Baionaren eta hiri senidetuen eguna ospatuko du Iruñeak, frantziar hiriaren ordezkariei ongietorri-ekitaldia eginez

Baionaren eta hiri senidetuen eguna ospatuko du Iruñeak, frantziar hiriaren ordezkariei ongietorri-ekitaldia eginez
Iruñeko eta Baionako udalek, Hondarribikoarekin batera, Creacity proiektuan ari dira elkarlanean, hiru hirietako gotorleku-ondarearen balioa nabarmentzea xede

Sanferminetako festen laugarren eguna, Baionari eta hiri senidetuei eskainia. Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Udalbatzako zenbait kidek parte hartu dute gaur eguerdian Baionako Udaleko ordezkaritzari egindako ongietorri-ekitaldian, sanferminetara etorri baitira elkarrekin gaurko festa eguna ospatzeko. Ekitaldia Udaletxeko harrera-aretoan izan da.

Baionako udalaren ordezkaritzak Yves Ugalde izan du buru, hango Senidetzeetako zinegotzia. Baionako zinegotziak hitz batzuk esan dizkie bertaratuei, eta horien bidez bi hiriak lotzen dituzten harremanak nabarmendu dituzte. Halaber, eskertu dituzte aspalditik kultura, turismo zein hezkuntza alorretan duten elkarlana, eta, baita ere, festetako ohiko harremana, Baionako ordezkariak izaten baitira Iruñean, eta Iruñeko Udalekoak, uztailaren amaieran, Baionan.

Ekitaldia amaitzeko, Lau Urrats taldeak emanaldia eskaini du, eta horretan "Hiri bi ona" dantza egin dute, Iruña - Baiona jumelage elkarteak sortua. Dantza horrek bi hiria irudikatu nahi ditu, bai eta elkarrekin lan egiteko duten gogo eta nahia. Elkarteko kideek ere hartu dute parte Baiona hiri senidetuari egindako ongietorri-ekitaldi honetan. Ondoren, senidetze-bazkari bat izanen da, eta bertan parte hartuko dute Iruñeko eta Baionako Udalbatzak, Javier Erice alkate ohiak eta Baionako kontsul Julio Albi de la Cuestak.

Iruña lau hirirekin dago senidetuta: Baiona (Frantzia), 1960. urtetik; Yamaguchi (Japonia), 1980. urtetik; Paderborn (Alemania), 1992. urtetik; eta Pamplona (Kolonbia), 2001etik. Senidetze horiek adiskidetasun eta elkarlan harremanak ekartzen dituzte herri horien artean, eta herritarren arteko harremanetarako bide ere izan nahi dute, esate baterako ikasleen arteko trukeetarako, bisita ofizialak egiteko, kultur topaketetarako eta merkatuak sustatzeko.

¿Te ha sido útil esta página?