BERRURBANIZAZIO ESTRATEGIKOKO PROIEKTUA, JUARISTI DOKTOREAREN KALEKO IGAROBIDE JASANGARRIA EGITEKO SANDUZELAI AUZOAN
Aurrekontua: 16.335,00 €
Enpresa esleipendunak: -
Proiektugileak eta laguntzaileak: Leku Studio
Udal-arduraduna: Jose Ignacio Iribarren Berrade, Udaleko arkitektoa; Ana Suescun Erro, Udaleko arkitekto teknikoa.
Kokapena: Juaristi doktorea - Labayen doktorea
Posta-kodea: 31012
Juaristi doktorearen kalean igarobide jasangarri bat sortzea da proiektuaren xedea; lehentasuna emanen zaio oinezkoen eta bizikleten mugikortasunari, hiri-paisaia berdeagoa, erosoagoa eta osasungarriagoa sortuz. Proiektua berrurbanizazio “arin” edo “taktiko” baten bidez gauzatuko da, orain arte autoek nagusiki okupatutako espazio publikoa birbanatuz eta orekatuz. Hiriko espazioak berrantolatzeko malgutasuna eta arintasuna ditu ezaugarri urbanizazio “taktiko/arinak”, eredu berria testatu eta zabaltzeari begira. Urbanizazio taktikoaren ezaugarriak:
- Ez du obra handirik behar.
- Eraldaketak azkar egin daitezke.
- Egindako jarduketen itzulgarritasuna.
- Kostua doitua da.
Ardatz osoan estrategia komun bat erabiliko da: izaera propioa duten tarte edo segmentu batzuk ezarriko dira, eraldatze-sistemak deritzotenak. Jarduketa 4 eraldatze-sistemak eratzen dute.
- S1-Hezkuntza-sistema: Sanduzelai etorbidearen eta Nafarroa etorbidearen arteko jarduketa-esparruari “hezkuntza-sistema” deitu zaio, izan ere, hor daude San Jorge eta Sanduzelai ikastetxe publikoak, haur-eskola eta futbol-zelaia. Egun noranzko bakarreko zirkulazioa dauka, eta bi alboetan aparkatu daiteke; jarduketak eskola-inguruneak hobetzea proposatzen du, horretarako zirkulazio-erreiaren zabalera murriztuz; horrela, zirkulazioa baretuko da, eta toki nahikoa egonen da noranzko biko bidegorri bereizi bat jartzeko.
- S2-Lotura-sistema: Nafarroa etorbidearen eta Juaristi doktorearen arteko bidegurutzearen egoerak beharrezko egiten du Nafarroa etorbidearen ardatzeko mugikortasuna sakon aztertzea eta bertan jarduketa integrala eta sakona gauzatzea. Planteamendua da oinezkoen eta bizikleten sestrako konektagarritasunari lehentasuna ematea Juaristi doktorearen ardatzean, eta ez Nafarroa etorbideko ibilgailu-zirkulazioari. Azterlan hori egin gabe dago une honetan.
- S3-Komunitate-sistema: Auzoaren bihotzean, azalerak berriz orekatzeko proposatu da oinezkoei toki gehiago emanez eta autoen presentzia murriztuz, egonleku eta berdegune berriak ezarrita. Sistema honetan Labayen doktorearen kaleak osatzen duen ardatz perpendikularra txertatu da, auzoaren konektagarritasuna bi norabideetan hobetzeko; horretarako, lotu egin dira Sanduzelaiko civivoxaren gisako ekipamendu eta espazio estrategikoak Sanduzelaiko parkearekin, zeharka, eta osasun-zentroa zein parkea Sanduzelaiko hezkuntza-multzoarekin. Lehenengo eraldaketa-fase bat ezartzea hautatu da, urbanizazio arin eta itzulgarri baten bidez, zirkulazioa baretu eta oinezkoendako guneak handitzeko.
- S4-Sistema berdea: Sanduzelaiko Osasun zentroak kokaleku duen parkeko berdegunearen ondoan bidegorri bereizi bat txertatzea proposatzen da, bizikleta-ardatzaren jarraitutasuna bermatzeko Trinitarios parkeko loturaren barruan.
Aurrez ezarritako irizpide orokorrak hedatu eta gauzatzeko, jarduketa-estrategia arin eta malgua diseinatu da, kapsula berdeen edo eko-zelulen kontzeptua oinarri hartuta. Eko-zelulak izaera propioko kapsulak dira, txertagarriak eta sarean hedagarriak; landaretza dute eta haien programa funtzionala da. Jarduketa-unitateak dira eta bidea ematen dute erabilera berriak eta berdeguneak banaka edo sare-egituraz txertatzeko. Horrela, lehen ibilgailuek erabiltzen zituzten guneak konkistatzen dira, haietan berdeguneak, egonlekuak, jolasak eta abar –atseginak eta giza eskalari doituak– instalatzeko.