 milioi pertsonak parte hartu dute Iruñeko Udalak 2023ko sanferminetarako antolatutako ekitaldietan, uztailaren 6an eta 7an euria egin arren
Aurten markak hautsi dira, eta, besteak beste, zifra historikoak erregistratu dira bisitarietan, entzierroko korrikalarien artean eta beira-bilketan
Archivo

Iruñeko alkate Cristina Ibarrolak agerraldia egin du gaur, 2023ko sanferminak nola joan diren eta udal zerbitzuek jaietan egindako lana baloratzeko. Datuen arabera, alkateak uste du jaiak "oso bizirik" daudela, izan ere, aurten "erregistroak hautsi dira bisitarien artean, entzierroko korrikalarien artean, zezen-plazara bertaratu direnen artean, garraio publikoaren erabileran, beira-bilketan edo kontzertu jakin batzuetara bertaratu direnen artean". Erregistroek adierazten dute 1.446.025 lagun joan direla, orotara, 2023ko sanferminetako udal programazioan aurreikusitako ekitaldietara.

Ibarrolaren arabera, aurten "giro bikaina eta, oro har, portaera ona" azpimarratu ditu, eta, horregatik, "irudi handia eman da kanpoan". Hori sare sozialetan ere islatu da, @sanferminakiruñean markak hautsi baititu Instagrameko, Facebookeko eta Twitterreko kontu ofizialetan.

Kontzertuak eta dantzaldiak

Azken zifrak zertxobait apalagoak diren arren, izan ere, uztailaren 6ko arratsaldean eta gauean, eta uztailaren 7ko egunaren parte batean, euria zela eta hainbat ekitaldi bertan behera utzi ziren, jaietako programazioan parte-hartzearen indizea aurreko urteetakoen antzekoa izan da. 326.490 pertsonak parte hartu dute sanferminetako kontzertu eta dantzaldietan. Zehazki, Foruen plazako Dj-en emanaldietako musika aniztasunak 115.000 ikusle erakarri ditu, eta Gazteluko Plazako kontzertu monografikoek 97.000 lagun bildu dituzte, uztailaren 8ko Fangoriaren kontzertuan lortu delarik zifrarik handiena (20.000 lagun). 10.000 ikusle gainditu dira beste lau saiotan: Dani Fernández (uztailak 9), La Sra. Tomasa/Lágrimas de Sangre (uztailak 7) ETS (uztailak 12) eta Ana Menaren amaierako kontzertua (uztailak 13).

Udalaren musika-proposamena honako hauekin osatu da: Antoniuttiko dantzaldiek 63.000 lagun bildu dituzte sanfermin guztietan; Compañia plazan 19.700 lagun bildu dira jazz eta Munduko musiken emanaldietan, eta Gurutzeko plazako dantzaldietan 19.700 pertsonak parte hartu dute. Kaleko musika eta musika folklorikoa 204.200 pertsonarengana iritsi da.

Ekitaldi jendetsuak

Ekitaldi jendetsuetan 583.000 parte-hartzaile zenbatu dira. Sanferminetako Su Artifizialen Nazioarteko XXII. Lehiaketan (Egile-suak) guztira 388.000 pertsona bildu ziren, batez ere Yanguas eta Miranda, Armadaren etorbidea eta Gaztelugibel inguruan. Jaietako lehen egunean suak bertan behera geratu ziren eguraldi txarragatik. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteerei dagokienez, 195.000 pertsona inguru ibili ziren haiekin batera kalerik kale. Irteera horiek familia giroan jende gehien biltzen duten ekitaldietako batzuk dira.

Haurrendako eta familiendako jarduerek 260.542 parte-hartzaile inguru izan dituzte; bereziki nabarmentzekoa da kalejira erako kale antzerkia, arratsaldero 42.800 pertsona bildu baititu gaueko bederatzietatik aurrera Karlos III.aren etorbidearen eta Askatasunaren plazaren arteko elkargunean. Ostegunean, uztailaren 13an, bildu zen jendetzarik handiena, 7.400 lagun bertaratu baitziren. JolastuBirjolastu, Hauek festak hauek eta Sportkids guneetako zifren arabera antzeko kopuruetan mantentzen da, baita zezensuzkoan, haurren entzierroetan edo txotxongilo-emanaldietan ere.

Konstituzio plazako Gazte Eremua

Gazte Eremuaren bosgarren edizioak kokalekua estreinatu du 2023an: Konstituzio plaza, Baluarte ondoan; 10.000 pertsona baino gehiagoren bisita jaso du, aurreko edizioan Foruen plazara joan zirenena bikoiztuz. 12 eta 17 urte bitarteko gazteak ez ezik, familiak ere izan dira eremu horretan uztailaren 7tik 14ra bitartean, 19: 00etatik 22:30era antolatutako berrogei jardueretan.

San Fermin egunean agertu zen jenderik gutxien, 600 lagun inguru, euriaren ondorioz jarduera gehienak bertan behera utzi behar izan baitzituzten. Alabaina, uztailaren 8an, larunbatean, 3.500 gazte eta nerabe izan ziren eremuaz gozatzen, eta 1.300 parte-hartzaile zenbatu ziren igandean (uztailak 9) eta ostegunean (uztailak 13). Kokapen berria egokiagoa da hiriko beste eremu batzuetan baino, festa familiarragoa eta lasaiagoa izateko.

Salaketa gutxiago

Parte-hartzea nabarmen igo arren, segurtasun-indizeak egonkortu dira, eta, Herritarren Segurtasuneko Alorrak jasotako datuen arabera, salaketa- eta delitu-kopurua ere zertxobait murriztu da. Zehazki, aurten % 1,1 jaitsi da sanferminetarako dispositibo berezia osatzen zuten segurtasun-indar edo -kidegoek artatutako salaketa-kopurua; hain zuzen, 2022an 1.969 izan ziren, eta aurten, 1.946. Horietatik % 75, aurreko urteetan bezala, ebasketagatik salatu dira, bereziki mugikorrak lapurtzeagatik, eta horietako asko poliziak berreskuratu dituzte. Egunotan 18 salaketa jarri dira sexu-erasoagatik, guztiak ukituengatik, eta egileen % 70 atxilotu zituzten. Udaltzaingoak egindako erasoengatiko salaketen kasuan, erasotzaileen % 100 atxilotu zituzten.

Udaltzaingoak arau-hauste administratiboengatik jarritako salaketei dagokienez, eremu publikoan pixa egiteagatik jarritako 380 salaketak aipatu behar dira; 2022an, 301 jarri ziren. Drogen kontsumoa prebenitzeko eta kontrolatzeko lanen barruan, substantzia estupefazienteen 300 konfiskazio baino gehiago egin dira, eta dagozkien administrazio-salaketak ezarri.

Entzierroak

Jaien ikurretako bat diren sanferminetako entzierroetan handitu egin da parte-hartzaileen kopurua; guztira 16.730 korrikalarik parte hartu dute zortzi entzierroetan, 2022an baino % 28 gehiagok. Igoera hori bereziki nabarmena izan zen asteburu inguruan, uztailaren 7tik 10era. Hiru izan dira adarkadaz zauritutakoak, aurreko urteetan baino gutxiago. 31 lagun eraman dituzte anbulantzian entzierroaren ibilbidetik, eta beste lau Zezen Plazatik.

Lasterketaren aurreko uneetan egindako inkesten arabera, lasterka egiten dutenen profila jatorri nazionalekoa da batez ere, aurreko urteetan ugari ziren atzerritarren aldean. Azken horien artean, Estatu Batuetatik etorritako pertsonak dira ugarienak, ia % 14. Nabarmentzekoa da, halaber, Australia eta Zeelanda Berriko korrikalarien ehunekoa: % 5,4koa. Adinari erreparatuta, gehienak gazteak dira, 18 eta 35 urte bitartekoak.

30.000 pertsona inguruk entzierroak zuzenean ikusten dituzte egunero. Horien artean, 5.000-8.000 pertsona inguruk 1.500 balkoitatik ikusi dituzte entzierroak egunero, batez ere 900 balkoitik gora dituen Estafeta kaletik. Horiez gain, 3.000 ikusle inguruk hesitik ikusten dute lasterketa, bertaratzen direnen kopurua aldakorra izaten delarik egunaren arabera, eta 20.000 bitarte joaten dira zezen-plazara, entzierroa jarraitzeko lekurik onenetako bat baita.

Eraso sexistarik gabe, Iruña aske

Gazteluko plazan ezarritako eraso sexisten aurkako informazio-gunean 17.881 pertsona artatu dira, 12.670 emakume eta 5.211 gizon, eta informazioa eta aholkularitza eman zaie. San Fermin egunean artatu zuten jende gehien, 3.228 kontsulta izan zituzten (2.314 emakumeenak eta 614 gizonenak); hurrena, larunbatean, uztailaren 8an, 2.531 kontsultarekin (1.786 emakumeenak eta 745 gizonenak).

Intzidentziei dagokienez, 24 jaso dira eta bi aldiz aktibatu da Lagun egiteko Zerbitzua; Horiez gain, mobilizazio bat egin zen astelehenean, hilak 10, Zabalgunean salatutako sexu-erasoa gaitzesteko. Udalak eta Mugimendu Feministak deitutako mobilizazio horrek ehunka pertsona bildu zituen Gazteluko Plazan, "Emakumeen aurkako indarkeriari ez" lelopean.

‘Eraso sexistarik Gabe, Iruña aske’ estrategiaren barruan, Udalak hainbat erakunderekin lan egin du: AENA, AEHN, ANAPEH, Tele Taxi San Fermín elkartea, Iruñeko merkatarien elkartea, CERMIN, Autobus-geltokia, Iruñerriko Mankomunitatea, Turismo Bulegoa, Nazioarteko Prentsa Bulegoa, RENFE, TCC. Lankidetza horren bidez, kanpainako materialak banatu dira eraso-kasuetarako baliabideei buruzko informazioarekin, esaterako kartelak, gidak eta txartelak, ez bakarrik Gazteluko Plazako gunean, baita tren-geltokian, autobusetan eta aireportuan, eta taberna, hotel, denda edo taxietan ere.

Jaietako sare ofizialek % 22 erabiltzaile bakar gehiago lortu dituzte @sanferminakiruñean traolan

Instagrameko, Facebookeko eta Twitterreko @sanferminakiruñean profilak 1.838.575 kontutara iritsi dira uztaileko lehen hamabostaldian. Datu horiei beste udal-kontu batzuek (kulturakoak, turismokoak, gazteriakoak edo Iruñeko Udalaren kontu instituzionalek) sareen bidez jaietako unerik garrantzitsuenak transmitituz lortu dituzten inpaktuak gehitu behar zaizkie. Datu horien arabera, @sanferminakiruñean profilen eraginak 300.000 erabiltzaile bakarretik gorako igoera izan du, batez ere kontuek Instagramen lortu duten bultzadari esker.

Sare sozialen estrategian, Iruñeko Udalak lehen aldiz egin du jaietako funtsezko ‘uneak’ 2023ko sanferminetan bideo laburren bidez transmititzeko apustua. Guztira, @sanferminakiruñean profilak ehun bat jai-ekitalditan egon dira, besteak beste, Txupinazoan, entzierroetan, Gaixoa ni ekitaldian, kontzertu nagusietan edo jai-esparru bakoitzeko jarduera nabarmenenetan. Instagramen bakarrik, bideo labur hauek bi milioi hirurehun mila erreprodukzio baino gehiago batu dituzte, biral bihurtu diren argitalpenekin, adibidez, Udaletxe plazatik Txupinazoaren eztandaren ondoren gaita jotzaileak eta txistulariak nola irteten diren erakusten duena, 229.000 erreprodukzio baino gehiago izan baititu Instagramen, edo hurrenez hurren 180.000 eta 104.000 bistaratze izan dituzten beste bi ekitaldirenak.

% 15,5 eragiketa gehiago eremu laranjan

Uztailaren 5etik 14ra 286.412 eragiketa egin dira eremu laranjan, hau da, 2022ko sanferminekin alderatuta % 15,5eko igoera izan da. Eragiketa gehien egin ziren egunak uztailaren 6a eta 5a izan ziren, 51.428 eta 41.063 esku-hartzerekin, hurrenez hurren. Eragiketen ia % 60 app bidez egin ziren. Jaietan 4.577 salaketa jarri dira aparkaldi irregularragatik. Garabiak 411 ibilgailu erretiratu behar izan ditu.

Jaietan 39 trafiko-istripu gertatu dira, horietako hiru harrapaketak, eta, ondorioz, lau pertsona arin zauritu dira eta pertsona bat larri. Udaltzaingoak 6.570 etilometria proba baino gehiago egin ditu (2022an baino % 81 gehiago). Horietatik 57, hau da, guztizkoen % 1 positiboak izan dira eta administrazio-salaketak jaso dituzte eta 10 salaketa epaitegietara bideratu dira. Drogak atzemateko probei dagokienez, 8 egin ziren, horietatik 2 positiboak izan ziren, eta administrazio-salaketak jaso zituzten.

Bestalde, Objektu Galduen Bulegoan 2.754 objektu jaso ziren. Horietatik 325 jabeei eman zaizkie dagoeneko, beste 1.158 kasutan jabea aurkitu da eta 1.271 kasutan ez da jabea nor den ezagutzen. Batez ere, galdutako dokumentazioa, esku-poltsak, bizkar-zorroak eta diru-zorroak, telefono mugikorrak eta gailu elektronikoak jaso dira.

Beira gutxiago eta zabor gehiago bildu da zorua ekortzean

Azken gaueko daturik ezean –izan ere, ostiraletik larunbatera bitartean biltzen dira–, 2022ko sanferminetakoak baino handiagoak izatea espero da, eta ditugun datuen arabera 1.157.280 kilo hondakin bildu dira. Aurreko urtean bildutako 1.180.240 kiloak baino % 1,95 gutxiago dira.

Jaitsiera horren arrazoia, batez ere, beira da, ia % 8 murriztu baita: 2022an bildutako 570.960 kilotik 525.440ra. Era berean, % 1,26 murriztu da paperontzietan, edukiontzietan eta gainerakoetan botatako zaborra: 334.940 kilo 2022an eta 330.720 kilo 2023an. Aitzitik, nabarmen handitu da ekortutako zaborra, hau da, bide publikoko hondakinen eta ostalaritzan bildutako zatiaren batura. 301.000 kilotik gora izan dira, 2022ko 274.340en aldean.

Eremu publikoan pixa egitea saihesteko udal-kanpaina egin den arren, lantzen jarraitu beharreko alderdietako bat da, dela bide publikoko instalazioak indartuz, dela kontzientziazio zibikoaren bidez, usaina kentzeko produktuak eta usainaren agertzea galarazten duten beste produktu batzuk erabiltzeak lan-karga handia baitakar.

Entzierroko ibilbidea garbitzeko, Udaltzaingoaren eta Foruzaingoaren ekimen bat baliatu da; izan ere, garbiketa-makinei ingurua ziurtatuz lagundu beharrean, lan-korridore zabalak sortu dituzte, eta, horren ondorioz, segurtasun handiagoa lortu dute langile eta publikoarendako, lan-errendimendua handitu da, eta askoz ere giza baliabide eta baliabide mekaniko gehiago eta lehenago libratzea lortu dute Alde Zaharrean eta jai-eremuan jarduteko.

Udalaren garbiketa-zerbitzua indartu egin zen sanferminetan, eta urtean zehar kontratatu ohi diren 110 pertsonetatik 294 pertsonetara emendatu ziren jaietarako dispositibo bereziko langileak. Horiez gain, 70 ibilgailu edo makina erabili dira garbiketa-lanak egiteko.

420 kilo janari eta edari konfiskatuta

Jaietan, Iruñeko Udalak elikagaien inguruko 160 ikuskapen egin ditu, 2022ko sanferminetan baino % 19 gehiago. 125 gutxitasun antzeman dira guztira, gehienak instalazio eta ekipoetan, elikagaien higieneari buruzko prestakuntzarik ezari lotuak edo garbiketan. Hainbat jardueratan, 120 kilo elikagai konfiskatu dira etiketarik eta/edo trazabilitaterik ez izateagatik edo hotz-katea hausteagatik, eta beste 300 kilo elikagai eta edari ere konfiskatu dira, ikuskapena egitean jatorria egiaztatzen duen dokumentazioa ez edukitzeagatik.

Zaratari dagokionez, 290 kontrol baino gehiago egin dira egunero, 2.300 baino gehiago jai guztiak hartuta. Igorpen irregularren 647 kasu detektatu dira (% 27,7), horietatik 548 musika altuko igorpenak eta 99 musika oso altuko igorpenak. San Nikolas, Estafetako goiko aldea, Olite kaleko terrazak eta Gazteluko plaza izan dira sanfermin hauetan zarata handieneko guneak.

¿Te ha sido útil esta página?