Maximiliano, Ipuin kontalaria antzezlana estreinatuko da bihar, larunbatarekin, Nafarroako Antzerki Eskolan. 2017an Iruñeko Udalak eta NAEk antolatzen duten Haurrendako Euskarazko Antzerki Testuen lehiaketa exaequo irabazi zuen lanetako bat da. Emanaldia 18:30ean hasiko da, eta sarrerak 6 euroan eros daitezke jada NAEren webgunean (www.laescueladeteatro.com) eta Nafarroako Antzerki Eskolako leihatilan bertan, ikuskizuna hasi eta ordu eta erdi lehenagotik.
Maximiliano, Ipuin kontalaria Xabier Artiedak idatzi eta zuzendu du, eta Nafarroako Antzerki Eskolak ekoiztu. Argumentuak ipuinen ahalmen eraldatzailea du ardatz. Aitor, Oihane, Amets eta Nagore dira protagonistak, arratsaldero, ikastola amaitu eta gero, elkarrekin jolasean aritzeko biltzen den haur taldea. Baina egun horretan, Nagore opari berri batekin etorriko da: futbol pilota bat. Guztiak zein trebeak diren erakusteko irrikaz egongo dira, poz-pozik. Batez ere Aitor, zeinak baloiari kristoren ostikoa eman eta urrutira bidalita, tokiko haurren esanetan misteriotsua eta arriskutsua omen den agurearen leihoetako bat puskatuko baitu. Lagun-taldeak barrura sartu beharko du baloia berreskuratzeko, eta baloiaz gain beste hainbat sorpresa aurkituko ditu bertan.
Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek, testuaren egile eta antzezlanaren zuzendari Xabier Artiedak, ekoizpenaren koordinatzaile eta Nafarroako Antzerki Eskolako irakasle Maite Sagüések, eta antzezlaneko aktore Jaione Urtasunek estreinaldiaren berri eman dute gaur goizean. Gainera, eskola-kanpaina bat abiatuko da, antzezlanaren ekoizpenari eta estreinaldiari jarraipena emateko, apirilaren 23, 24 eta 25ean -hots, datorren astean-, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak elkarrekin antolatuta. Kanpaina horren barruan gehienez ere sei emanaldi eskainiko dira. Parte hartu nahi duten ikastetxeak garaiz dabiltza oraindik izena emateko, Nafarroako Antzerki Eskolan bertan eta 948 229 239 telefonoan.