Memoria del Ayuntamiento de Pamplona 2019

MUGIKORTASUNA

IRUÑEKO MUGIKORTASUN-ESTRATEGIA 2020-2023

Aurrekontua: 8.150, € (BEZa barne). Duela bi hamarkadatik hona, Udalak ahalegin handia egin du mugikortasuna aztertzeko eta planifikatzeko, eta erreferentziazko azken mugarria 2019an onetsitako Mugikortasunaren Udal Ordenantza izan da. Araudiak portaera-arau batzuk ezartzen ditu ibilgailuen eta oinezkoen zirkulaziorako, eta espazio publikoaren eraldaketari beste ikuspegi bat ematen dio. Mugikortasun-ereduaren aldaketa sakonerako proposamenek eta planek, zeinak 2005eko Mugikortasun Jasangarriaren Tokiko Itunaren barruan baitaude, lehentasunezko betearazpena eta jarduera-estrategia eskatzen dute, eta foru, estatu eta nazioarte mailako erronka eta konpromisoei erantzuten diete (bertzeak bertze 2009an sinatutako eta 2020an berritutako Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Alkateen Ituna edo Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legea betetzea).

Iruñeko 2020-2023 Mugikortasun Estrategiaren helburua da kalitatezko espazio publikoa duen eta «zero» ikuspegia duen hiria lortzea (zero harrapaketa eta zero berotegi-efektuko gas-isurketa), bai eta guztientzat irisgarria izatea eta ingurumen-kalitateko baldintza onenak eskaintzea ere, ekitate soziala sustatuz lekualdatzeko moduetan. Idatzitako agiria Udalean eztabaidatzeko euskarria da, eta estrategia zedarrituko duen esparrua eta esku-hartze nagusiko irizpideak ezartzen ditu, mugikortasunaren arloko alderdi garrantzitsu bakoitzean, baita egungo ereduaren gaineko diagnostiko labur bat ere. Halaber, testuak ekintzen eta koordinazio-beharren sekuentziaren kronograma bat ezartzen du. Estrategia horrek, gainera, Iruñeko 2030erako Plan Estrategikoan ezarritako lehentasun nagusiari erantzuten dio: Iruñea berdea, ekologikoa eta klimarekin konprometitua lortzea. Ildo horretatik, hain justu, «Iruña mugikortasun osasungarri, jasangarri, inklusibo eta irisgarriaren alde» da lehendabiziko ekintza-ildoa.

MUGIKORTASUNARI BURUZKO UDAL-ORDENANTZA BERRIA, IRUÑA 30 HIRIA

Otsailaren 1ean onetsi zen behin betiko Iruñeko Mugikortasunari buruzko Udal Ordenantza berria, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Abuztuaren 2an jarri zen indarrean, artikuluetan jasotzen ziren sei hilabeteko luzamendua amaitu ondoren.

Berritasun nagusiak abiadurari, zebra-bideen aldaketari eta bizikleten zirkulazioari buruzko aurreikuspenei daude loturik. Erregulazioak gehienez 30 km/h-ra mugatzen du ibilgailuen abiadura noranzko bakoitzeko errei bakarra duten errepideetan eta errei bat baino gehiago edukita eremu bereziki sentikorrak, hala nola ikastetxe inguruak, zeharkatzen dituztenetan. Bizitegi-kaleetan abiadura-muga 10 km/h da. Gainera, gidarien eta oinezkoen arteko ikusmen-oztopoak libre utzi behar dira zebra-bideen aurreko 5 metroetan; hau da, aparkatutako ibilgailuak, hondakinen edukiontziak eta garraio publikoko geralekuak. Azkenik, bizikletek ezin dute espaloietan zirkulatu, 14 urtetik beherakoak eta haiei laguntzen dietenak izan ezik. Oro har, oinezkoen kaleetan eta parkeetan zirkula dezakete, 10 km/h-ko abiadura mugatuarekin eta oinezkoekiko 1,5 m-ko distantzia errespetatuz.

«IRUÑA 30 HIRIA» KOMUNIKAZIO-KANPAINAK

Aurrekontua: 62.552,24 € (BEZa barne). Bi komunikazio-kanpaina egin dira ordenantza berriarekin loturik (apirilean eta irailean, 2020ko Europako Mugikortasun Astearekin bat etorriz, hain justu). «Iruña 30 Hiria» kanpainak webgune espezifiko bat, zenbait bideo webgunerako eta sare sozialetan zabaltzeko, kartelak mupietarako, markesinetarako, hiri-autobusetarako eta liburuxkak. Horretaz gainera, Elkarkide enpresaren bidez diptikoak banatu dira etxez etxe, hiriko hainbat eraikinetan. Azkenik, dibulgazio-lan bat egin da teknikarien hitzaldien bitartez, eta, orobat, agerraldiak egin dira komunikabideen aurretan eta kalean paratutako etxola batean kontsultei erantzunez.

OINEZKOEN PASABIDEEN AUDITORIA

Aurrekontua: 5.000 € (BEZa barne). Mugikortasunari buruzko Udal Ordenantza berria indarrean jartzearekin batera, beharrezkoa da hiriko oinezkoen pasabideak ikuskatzea, eta, horri esker, pasabideen geoerreferentziazioa eta karakterizazio osoa egin ahal izan dira. Ordenantzak jasotzen du debekatuta dagoela, oro har, oinezkoen pasabideen aurreko 5 metroetan gelditzea edo aparkatzea, martxaren noranzkoan, gidarien eta oinezkoen arteko ikuspena bermatzeko eta, hartara, bidea gurutzatzea seguruagoa izan dadin.

Auzoka sailkatuta, oinezkoentzako 2.609 pasabide zenbatu dira, eta horietatik 1.566k ez dute araua betetzen. Diagnostikoa da 2.107 esku-hartze egin behar direla (pasabide askotan oztopoak daude errepidearen alde banatan). Orain, zenbait aldagai kontuan hartuta esku har daiteke (adibidez, errepidea gurutzatzeko zenbat urrats eman behar diren), zaharren edo haurren ezaugarriak edo auzo bakoitzeko istripu-tasaren ondoriozko arriskugarritasuna kontuan hartuta. Ez-betetze gehien lineako aparkalekuek eragin dituzte (1.049 kasutan), eta, gero, baterian aparkatzeak (729 kasutan).

OINEZKOEN PASABIDEAK EGOKITZEKO PLANA

Aurrekontua: 2.662 € (BEZa barne). 2019ko azken hiruhilekoan eta Mugikortasunari buruzko Udal Ordenantzak indarra hartu eta gero, premiaz jardun da Herritarren Segurtasuneko Alorraren seinaleztapen-kontratu bidez, Iturramako eta Arrotxapeko zebra-bideetan. Esku-hartzeetan, libre utzi dituzte autoak aparkatzeko erabiltzen ziren galtzadako guneak eta bizikletak edo motoak aparkatzeko euskarriak paratu dituzte.

Mugikortasun Zerbitzuak oinezkoentzako pasabideak egokitzeko plana egin du. Plan horren lehendabiziko urratsa esku hartzeko ereduak diseinatzea da, lau ardatzekin: oinezkoen lehentasuna, trafikoa baretzea, balizarik ez egitea eta hezigarriak izatea. Bi proposamen egin dira: batetik, «Berdegune gehiago gure hirirako», espazioak aprobetxatzea parterreak jartzeko eta landaredia landatzeko, hiriko estetika- eta ingurumen-kalitatea hobetuz, eta, bigarrenik, «oinezkoentzako espazio gehiago», oinezkoentzako azalera areagotzeko, oinezkoentzako pasabidean bertan libre utzitako espazioa barne, hura zabalduz eta jarraitutasuna emanez (espaloiaren jarraipena balitz bezala). Gainera, erreia pixkanaka estutzea proposatzen da, pasabidearen aurreko 5 metro horietan, ibilgailuak abiadura murriztera behartzeko. Soluzioek kontuan hartu dituzte, halaber, desgaitasun fisikoa eta ikusmenekoa dutenen beharrak.

ESKU-HARTZEAK ITURRAMAKO ETA ZABALGUNEKO ZEBRA-BIDEETAN

Aurrekontua: 45.284,60 € (BEZa barne). Esku-hartzeen helburua da ibilgailuen bideetako hainbat elkargunetan trafikoa baretzeko neurriak ezartzea. Esku-hartzeok eskatzen dute ibilgailu motordunentzako erreiak estutzea eta ibilgailuen biraketa-erradioak murriztea ibilgailuen bidegurutzeetan, trafikoaren abiadura eta bolumena gutxitzeko. Zebrabideetan galtzadaren zati bat oinezkoentzako espaziora gehitzeak ikuseremua hobetzen du, bai eta oinezkoak gurutzatzeko denbora murriztu ere. Era berean, aurreko 5 metroetan aparkalekua kendu da. Esku-hartze horiek Iturraman eta II. Zabalgunean aztertu dituzte, eta soluzio horiek hiri osora eraman daitezke. Esku-hartze gehienak eskola-inguruneetan egiten dira, eremu sentikorrak baitira.

Iturraman, honako inguru hauetan egin dira: Andrés Muñoz Hezkuntza Bereziko Ikastetxe Publikoa, Amaiur Ikastola, Claret Larraona Ikastetxea, Basoko BHI, Iturrama BHI eta Iturrama Ikastetxe Publikoa. Bigarren Zabalgunean, berriz, Monjardin mendiaren kalean eta ondoko kaleetako zenbait bidegurutzetan. Kasu honetan esku-hartzeak honako ikastetxe hauek ukitu ditu: San Ignacio Ikastetxea, Ninia Etxea Haur Eskola, The British School of Nafarroa, Kid´s Garden Monjardín Haur Eskola, Liceo Monjardín Ikastetxea eta Iruñeko Sagrado Corazón Ikastetxea.

Bi alde horietan, zirkulazioa baretzeko estrategiekin batera, obra zibilak egin dituzte kasu batzuetan, eta hirigintza taktikoko esku-hartzeak bertze zenbaitetan (oztopo-zutoiank ipintzea eta berariazko seinaleztapen horizontala). Bigarren Zabalgunean, oinezkoen erabilerarako diren galtzada-eremuak horizontalki seinaleztatzen dituzte esku-hartzean parte hartzen duten ikastetxeek, azalera horien pintaketa diseinatuz eta gauzatuz.

BIDEGORRIEN PLANA. II. FASEA

Aurrekontua: 13.007,50 € (BEZa barne). Amaitu da Iruñeko 2017-2022 Bidegorrien Plana idazteko fasea: lehendabizikoa, lehendik dagoen sarea aztertu eta diagnostikatzekoa, eta 2018an amaitutako bizikleta-sare berriaren oinarrizko proposamena; eta bigarrena, berriz, sare berri horren ezaugarriak teknikoki zehaztea, bai eta hura ezartzeko plangintza eta programazioa ere. Planak bidegorri-sare bat zehazten du hirirako, eta baldintzak ezartzen ditu bidegorri bereizirik gabeko aldeak bizikletendako ere izan daitezen, galtzada ibilgailu motordunekin partekatuz.

Bertze proposamen batzuen artean, Iruñeko kaleetarako sare zehatz bat proposatzen da, malgutasun-irizpideekin; bizikleta-azpiegiturako sare bat (metropoli-konexioko 11 errei, hurbiltasun-erreiak hiriko 13 gunetan, eta estaldura-bideak, zeinetan ez baita aurreikusten bizikleta-azpiegitura propiorik, baizik eta hura eraldatzea, kalearen diseinuak berak galtzadako trafiko partekatua erraztu dezan). Zedarritu den sarearen parte bat dagoeneko badiren azpiegitura-tarteetan barna doa, baina gehienetan hobekuntza-lanak proposatu dituzte. Plan horren barruan sartzen dira, halaber, diseinu-eskuliburu bat, bidegorriak irizpide teknikoekin eta diseinu-tipologiekin seinaleztatzeko eta orientatzeko.

LABRITEKO ARDATZ JASANGARRIRAKO ALTERNATIBEN AZTERLANA ETA AURREPROIEKTUA

Aurrekontu: 31.609,01 € (BEZa barne). Labriteko Ardatz Jasangarriaren proiektuaren xedea ibilbide luze bat birmoldatzea da, Magdalena kaletik Lizarra kaleraino, Yanguas y Miranda kalearekin bat egiten duen tokian, Vergel eta Joan Labritekoaren kalean barna Zabalguneko eta Alde Zaharreko sestrara igo eta gero.

Proiektuak gizartearen parte handi baten babesa dauka, eta haren eskarietako bat da Labriteko aldapan ibilgailu motordunen zirkulaziotik bereizitako bizikletatarako azpiegitura bat txertatzea, Txantrea auzotik Iruñeko mesetara bizikletaz doazenen ibilbidea bermatzeko, baldintza hauekin bat: oinezkoen mugikortasuna hobetzea eta garraio publikoaren pasabidea bermatzea. 2018ko bukaeran lizitatu zen lehen azterlan teknikoa, eta 2019ko otsailean aurkeztu da. Azterlanak honako hauek biltzen ditu: edukierak eta zirkulazio-fluxuak, alternatiben gaineko azterlan teknikoa Magdalena kaletik Amaia kaleraino, eta zirkulazioaren mikrosimulazioak. Azterketa Mugikortasuneko Talde Teknikoaren eta txirrindulari-taldeen eta elkarteen aurrean aurkeztu da.

Urrian ardatz osorako behin betiko aurreproiektua kontratatu zen, Magdalena kalearen hasieratik Lizarra kaleraino. Behin betiko soluzio teknikoak bidegorri bat jasotzen du; bi noranzkoa eta Alde Zaharrera igotzeko noranzkoan eskuinean bereizita dago. Ibilbide jarraitua dauka ardatz osoan barna, eta Amaia kalean bat egiten du bertze bidegorri baten abiapuntuarekin. Aurreproiektuaren definizioari esker, 2020an obrak kontratatu aurreko egikaritze-proiektu bat enkargatzen ahalko da.

Proiektatu den bidegorriak bat egiten du Argaren paraleloan doan Alemanes pasealekukoarekin eta Hego- Txantrea urbanizazio berrian eginen den bizikleta-pistarekin, zeina Burlataraino iritsiko baita. Bidegorria Lizarra kaleak Yanguas y Miranda kalearekin bat egiten duen elkargunean amaitzen da. Bertan bidegorri berri bat proiektatu du Udalak: iparretik, Navas de Tolosa kalekoarekin bat eginen du eta Pio XII.aren noranzko bakarreko bidegorrietan barna jarraituko du, eta, hegoaldetik, Gaztelugibeleko, Erletokietako eta Julián Gayarre kaleko bidegorriekin.

BIZIKLETETARAKO APARKALEKU PUBLIKOEN SAREAS

Aurrekontua: 91.289 € (BEZa barne). Bizikleta eguneroko joan-etorrietarako baliabide gisa sustatzeko, bizikleta-sare bat behar da, bai eta aparkaleku egokiak ere, bizikleta elektrikoak erabiltzen ere laguntzeko. 2019an, Udalak martxan jarri du bizikletentzako aparkaleku publikoen sare berria, babestuak, seguruak eta txandakakoak, eta sarbide-kontroleko modulu estaliz osatuta, bideoz zainduta eta ibilgailu mota horiek aparkatzeko prestatuta egonen dira.

Lehenengo hiru moduluak 50na plazakoak izanen dira, eta zezen-plazan (Emilio Arrieta kalearen ondoan), Nafarroako Ospitalegunearen eremuko Protomedicato plazan (lurpeko aparkalekuaren gainean) eta Txantreako Arriurdiñeta plazan (liburutegi publikoaren ondoan) instalatu dira. Aparkaleku horiek sarearen berezko irudi batekin identifikaturik daude.

Aparkalekuek aluminiozko egitura eta polikarbonato gardenezko paramentuak dituzte, bai eta argiztapen artifiziala eta bateria osagarri bat ere. Barruan, gainera, elektrizitatea kargatzeko 2 puntu adimendun eta gurpilak puzteko ponpa bat daude. Erabiltzaileek berariazko webgune bat eta app bat dute eskuragarri, hala zerbitzuan izena emateko nola aparkalekuetara sartzeko.

Sarea sustatzeko ate irekien jardunaldiak egin dira, eta liburuxka bat eta bideo bat ere prestatu dira, ondoren Udalaren sare sozialen bidez zabaltzeko. Sarea 2020. urtean zabalduko da, bertze hiru aparkalekurekin.

BIZIKLETETARAKO AUZO-APARKALEKUAK

Aurrekontua: 11.775,86 € (BEZa barne). 2017az geroztik, Iruñeko Udalak bost lokal egokitu ditu bizitegi-erabilerako bizikleta-aparkalekuak izateko. Aparkalekuon bidez, bizikletak etxean gorde beharrak sortzen dituen arazoak konpontzen dira; izan ere, horietako batzuetan leku gutxi dago edo ez dago igogailurik. Descalzos 23 eta 27, Urzainki 14 eta Juan María Guelbenzu 8 zeharbidea, hiruren artean 452 plaza izanik; horiei San Anton 7koak gaineratu behar zaizkie (57 plaza). Apirilean, aparkaleku-plaza guztiak esleitu dituzte auzoko bizilagunen artean, eta 100 lagunetik gorako itxaron-zerrenda bat sortu da.

Aparkalekuak bideo bidez zaintzen dira, eta eguneko 24 orduetan erabil daitezke. Barnealdean, bizikletak aparkatzeko moduluak instalatu dituzte, bi garaieratan, eta gune bat daukate gurpilak puztu eta oinarrizko konponketak egiteko. Plazak erabiltzeko baimenak prekarioan esleitzen dira, eta auzoan erroldaturikoen artean bakarrik (helduak zein haurrak), gehienez ere 10 urteko iraupenarekin. Prezio publikoa 60€/urte eta 30 €/urte bitartekoa da, errenta-maila eta erabilera-modalitatea (haurra edo heldua) zein diren.

Plazen adjudikaziodunek Biziz aplikazioaren bidez eskura dezakete aparkalekua, edo larrialdietarako telefono baten bidez ere bai. Intelligent Parking enpresak egiten ditu sarbideak kontrolatzeko sistemaren kudeaketa eta mantentze-lanak, eta ANIMSA enpresa publikoak sortu zuen kobrantzak kudeatzeko aplikazio informatikoa.

BIZIKLETAK APARKATZEKO EUSKARRIAK BIDE PUBLIKOAN EZARTZEKO PLANA

Aurrekontua: 10.907,53 € (BEZa barne). 2019an, urtero bezala, Udalak bide publikoko aparkalekuen kopurua berritu eta areagotu zuen, Mugikortasun Zerbitzuak urtero egiten duen ezarpen-plan baten arabera. Urtea hastearekin batera bizikletak aparkatzeko 40 modulu erosi eta jaso dira; «Unibertsal» motakoak dira, zeinak 6 aparkaleku-plaza baitauzka eta buruz behera jarritako hiru «U»-k osatzen baitute; altzairu galvanizatuzkoak dira eta bi pletinak lotzen dituzte, izan ere, haien gainean bermatu eta ainguratzen dira zoruari. Aparkatze-moduluak espaloietan instalatu ohi dira, baina galtzadetan ere badira, batez ere bidegorriei loturik, esaterako, Pio XII.aren etorbidean. Era berean, instalazioak egin dira ikastetxeetako esparruetan.

Espazio publikoko kokalekuak hautatzeko, kontuan hartzen da ofizioz hautematen direla ikuskapen-lanaren bidez bete beharreko premiak (eremu saturatuak edo sistematikoki bidegabeko aparkatzeak izaten dituztenak); narriaduragatiko ohiko birjartzea; administrazioen, elkarteen, erakunde publiko eta pribatuen eskaera edo espazio publikoaren birmoldaketa. Azkenik, kokapen-hobekuntzak ere egin dira irisgarritasun unibertsaleko irizpideen arabera, desgaitasuna duten pertsonek eskatuta. Urteko azken hiruhilekoan modulu berriak paratu dira Iturrama eta Arrotxapea auzoetan zuzkidurak handitzeko, zebra-bideak aldatzearen harira.

«BIZIESKOLA HELDUENTZAT» HEZKUNTZA-PROGRAMA

Aurrekontua: 7.956,96 € (BEZa barne). Udalaren prestakuntza-programa bat da, eta haren helburua da eguneroko joan-etorrietarako bizikletaren aldeko apustua egiten duten helduen kopurua areagotzea. Bizikletan ez dakiten edo, jakinda, hirian barna ibiltzeko behar adina abileziarik eta konfiantzarik ez duten helduentzat da programa. Izen-ematea irekita dago gizonentzat eta emakumeentzat, baina programa emakumeentzat da bereziki; izan ere, biztanleriaren % 52 osatzen badute ere, estatistikek erakusten dute bizikletan ibiltzen direnen % 36 baino ez direla. Ikastaroak taldeka eta mailaka antolatzen dira.

Aurten 90 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute proposatutako ikastaroetan. Urteko hainbat sasoitan egiten dira, normalean udaberrian eta udazkenean, eta 2019an Mugikortasunaren Europako Astean ere egin dira. Aurten bederatzi ikastaro egin dira, eta hiru astean zehar hainbat saio ere izan dira.

«BIZIKLETA ESKOLAN» HEZKUNTZA-PROGRAMA

Aurrekontua: 64.450 € (BEZa barne). Udaleko prestakuntza-ekimena hiriko ikastetxe guztientzat da, Lehen Hezkuntzako zein Bigarren Hezkuntzakoentzat, eta esparru-akordio baten bidez garatzen da. Akordio horretan, bi enpresa esleipendunek lantegiak antolatzen dituzte izena emandako ikastetxe eta ikasleentzat. Programa ikasturteka ezartzen da; hortaz, 2019. urtean, 2018-2019ko ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoei eta 2019-2020ko lehen hiruhilekoari dagozkien lantegiak eman dituzte.

Programak aukera ematen die ikasleei hirian barna modu seguruan zirkulatzen ikasteko, arauekin bat eta beren eskubideak eta osotasuna bermaturik, bai eta beren bizikletak eta ekipamenduak egoera onean mantentzeko ere. Ikasgelan emaniko saio teoriko bat eta jolastokian eginiko saio praktiko bat ditu, baita bide-hezkuntzako bigarren fase bat ere, Udaltzaingoak hirian bizikleta erabiltzera bideratua. Azken urratsa ibilbide gidatu bat da.

2018-2019ko ikasturtean 10 ikastetxek eta 1.402 ikaslek parte hartu dute. 2019-2020ko ikasturtean, gora egin du parte hartu duten ikastetxeen kopuruak .

IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO GUNEEN SAREA

Aurrekontua: 6.109,53 € (BEZa barne). Garraioa da hiriarentzat sektorerik kutsatzaileena, berotegi-efektuko gasen isurketen % 57 eragiten baitu; horregatik, Udalak mugikortasun elektrikoa bultzatzen du 2005eko Mugikortasun Jasangarriaren Tokiko Itunaz geroztik.

2014an, Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Iberdrolarekin, bide publikoan ibilgailu elektrikoa kargatzeko bost zutoin paratzeko. Akordioa 2017an berritu zuten, Smart Pamplona estrategiaren eta Stardust Europako proiektuaren barruan. Halaber, baimena eman du zenbait enpresak kudeatutako txandakatze-aparkalekuetan 23 kargagune ezartzeko. 2019. urtearen amaieran, eraberritu egin ziren itunpeko birkarga elektrikoko udal-zutoinak, eta, horretarako, hargune indibidualeko zutoinen tokian hargune bikoitzekoak paratu zituzten, bai eta hornitutako potentzia handitu ere (7,4 kW-ko birkarga-puntu konbentzionaletatik 22 kW-ko birkarga-puntu erdiazkarretara).

Udalak informazioa jasotzen du puntu horietan egiten diren kargei eta horrek eragiten duen energia elektrikoaren kontsumoari buruz. Datuok Stardust proiektuaren barruan oraindik garatzen ari den Hiria Plataforman iraultzen dira, kudeatu beharreko energia-fluxuen parte gisara.203

Herritarrak ibilgailu elektrikoaren aldeko apustua egiten ari dira; izan ere, 2011tik, Udalak 181 txartel eman ditu, zero isurketa (% 100 elektrikoak) dituzten ibilgailuentzako aparkaleku arautu eta mugatuetako murrizketetatik kanpo uzteko, eta gehitze-prozesua progresiboa izan da: 2015ean, 9; 2016an, 16; 2017an, 15; 2018an, 30, eta 2019an, 81.

2019an, Mugikortasun Zerbitzuak bi baldintza-agiri prestatu ditu administrazio-emakida baterako (hirian horretarako ezarritako bi eremuak), erabilera publikoko birkarga-puntuen sistema ireki eta irisgarria instalatu, kudeatu eta ustiatzeko beharrezkoa den jabari publikoa emateko, eta 26 hargune jarriko dira martxan orotara. Kargaguneek ematen duten energia elektrikoak % 100 jatorri berriztagarrikoa izan behar du. Pleguak idatzi aurretik, aldez aurreko merkatu-kontsulta bat egin da interesa agertu duten zortzi enpresarekin. Aurreikuspenen arabera, birkarga elektrikoko puntuak 2020a amaitzerako egonen dira indarrean.

NAFARROAKO AUTISMO-ELKARTEAK PIKTOGRAMA BIDEZ SEMAFOROETAN EGINDAKO SEINALEZTAPENA

Aurrekontua: 5.000 € (BEZa barne). Udalak, Nafarroako autismo Elkartearekin elkarlanean, 2013an Avilan hasi zen #UlertuHiriaPiktrogramekin ekimenean lan egin du. Kanpaina horretan, Nafarroako Gobernuak eta bertze erakunde publiko eta pribatu batzuek ere parte hartzen dute. 2019an, Iruñeko Udalak piktograma bat sartu du hiriko semaforo guztietan, autismoa dutenei semaforoetako argien kodea zuzen interpretatzen eta baimenduta dagoenean gurutzatzen laguntzeko.

2019KO EUROPAKO MUGIKORTASUN ASTEA

Aurrekontua: 26.840,97 € (BEZa barne). Urtero, irailean, Iruñeko Udalak Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egin du, aurten «Walk with us» (ibili gurekin) leloarekin. Europako Mugikortasun Astearen bidez, parte hartzen duten hiriak mugikortasun jasangarria sustatzeko jarduerak egitera animatzea da helburua, eta 2019an oinez mugitzen direnen egitekoa nabarmen du. Iruñean, horiek dira protagonista nagusiak banaketa modalaren arabera (eguneroko joan-etorrien % 42 oinez egiten dira) eta horixe da, hain justu, Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Tokiko Itunaren helburuetako bat.

Mugikortasunaren Europako Astearekin loturik, 2019an Iruñean egin diren jarduerak askotarikoak izan dira: Gazteluko plazako informazio-etxola, helduek bizikletan segurtasunez ibiltzen ikasteko ikastaroak («helduentzako bizikleta-eskola»), Mugikortasunari buruzko Udal Ordenantza berriari buruzko komunikazio-kanpaina eta informazio-hitzaldiak, berariazko hitzaldiak, Arrotxapea eta Arrosadia auzoetako bizikletentzako auzo-aparkalekuei buruzko kanpaina ludiko-informatiboa (ibilbide antzeztua), bi bizikleta-ibilbide kultural (Oteizaren eskulturak hiri-espazioan eta parkeak eta lorategiak), eta 8 ikastetxetako 600 eskola-umerekin eginiko bizikletada, zeinari «Bizikleta Eskolarekin» ematen baitzaio jarraipena.