Iruñeko Udalak berriro editatu du gazteei elkarteak eratzen eta kudeatzen laguntzeko gida bat. Tresna praktikoa da izapideak bizkorrago eta errazago egiteko, eta xede du gazte-elkarteen sorrera eta garapena sustatzea. 2018ko maiatzean, elkarteen udal-erregistroan dauden 668 entitateetatik 88 gazte-elkarteak dira, eta horretaz gain, beste elkarte askok badute gazteen sekzioa, edo sektore horri zuzendutako jarduerak egiten dituzte.
Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Esther Cremaesek prentsaurrekoan aurkeztu du gaur gida berria, zeinaren 300 ale argitaratu baitira, ele bitan. Gainera, eskuragarri dago doan deskargatzeko www.pamplona.es eta www.pamplonajoven.es webguneetan. Gidaren zuzendaria Ana Belén Albero Díaz izan da, zuzenbidean lizentziaduna, irabazi-asmorik gabeko elkarteen zuzendaritza-kudeaketako masterduna eta Gaztediaren Etxeko aholkularitza espezializatutako arduraduna; eta zinegotziarekin batera agertu da prentsaurrekoan. Gidaren diseinua eta maketazioa Arturo Barcenillak egin ditu, aditua maketazioan eta liburu elektronikoen sorkuntzan. Gidaren aurreko edizioak 10.400 deskargatik gora izan ditu.
Gidaren lehenengo argitaraldia 2014koa da, eta gida honen bidez erantzun nahi zaio, hain zuzen, Gaztediaren Etxeak 14 eta 30 urte arteko gazteengan antzemandako aholku-eskaerari. Gidak sei kapitulutan jorratzen ditu honako gai hauek, oro har: kontzeptua, egitura, funtzionamendu-sistema, eraketa- eta kudeaketa-forma (aurrekontuak, zerga-betebeharrak, aseguruak, etab.), desegitea eta elkarteei eragiten dieten arauak. Atal horiez gain, hainbat eranskin ere badaude, ereduzko 19 agiri, sareko formularioak, esteka interesgarriak, eta diru-laguntzen berri eduki eta horiek eskatzeko zenbait jarraibide.
Erantzunak funtsezko galderei
Gaztediaren Etxeak 2014tik eskaintzen du elkartegintzarako aholkularitza-zerbitzua, eta bertan parte hartzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren abokatutzarako sarrerako Masterraren barruan praktikak egiten dituzten ikasleek. Zerbitzu horretan behar duten laguntza ematen zaie gazte, gazte-entitate eta elkartegintzan interesa dutenei elkarteen sorrera, funtzionamendu eta garapenarekin lotutako gaiei dagokienez: kontabilitate-kudeaketa, zerga-kudeaketa, giza baliabideak, boluntariotza, proiektuak egin eta diru-laguntzak eskatzea, etab. Aldi berean, eskura jartzen zaizkie gai horiek jorratzeko prestakuntza- eta ezagutza-tresnak, eta, oro har, laguntza eskaintzen zaie gazteen asoziazionismorekin loturiko edozein alderdiri buruz agiri-ereduak eta entitateen eguneroko lana kudeatzeko tresnak emanda.
Aholkularitza juridikoa aurrez aurre, telefonoz edo helbide elektroniko honen bidez egiten da: asociacionismo@casajuventud.com. Horretaz gain, gazte-elkartegintzarako aholkularitzak gune propioa du Iruña gaztearen webgunean; bertan kontsulta daitezke entitateek gehien eskatu dituzten gaien inguruko zenbait artikulu interesgarri, eta entitateek kontsultak egiteko formulario bat ere badago. 2017an, guztira, 255 kontsultari erantzuna eman zitzaien. Galdera gehien jaso ziren giza baliabideei eta boluntario aritzeari buruz (guztira 65, % 26), eta gero, bestelako gai hauei buruz: kontabilitateari eta zerga-araubideari buruz, 52 kontsulta (% 20); diru-laguntzak eskatzeko proiektuak egiteari eta diru-laguntzak justifikatzeari buruz, 49 (% 19); estatutuak aldatzeko egin beharreko tramiteei buruz, 42 (% 16); elkarteak eratzeko tramiteei buruz, 35 (% 14); eta beste motako 12 kontsulta (% 5).