Apirilaren 28tik aurrera Kondestablearen jauregiak doako zinema-saioak eskainiko ditu larunbatetan, 19:30ean. Emanaldiei hasiera emateko, Ingmar Bergman zuzendari suediarraren filmografiari buruzko ziklo bat egingo da, haren jaiotzaren urteurrenaren harira. Ekimen hau Iruñeko Udalaren eta Bilbao Arte Fundazioaren arteko lankidetzaren ondorioz sortu da; izan ere, hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, zinema-zikloak elkarrekin programatzeko.
Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta Bilbao Arte Fundazioko zuzendari Juan Zapaterrek gaur goizean izenpetu dute lankidetza-hitzarmena, non jasotzen baita zenbait zinema-ziklo elkarrekin antolatuko dituztela 2018an. Ziklo bakoitzak 25 izenburu izan beharko ditu, gutxienez, eta Iruñeko Kondestablearen jauregian eta Bilboko Bilbao Arte fundazioko Art House Zinema aretoan proiektatuko dira. Bilbao Arte Fundazioa ekoizpen artistikoko zentro bat da, Bilboko Udaleko Kultura Sailaren menpe dago, eta erakusketak, hitzaldiak eta zinema-emanaldiak antolatzea du xede, besteak beste.
Hori horrela, Kondestablearen jauregiko ekitaldi-aretoa hiriko erdigunean kokaturiko zinema-areto bihurtuko da, 140 lagunendako lekua izango du eta bertan programatuko dira zinema-ziklo eta -saioak. Ohiko programazio hori Bergmani buruzko ziklo batekin hasiko da, Bilbao Arterekin adostutako elkarlanaren barruan txertatukoa, eta udaberri eta udazkenean garatuko da. Udan eta neguan beste zenbait ziklo egingo dira. Ekimen honen bitartez herritarren eskaerari erantzuten zaio, halako eskaera bat ezen filmak proiektatzeko toki bat aldarrikatzen baitzuen Iruñeko erdigunean, azken urteotan Zabalguneko zinema-areto guztiak itxi ostean.