BERRURBANIZAZIO ESTRATEGIKOKO PROIEKTUA, ANDRE MARIA LAGUNTZAKO KALEKO IGAROBIDE JASANGARRIA EGITEKO TXANTREA AUZOAN
Aurrekontua: 15.125,00 €
Enpresa esleipendunak: -
Proiektugileak eta laguntzaileak: Leku Studio
Udal-arduraduna: Jose Ignacio Iribarren Berrade, Udaleko arkitektoa; Ana Suescun Erro, Udaleko arkitekto teknikoa.
Kokapena: Laguntzako Andre Maria kalea
Posta-kodea: 31015
Laguntzako Andre Maria kalean igarobide jasangarri bat sortzea da proiektuaren xedea; lehentasuna emanen zaio oinezkoen eta bizikleten mugikortasunari, hiri-paisaia berdeagoa, erosoagoa eta osasungarriagoa sortuz. Proiektua berrurbanizazio “arin” edo “taktiko” baten bidez gauzatuko da, orain arte autoek nagusiki okupatutako espazio publikoa birbanatuz eta orekatuz. Hiriko espazioak berrantolatzeko malgutasuna eta arintasuna ditu ezaugarri urbanizazio “taktiko/arinak”, eredu berria testatu eta zabaltzeari begira. Urbanizazio taktikoaren ezaugarriak:
- Ez du obra handirik behar.
- Eraldaketak azkar egin daitezke.
- Egindako jarduketen itzulgarritasuna.
- Kostua doitua da.
Ardatz osoan estrategia komun bat erabiliko da: izaera propioa duten tarte edo segmentu batzuk ezarriko dira, eraldatze-sistemak deritzotenak. Jarduketa 4 eraldatze-sistemak eratzen dute.
- S1-Kirol-sistema: Jarduketa-esparrua Laguntzako Andre Maria kalean dago, Aita Adoain eta Itza Zendearen kaleen artean, eta “kirol-sistema” deitu zaio, bertan baitago Txantreako kirolgunea. Aita Adoain kaletik Imarkoain kalera doan tarte horretan –errei bana dago zirkulazio-noranzko bakoitzean, eta aparkaleku-plazak albo bietan– iparraldeko aldean dauden aparkaleku-plazak kentzea proposatzen da, horrek bidea emanen duelako noranzko biko bidegorri bereizia egiteko. Imarkoain kaletik Itzako Zendearen kalera –zirkulazio noranzko bakarra eta aparkaleku-plazen lerro bat dago orain–, autoak kanpo uztea erabaki da. Horretarako, eraldatzearen lehenengo fasean urbanizazio arin eta itzulgarria erabiliko da, oinezkoendako guneak handiago egiteko, betiere bizikletekin elkarbizitzan.
- S2-Komunitate-sistema: Itza Zendearen kaletik Noain kaleraino. Bertan honako hauek daude: Irubide Erretiratuen Elkarte Kluba, Armonía Txantreana peña eta Txantreako auzo-unitate berria. Egiturazko jarduketa batzuk zehaztu dira, Félix plazako irisgarritasuna hobetze aldera eta galtzadan aukerako espazio berriak lortze aldera, urbanizazio taktikoaren bidez.
- S3-Aisia eta hezkuntzako sistema: Noain kaletik San Kristobal kaleraino, Subiza kalea barne hartuta. Sistema honetan honako hauek daude: Bernat Etxepare ikastola, haur-hezkuntzako Izartegi eskola eta Txantrea plaza. Ikastetxeei lotuta, gune atseginak, aisialdikoak eta egonlekuak jartzea proposatzen da.
- S4-Lotura-sistema: San Kristobal kaleak Andre Maria Laguntzako eta Oibar kaleekin bat egiten duen bidegurutzean. Bertako irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea proposatzen da, ardatzaren jarraitutasuna bermatuz hala ziklistendako nola oinezkoendako.
- S5-Etxe-sistema: Oibar eta Arguedas kaleetan barna, Eunate BHIrekin lotzeraino. Ingurune atsegin berriak atonduko dira, komunitate-bizitzarako egonlekuak sortuz.
Aurrez ezarritako irizpide orokorrak hedatu eta gauzatzeko, jarduketa-estrategia arin eta malgua diseinatu da, kapsula berdeen edo eko-zelulen kontzeptua oinarri hartuta. Eko-zelulak izaera propioko kapsulak dira, txertagarriak eta sarean hedagarriak; landaretza dute eta haien programa funtzionala da. Jarduketa-unitateak dira eta bidea ematen dute erabilera berriak eta berdeguneak banaka edo sare-egituraz txertatzeko.