Aurrekontu likidazioa
Atal honetan, Iruñeko Udalari, Hirigintza Gerentziari eta Haur Eskolei dagokien likidazio bateratua aztertzen da.
Ezaugarri orokorrak eta aurrekontu-aldaketak
2013ko ekitaldi osoan 2012ko aurrekontu luzatua egon zen indarrean, Alkatetzak 2012ko abenduaren 31ko ebazpenaren bidez onetsia. Horren ondorioz, Osoko Bilkurak ez zuen inoiz ere hasierako aurrekonturik onetsi, baina aldaketak onetsi ziren.
Bestelako ondorioak dira sozietateekin likidazio bateratua lortzeko zailtasuna, ez baitatoz bat udal-aurrekontuan onetsitako zenbatekoekin, eta diru-sarreren aurrekontua aurreko urtearen aurrekontuaren kopia hutsa da; aurreikuspena bakarrik egin zen, guztizko zenbatekoak 2013rako aurreikusitakoarekin bat datozela ziurtatzeko.
Hasierako aurrekontu bateratu gisara (Udalaren, erakunde autonomoen eta Udalaren erabateko partaidetza duten sozietateena) har dezakegu Alkatetzaren Ebazpen bidez luzatu gisara onetsitako Udalaren eta Organismo Autonomoen aurrekontua, eta erantsiko diogu 2013ko aurrekontu-proiektua prestatzean enpresek igorritako aurreikuspena. Horrela, diru-sarreren aurrekontu bateratua 192.560.544 euro izan zen, eta gastuak, berriz, 192.488.752 euro.
Comiruña SA, Pamplona Centro Histórico SA eta ASIMEC SA sozietateak alde batera utzirik –horiek ez baitira bateratzen, alkatetzak onetsitako likidazioan aurrekontu-betetzeari dagokionez–, diru-sarreren eta gastuen hasierako aurrekontuaren guztizko bateratua 181.530.319 eurokoa izan zen bi kasuetan (hiru entitateen arteko bateratze-doiketak kendu ondoren). Udalaren hasierako gastu-aurrekontuak 178.733.719 euro jo zuen, Hirigintza Gerentziarenak, 3.131.139 euro, eta Haur Eskolenak, 7.732.900 euro.
2013ko ekitaldian barna, hainbat aldaketa garrantzitsu egin ziren, Udala osatzen duten entitateen aurrekontuan, aldian-aldiko beharren arabera egokitze aldera, eta, bereziki, aurrekontu luzatuak berez dituen gabeziek eraginda. Aldaketa guztiak batera hartuta, 32,3 milioi euro handitu zen aurrekontu bateratua gastuen egoera-orrietan. Behin betiko aurrekontu bateratuak 213.856.499,86 jo zuen gastuetan eta diru-sarreretan.
Bolumenari dagokionez, aldaketarik garrantzitsuenak egin ziren, kapital-gastuak aurrekontu luzatuan sartzeko eta Hirigintza Gerentziaren kreditu-geldikinak txertatzeko.
Aurrekontuaren betetze-maila eta herritarrak
Guztizko gastutik % 49,3, hau da, 504 euro biztanleko, erabili zuen Iruñeak komunitate-ongizatearekin zerikusia duten gastuak –hirigintza, ingurumena, hezkuntza, kultura, kirola eta abar– estaltzeko. Gastu horren atzetik dator segurtasunean, babesean eta gizarte-sustapenean egindakoa, zeina gastu osoaren % 22 izan baitzen, hots, 225 euro pertsona bakoitzeko.
Udalaren aurrekontuaren betetze-maila bateratua herritarrak kontuan harturik aztertuz gero, ikus daiteke 2013ko diru-sarrerek 1.000 euro jo zutela biztanle bakoitzeko; gastua, aldiz, 1.022 eurokoa izan zen, eta 144,1 € inbertsioetara bideratu ziren.
Diru-sarrera guztietatik, % 28,7 udal-eskumeneko zergetatik etorri zen. Horrela, pertsona bakoitzak, bana beste, 287 euroko ekarpena egin zuen.
Bestetik, modu bateratuan hartuta, 180 euro eskuratu ziren biztanleko, zerbitzuak eman, jarduerak egin eta jabari publikoa erabiltzeagatik kobratutako tasa eta prezio publikoen, ondasun higigarri eta higiezinen salmentaren, ondareko diru-sarreren eta aurrerakin zein maileguen itzuleren bitartez. Transferentzia arruntek (Hiriburutza Agiria, Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetako partaidetza eta beste zenbait ekarpen) 480 euroko diru-sarrera eragin dute biztanle bakoitzeko. Biztanleko beste 53,5 euro jaso ziren, bestalde, kapital-transferentziak eta kapitaleko bestelako diru-sarrerak zirela medio.
Gastuen aurrekontuaren betetze-maila
2013ko ekitaldiko aitortutako betebehar bateratuak 201,3 milioi euro izan ziren, hau da, 213,9 milioi euro jo zuen behin betiko aurrekontu bateratuaren % 94,1. Hau izan zen, zehazki, bateratutako entitate bakoitzaren betetze-maila:
| Udala | % 97,26 |
| Hirigintza Gerentzia | % 72,07 |
| Haur Eskolak | % 99,91 |
Gastua kapituluka sailkatuta, parterik handiena langileria-gastuak biltzen dituen 1. kapituluari egokitu zitzaion: gastuaren % 40,3 (81,1 milioi euro). Horren ostean, 2. kapitulua dator, ondasun arruntei eta zerbitzuei dagozkien gastuak, gastuaren % 32,9rekin (66,2 milioi euro), eta 6. kapitulua, inbertsio errealei dagokiena, % 11,6rekin (17,9 milioi euro).
2013an, ekitaldi arrunteko ordainketek 178 milioi euro jo zuten, 23,3 milioi euro ordaintzeko gelditu zirelarik. Horrenbestez, betebeharren edo ordainketaren betetze-maila % 88,4koa izan zen.
Eginkizun-multzoen arabera aztertuz gero, gizarte-izaerako ondasun publikoak –hirigintza, kultura, hezkuntza, kirola, ingurumena eta osasuna– ekoizteak ekarri zuen gastu-portzentaje handiena, gastu osoaren % 49,32 hain zuzen. Horren ostean, gizarte-babesari eta -sustapenari dagozkien zerbitzuak (gizarte-zerbitzuak) datoz, % 22,01ekin, eta babes zibilari eta herritarren segurtasunari dagozkienak, % 14,82rekin.
Diru-sarreren aurrekontuaren betetze-maila
Aitortutako eskubide bateratu garbiak 197,1 milioi euro izan ziren, hau da, behin betiko aurreikuspenen % 92,1. Hala ere, kontuan hartuta Diruzaintzako geldikinari dagokion 87. artikuluko aurreikuspenak ez direla likidatutako zenbateko bilakatzen, adierazgarriagoa da behin betiko aurrekontuari artikulu horretako aurreikuspenen zenbatekoa kenduta kalkulatutako ratioa: izan ere, kasu horretan, % 95,6ra iristen da aurrekontuaren betetze-maila.
Ondokoa izan zen bateratutako entitate bakoitzaren aurrekontuaren betetze-maila, betiere guztizko aurreikuspenetan diruzaintzako geldikinari dagozkionak sartu gabe:
| Udala | % 97,69 |
| Hirigintza Gerentzia | % 72,85 |
| Haur Eskolak | % 104,55 |
Diru-sarreraren osaerari dagokionez, transferentzia arruntek izan zuten parterik handiena, diru-sarrera guztien % 47,98rekin, eta gero, zuzeneko zergak, % 25,68rekin.
Zergek, zuzenekoek nahiz zeharkakoek, Udalak eskuratutako guztizko diru-sarrera likidatuen % 28,67 egin zuten.
Betetze-mailari dagokionez, 1., 3. eta 4. kapituluetako diru-sarreren aurreikuspenak gainditu ziren. Hori, dena den, hutsaldu egiten da aurrekontu luzatuekin jardutearen ondorioz.
Aurrekontu arrunteko diru-bilketa likido bateratua 179,6 milioi euro zen, eta 17,4 milioi kobratzeko gelditu ziren. Horrenbestez, eskubideen gauzatze- eta kobrantzen betetze-portzentajea, likidatutako zenbatekoen gainean, % 91,15ekoa izan zen.
