Udalak programa bat antolatu du Sexu Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren karietara: hitzaldiak, musika, bertsolariak eta zinema-emanaldi bat

Udalak programa bat antolatu du Sexu Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren karietara: hitzaldiak, musika, bertsolariak eta zinema-emanaldi bat
Udalaren programa ekainaren 19an hasiko da, eta barne hartzen du ekitaldi instituzional bat, hilaren 28an, 12:00etan, Udaletxe plazan

Iruñeko Udalak ekitaldi programa bat antolatu du ekainaren 28an ospatzen den Sexu Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren karietara, eta hilaren 19an hasiko dira jarduerak. Hitzaldiak, musika, bertso-saio bat, zinema-emanaldi bat eta hilaren 28an Udaletxe plazan 12:00etan egitekoa den ekitaldi instituzionala. Horra Udalaren proposamenak eskainiko duena. Xehetasun guztiak gaurko prentsaurrekoan eman dituzte Berdintasun eta LGTBIko zinegotzi ordezkari Laura Berrok, berdintasuneko teknikari Vanesa Eguíluzek eta E28J plataformako kide Jorge Buldianek. Jarduera guztien sarrera librea da.

Lehenengo jarduera hitzaldi bat izango da, eta gainerako hitzaldiak bezala Calderería aretoan izango da, 19:00etan (Calderería k., 11). Demetrio Gómezek emango du hitzaldia ekainaren 19an, asteartearekin, 19:00etan, eta Intersekzionalitatea eta LGTBI aktibismoa izango ditu hizpide. Hurrengo egunean, LGTBI bertso-saioa egingo da, Irati Majuelo, Saioa Alkaiza, Amaia Agirre, Maider Arregi eta Ainhoa Aranbururekin. 19:30ean izango da, Erraldoien txokoan (Descalzos kalea, 72).

Jarduerak ekainaren 30era bitarte

Programarekin jarraituta, ekainaren 22an, ostiralarekin, EnFemme dokumentala proiektatuko da Iturramako Civivoxean, 19:00etan, eta ondoren solasaldia egingo da Alba Barbé zuzendariarekin. Ekainaren 23an, larunbatarekin, musika izango da nagusi: Chocolate Remix taldeak kontzertua emango du, eta DJ saio bat egongo da, San Jose plazan, 18:00etatik aurrera. Hilaren 25ean, astelehenarekin, Daniel Ahmed Queer erresistentzia musulmanak: homonazionalismoari erronka izenburuko hitzaldia emango du, eta asteazkenean, hilak 27, Dauderren eskutik etorriko da hirugarren hitzaldia, Sexu/genero dualismoen indarkeriak eta horien erresistentziak.

Ekainaren 28an bertan, bi deialdi programatu dira. Iruñeko Udalaren ekitaldi instituzionala Udaletxe plazan izango da 12:00etan, eta E28J plataformaren manifestazioa 20:00etan abiatuko da autobus geltoki zaharretik.

Programazioaren azken txanpan, Harrotu zentroaren urteurrena ospatuko da ekainaren 29an, ostiralarekin, eta azkenik, ekainaren 30ean, 10:30ean, Iturramako Civivoxean, lantegi bat egingo da, nor bere burua ezagutzeko bidaia egiteko proposamen bat, Behatu, ezagutu, zaindu izenburupean. Izen-ematea lgtbi@pamplona.es helbidean edo 948226326 telefonoan egin daiteke.

¿Te ha sido útil esta página?