Aurrekontuaren betetze-maila
Iruñeko Udalak 196.955 legezko biztanle zituen 2013ko urtarrilaren 1ean, 2013ko abenduaren 28ko EAOn argitara emandako datu ofizialen arabera. Hori da, hain zuzen, aurrekontuko adierazleak eta ratioak kalkulatzeko erabiltzen den biztanle-kopurua.
Bere jarduna garatzeko, Udalak ondoko erakunde autonomo eta entitateak sortu ditu:
- Administrazioaren sektore publikoa deitu daitekeenaren barruan, hau da, administrazio-zuzenbidearen arauei lotutako sektorearen barnean, Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentzia eta Iruñeko Udaleko Haur Eskolak ditugu.
- Enpresa publikoen sektorea: bertan kokatzen dira Udala partaide bakarra duten enpresak –hala nola Comiruña SA, Pamplona Centro Histórico SA eta Udal Laguntza Etxean SA–, Udala partaide nagusi dutenak –adibidez, Asociación Navarra de Informática Municipal SA (aurrerantzean, Animsa) eta Mercairuña SA–. Sozietate horiek guztiak merkataritza-lege orokorrei daude lotuta, kontabilitateari dagokionez, baina horrek ez du galarazten beren urteko kontuak (partaidetza nagusia den kasuetan) Udalaren Kontu Orokorrean sartzea.
- Aurrekoez gain, Udalak Gayarre Antzokia eta Erruki Etxea fundazioak ditu. Horiek, fundazio direnez, estatutu juridiko berezia daukate.
Kontu bateratuan honako hauek sartzen dira: Udalaren eta bere erakunde autonomoen likidazio bateratua, batetik, eta egoera-balantze bateratua, bestetik, non, aipatutako hiru entitateekin batera, Comiruña SA, Pamplona Centro Histórico SA, eta Udal Laguntza Etxean SA elkarteak ere sartzen baitira.
Bi fundazioen kontuak ere sartzen dira Kontu Orokorrean, Osoko Bilkurak oneste aldera, Comptos Ganberak emandako gomendioei jarraiki.
Hona Alkatetzaren Ebazpen bidez onesteko dagoen Udalaren zein haren erakunde autonomoen aurrekontu-likidazioaren betetze-mailari buruzko datu adierazgarrienak:
| Entitatea | Aitortutako betebeharrak | Aitortutako eskubideak |
Langile kopurua, 2013/12/31n |
|---|---|---|---|
| Udala | 187.144.943,24 | 187.988.312,75 | 1.225 |
| Hirigintza Gerentzia | 18.905.846,41 | 13.475.547,97 | 29 |
| Haur Eskolak | 7.765.859,74 | 8.126.294,01 | 149 |
Hona entitate nagusiak haren erakunde autonomoei egindako ekarpenak, transferentzia arruntez zein kapital-transferentziez bezainbatean :
| Kontzeptua | Hirigintza Gerentzia |
Haur Eskolak Infantiles |
|---|---|---|
| Transferentzia arruntak | 1.497.600,00 | 5.656.900,00 |
| Kapital-transferentziak | 4.810.693,30 | 40.000,00 |
| Guztira | 6.308.293,30 | 5.696.900,00 |
Hirigintza Gerentziaren kontuak Gerentziaren Kontseiluak onetsi zituen, 2014ko martxoaren 26an. Ikuskatu dira, eta txostenak aldeko iritzia jaso du, ondarearen eta finantza-egoeraren irudi fidelaren islari dagokionez, eta legezkotasun-printzipioarekin bat, aurrekontuez, kontratazioaz eta langileriaz bezainbatean.
Haur Eskolen kontuak haren batzordeak onetsi zituen, 2014ko apirilaren 14an. Horiek ere ikuskatu egin dira. Ikuskapen-txostenak aldeko iritzia eman zuen kontuei eta ekonomia- zein finantza-jardunari buruz, betiere legezkotasun-printzipioarekin bat aurrekontuez, kontratazioaz eta langileriaz bezainbatean.
Hona datu esanguratsuenak, Udala partaide duten sozietateei buruz:
| Izena edo izen soziala | Jarduera nagusia | Zuzeneko partaidetza (%) | Ikuskatua |
|---|---|---|---|
| COMIRUÑA, S.A. | Txikizkako merkatuak | 100,00 | BAI |
| P.C.H., S.A. | Hirigune historikoko hirigintza | 100,00 | BAI |
| ASIMEC, S.A. | Etxez etxeko laguntza | 100,00 | BAI |
| MERCAIRUÑA, S.A. | Handizkako merkatua | 51,00 | BAI |
| ANIMSA, S.A. | Udaleko Informatika | 77,69 | BAI |
| Enpresa |
Emaitza-kontua Gastuak | Emaitza-kontua Diru-sarrerak |
Emaitza ekonomikoa |
|---|---|---|---|
| COMIRUÑA, S.A. | 488.987,80 | 574.206,06 | 85.218,26 |
| P.C.H., S.A. | 4.079.897,13 | 4.288.539,51 | 208.642,38 |
| ASIMEC, S.A. | 1.889.053,90 | 1.745.997,26 | -143.056,64 |
| MERCAIRUÑA, S.A. | 1.126.637,73 | 1.357.558,41 | 230.920,68 |
| ANIMSA, S.A. | 6.916.564,00 | 6.809.684,00 | -106.880,00 |
Comiruña SAren 2013. urteko aurrekontuaren ekitaldi-emaitza 85.218,26 euro izan zen. Ikuskapen-txostenean, aldeko iritzia jasota dago kontuei buruz. Kontuak Administrazio Kontseiluak aurkeztu zituen 2014ko martxoaren 26an, eta akziodunen batzar nagusiak 2014ko maiatzaren 21ean onetsi zituen.
Pamplona Centro Histórico SA sozietateak Administrazio Kontseiluak egindako kontuak aurkeztu zituen 2014ko martxoaren 25ean, behar bezala ikuskaturik eta aldeko iritzia zutela islaren fideltasunari eta legezkotasunaren betetzeari dagokienez. 2013an, 208.642,38 euroko emaitza positiboa izan zen, baina Kontabilitaterako eta Kontu Ikuskaritzarako Institutuaren irizpidea aplikatzearen ondorioz diru-laguntzak ondare garbiaren aldaketa gisa kontabilizatuta. Beste alde batetik, aipatu ondare garbia 353.265,30 eurotan handitu zen. Kontuak onesteko akziodunen Batzar Nagusia 2014ko maiatzaren 8an egin zen.
Mercairuña SA sozietateak 230.920,68 euroko emaitza positiboa zuela itxi zuen 2013ko ekitaldia. Diru hori, gehien bat, jarduera arruntetatik etorria zen. Ikuskapen-txostenean, aldeko iritzia jasota dago kontuei buruz. Urteko kontuak Administrazio Kontseiluak aurkeztu zituen 2014ko otsailaren 12an, eta akziodunen Batzar Nagusiak onetsi, 2014ko apirilaren 10ean.
ANIMSAk 106.880 euroko emaitza negatiboa aurkeztu zuen ekitaldi honetan, ustiapen-emaitzaren artean banatua (-124.296 euro). Finantza-emaitza positiboek (17.416 euro) konpentsatu zuten hori. ANIMSAren kontuen gaineko ikuskapen-txostenak aldeko iritzia jaso zuen kontuen isla fidelaz bezainbatean. Administrazio Kontseiluak 2014ko martxoaren 31n aurkeztu zituen kontuak, eta akziodunen Batzar Nagusiak onetsi, 2014ko ekainaren 27an.
ASIMEC SA sozietatearen ekitaldi-emaitza negatiboa izan zen, 143.056,64 eurorekin. Ikuskapen-txostenak aldeko iritzia jaso zuen legezkotasun-printzipioa betetzeaz bezainbatean. Administrazio Kontseiluak 2014ko martxoaren 27an aurkeztu zituen kontuak, eta akziodunen Batzar Nagusiak onetsi, 2014ko ekainaren 12an.
Fundazioei dagokienez, hona haien gastu eta diru-sarrerei buruzko datuak:
| Fundazioa |
Emaitza-kontua Gastuak | Emaitza-kontua Diru-sarrerak |
Emaitza ekonomikoa |
|---|---|---|---|
| Gayarre Antzokia Udal Fundazioa | 2.241.090,00 | 2.100.038,00 | -141.052 |
| Erruki Etxea | 16.660.274,75 | 17.897.758,00 | 1.237.483,25 |
Gayarre Antzokia Udal Fundazioaren kontuak Patronatuaren Batzordeak onetsi zituen 2014ko apirilaren 11n. Ikuskapen-txostena aldekoa izan zen. Ekitaldiko emaitza negatiboa ustiapenaren emaitzek eragin zuten.
Erruki Etxearen kontuak 2014ko apirilaren 8an aurkeztu zitzaizkion Udalari. Ekitaldiak 1.237.483,25 euroko mozkinak izan zituen. Ikuskapen-txostena aldekoa izan zen.
Mankomunitateak.
Iruñeko Udala Iruñerriko Mankomunitatearen parte da. Mankomunitate horren bitartez ematen ditu uraren ziklo osoari (ur-hornidura eta behe-saneamendua), hiri-hondakin solidoen tratamenduari eta hiri-garraioari (autobus- eta taxi-zerbitzuak) dagozkien zerbitzuak.
2013an, 2.608.909,14 euroko gastua egin zen Iruñeko Udalaren aurrekontuan hiri-garraioa finantzatzeko. 2005eko irailaren 1ean Udalbatzaren Osoko Bilkurak taxi-zerbitzua kudeatze aldera Iruñeko Udala Mankomunitatean sartzeko 13/CC erabakia hartu ondoren, xedatuta gelditu zen taxi-lizentzia berriak esleitzeagatik jasotako diru-sarrerak Iruñeak Iruñerriko Garraioaren Planei egin beharreko ekarpenak finantzatzeko erabiltzea, 2011. urtean diru-sarrera horiek agortu arte. Hori horrela, 2012tik aurrera, urte osoari dagozkienak ordaindu beharra daude.
Partzuergoak
Suteak itzaltzeko zerbitzu publikoa Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren bitartez ematen zen. 2006ko uztailaren 4ko Osoko Bilkuran hartutako 19/CP erabakiaren bidez, Iruñeko Udalbatzak Nafarroako Gobernuarekin batera izenpetu beharreko agiria onetsi zuen, Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoa desegin eta, horrekin batera, bi erakundeen menpe zeuden zerbitzuak Nafarroako Larrialdietako Agentzian sartzeko.
