Hurrengo astelehenean, maiatzaren 28an, Animaliak Hartzeko Zentroak egiten duen amorruaren kontrako txertoa jarri eta txakurrak identifikatzeko urteroko kanpaina hasiko da, eta ekainaren 2an amaituko. Udalak zerbitzu hau eskaintzen du Iruñean erroldatuta dauden pertsonei begira. Kanpainaz arduratuko diren albaitariek honako ordutegi hau izango dute arta emateko: astelehenetik ostiralera, 12:00etatik 14:00etara, eta larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara. Argibide gehiago nahi izanez gero, 948420996 telefonora edo 010 Herritarrendako Arreta Telefonora deitu behar da (948 420100 telefonora, mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero). Legeak nahitaezkotzat jotzen ditu bai txertoa jartzea bai identifikazioa.
Animaliak Hartzeko Zentroa Unibertsitateko errepidean dago, Nafarroa etorbideko zubiaren ondoan. Nafarroako Unibertsitateko errepidetik sar daiteke, Zaragozako etorbidetik etorriz gero, zubira iritsi aurretik, hain justu. Ezkirotz kaletik ere heldu daiteke. Txertoa jarri eta mikrotxip bidez identifikatzeagatik 41 euro ordaindu behar dira; zakurrak identifikatuta badaude eta txertoa soilik jarri behar bazaie, 21 euro; eta bakarrik identifikatzeko mikrotxipa jarri behar bazaie, 31 euro. Tasa horiek zentroan bertan ordaintzen dira, eskudirutan edo banku-txartelaz.