Aurrekontu-likidazioa

Atal honetan, Iruñeko Udalari, Hirigintza Gerentziari eta Haur Eskolei dagokien likidazio bateratua aztertzen da.

- Ezaugarri orokorrak eta aurrekontu-aldaketak

2012ko ekitaldi osoan 2011ko aurrekontu luzatua egon zen indarrean, Alkatetzak urte horretako abenduaren 31ko ebazpenaren bidez onetsia. Horren ondorioz, Osoko Bilkurak ez zuen inola ere hasierako aurrekonturik onetsi, baina aldaketak onetsi ziren.

Bestelako ondorioak dira sozietateekin likidazio bateratua lortzeko zailtasuna da, ez baitatoz bat udal-aurrekontuan onetsitako zenbatekoekin, eta diru-sarreren aurrekontua aurreko urtearen aurrekontuaren kopia hutsa da; aurreikuspena bakarrik egin zen, guztizko zenbatekoak 2012rako aurreikusitakoarekin bat datozela ziurtatzeko.

Comiruña SA, Pamplona Centro Histórico SA eta ASIMEC SA sozietateak alde batera utzirik –horiek ez baitira bateratzen, alkatetzak onetsitako likidazioan aurrekontu-betetzeari dagokionez–, diru-sarreren eta gastuen hasierako aurrekontuaren guztizko bateratua 185.462.814 eta 184.430.441 eurokoa izan zen hurrenez hurren (hiru entitateen arteko bateratze-doiketak kendu ondoren). Udalaren hasierako gastu-aurrekontuak 178.361.346 euro jo zuen, Hirigintza Gerentziarenak, 5.435.300 euro, eta Haur Eskolenak, 7.732.900 euro.

2012ko ekitaldian barna, hainbat aldaketa garrantzitsu egin ziren, Udala osatzen duten entitateen aurrekontuan, aldian-aldiko beharren arabera egokitze aldera, eta, bereziki, aurrekontu luzatuak berez dituen gabeziek eraginda. Aldaketa guztiak batera hartuta, 47,3 milioi euro handitu zen aurrekontu bateratua gastuen egoera-orrietan. Behin betiko aurrekontu bateratuak 231.723.963,19 eta 240.118.434,29 euro jo zituen gastuetan eta diru-sarreretan, hurrenez hurren.

Bolumenari dagokionez, aldaketarik garrantzitsuenak egin ziren, kapital-gastuak eta kreditu-geldikinak aurrekontu luzatuan sartzeko.

- Aurrekontua eta herritarrak

Guztizko gastua, biztanle bakoitzeko, 1.034 euro izan zen. Horietatik 184,52 euro inbertsioetarako izan ziren. Guztizko gastutik % 51,3, hau da, 531 euro biztanleko, erabili zuen Iruñeak komunitate-ongizatearekin zerikusia duten gastuak –hirigintza, ingurumena, hezkuntza, kultura, kirola eta abar– estaltzeko. Gastu horren atzetik dator segurtasunean, babesean eta gizarte-sustapenean egindakoa, zeina gastu osoaren % 21,8 izan baitzen, hots, 226 euro pertsona bakoitzeko.

Udalaren aurrekontuaren betetze-maila bateratua herritarrak kontuan harturik aztertuz gero, ikus daiteke 2012ko diru-sarrerek 1.142 euro jo zituztela biztanle bakoitzeko; gastua, aldiz, 1.034 eurokoa izan zen biztanle bakoitzeko.

Diru-sarrera guztietatik, % 25,7 udal-eskumeneko zergetatik etorri zen. Horrela, pertsona bakoitzak, bana beste, 293 euroko ekarpena egin zuen.

Bestetik, modu bateratuan hartuta, 174 euro eskuratu ziren biztanleko, zerbitzuak eman, jarduerak egin eta jabari publikoa erabiltzeagatik kobratutako tasa eta prezio publikoen, ondasun higigarri eta higiezinen salmentaren, ondareko diru-sarreren eta aurrerakin zein maileguen itzuleren bitartez. Transferentzia arruntek (Hiriburutza Agiria, Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetako partaidetza eta beste zenbait ekarpen) 472 euroko diru-sarrera eragin dituzte biztanle bakoitzeko. Biztanleko beste 122 euro jaso ziren, bestalde, kapital-transferentziak eta kapitaleko bestelako diru-sarrerak zirela medio.

- Gastuen aurrekontuaren betetze-maila

2012ko ekitaldiko aitortutako betebehar bateratuak 204,4 milioi euro izan ziren, hau da, 231,7 milioi euro jo zuen behin betiko aurrekontu bateratuaren % 88,2. Hau izan zen, zehazki, bateratutako entitate bakoitzaren betetze-maila:

Udala

% 93,92

Hirigintza Gerentzia

% 57,18

Haur Eskolak

% 96,22

Gastua kapituluka sailkatuta, parterik handiena langileria gastuak biltzen dituen 1. kapituluari egokitu zitzaion: gastuaren % 38,1 (77,8 milioi euro). Horren ostean, 2. kapitulua dator, ondasun arruntei eta zerbitzuei dagozkien gastuak, gastuaren % 32,2rekin (65,8 milioi euro), eta 6. kapitulua, inbertsio errealei dagokiena, % 13,9rekin (28,4 milioi euro).

2012an, ekitaldi arrunteko ordainketek 176,1 milioi euro jo zituzten, 28,3 milioi euro ordaintzeko gelditu zirelarik. Horrenbestez, betebeharren edo ordainketaren betetze-maila % 86,2koa izan zen.

Eginkizun-multzoen arabera aztertuz gero, gizarte-izaerako ondasun publikoak –hirigintza, kultura, hezkuntza, kirola, ingurumena eta osasuna– ekoizteak ekarri zuen gastu-portzentaje handiena, gastu osoaren % 51,33 hain zuzen. Horren ostean, gizarte-babesari eta -sustapenari dagozkien zerbitzuak (gizarte-zerbitzuak) datoz, % 21,83rekin, eta babes zibilari eta herritarren segurtasunari dagozkienak, % 13,64rekin.

- Diru-sarreren aurrekontuaren betetze-maila

Aitortutako eskubide bateratu garbiak 225,6 milioi euro izan ziren, hau da, behin betiko aurreikuspenen % 94. Hala ere, kontuan hartuta Diruzaintzako geldikinari dagokion 87. artikuluko aurreikuspenak ez direla likidatutako zenbateko bilakatzen, adierazgarriagoa da behin betiko aurrekontuari artikulu horretako aurreikuspenen zenbatekoa kenduta kalkulatutako ratioa: izan ere, kasu horretan, % 99,2ra iristen da aurrekontuaren betetze-maila.

Ondokoa izan zen bateratutako entitate bakoitzaren aurrekontuaren betetze-maila, betiere guztizko aurreikuspenetan diruzaintzako geldikinari dagozkionak sartu gabe:

Udala

% 97,59

Hirigintza Gerentzia

% 102,75

Haur Eskolak

% 97,31

Diru-sarreraren osaerari dagokionez, transferentzia arruntek izan zuten parterik handiena, diru-sarrera guztien % 41,33rekin, eta gero, zuzeneko zergak, % 21,31rekin.

Zergek, zuzenekoek nahiz zeharkakoek, Udalak eskuratutako guztizko diru-sarrera likidatuen % 25,66 egin zuten.

Betetze-mailari dagokionez, diru-sarreren 2., 4., 5., 6. eta 7. kapituluetan aurreikuspenak gainditu ziren, eta 1. eta 3. kapituluek, berriz, % 95 gainditu zituzten. Hori, dena den, aurrekontu luzatuekin jardutearen ondorioa da.

Aurrekontu arrunteko diru-bilketa likido bateratua 204,3 milioi euro zen, eta 21,3 milioi kobratzeko gelditu ziren. Horrenbestez, eskubideen gauzatze- eta kobrantzen betetze-portzentajea, likidatutako zenbatekoen gainean, % 90,57koa izan zen.