Billy Boom Band taldearen kontzertua; horra larunbaterako proposamena, adin guztietarako, rockaz familiartean gozatzeko Iturramako Civivoxean

Billy Boom Band taldearen kontzertua; horra larunbaterako proposamena, adin guztietarako, rockaz familiartean gozatzeko Iturramako Civivoxean
Emanaldia 12:00etan izango da, eta sarrerak 3 euroan daude salgai, Civivoxean bertan, eta www.pamplona.es zein www.pamplonaescultura.es webguneetan.

Billy Boom Band taldeak familiartean gozatzeko rock-kontzertua eskainiko du larunbat goizean, Iruñeko Udalak Civivox sarearen bitartez antolatzen duen Eszenatokiak zikloaren programazioaren barruan. Familiei zuzendutako ikuskizuna da, eta taldeak bere bigarren diskoa aurkeztuko du: Sueña despierto. Kontzertua 12:00etan hasiko da, Iturramako Civivoxean, eta sarrerak 3 euroan eros daitezke, Civivoxean bertan eta www.pamplona.es zein www.pamplonaescultura.es webguneetan.

Sueño despierto 2017an argitaratu zen, Sony Music disko-etxearekin, eta orijinaltasunaren eta abestien botereari esker halako ideia itzelek izan ohi duten indarrez eta energiaz sartu da adin guztiei zuzendutako musika panoraman. Billy Boom Band haurrendako eta helduendako musika bereizten dituen lerroa gurutzatzeko prest dago, eta hesiak eta etiketak hautsi eta planteamendu sinplistak gainditu nahi ditu, asmo osoz gainditu ere. Hortik dator lelo bihurtu duen #elrocksiescosadeniños. Hori horrela, taldeak musika eta kontzertuak baliatzen ditu irudimenaren boterea askatzeko, ametsak egi bihurtzen dituen mundu bat sortzeko.

Billy Boom Band taldearen liderra Billy Boom da, La Sonrisa de Julia taldeko abeslari eta gitarra-jotzaile Marcos Cao artistaren alter egoa. Zuzeneko ikuskizunetan beste lau musikarik osatzen dute taldea: Raul Delgado, baterian; Raúl Gómez eta Juan Díaz, gitarran; eta Mario de Inocencio, baxuan. 2015az geroztik, Billy Boom Band taldea estatuan barna aritu da bere bi diskoak aurkezten, eta ehunka kontzertu eta goiz-saio eskaini ditu areto, antzoki, jaialdi, plaza, eskola-kanpaina eta beste ekimen ugaritan. Kontzertuetan, rock talde batek berezko dituen indarra eta sendotasuna helarazten dizkie entzuleei, hots, intentsitatea, dibertsioa eta emozioa. Baina, batez ere, belaunaldien arteko esperientzia bat sortu nahi dute, halakoa non familiako kide guzti-guztiek rock kontzertu batean gozatzeko aukera baitute.

¿Te ha sido útil esta página?