SAN PEDRO ETXE-MULTZOKO 14 ETA 16KO 5 UDAL-ETXEBIZITZA ZAHARBERRITZEKO LANAK
Aurrekontua: 186.565,05 €
Enpresa esleipendunak: Inserlantxo, Ingeman, Eletrojis, Varazdin, Idea Berri, Parquets Iruña SL, Puertas Santesteban SL, Pinturas Zubillaga
Proiektugileak eta laguntzaileak: -
Udal-arduraduna: Raquel Pérez Villanueva, Udaleko arkitekto teknikoa
Kokapena: San Pedro etxe-multzoa (Arrotxapea).
Posta-kodea: 31014
Guztira 234 etxebizitza dagozkio Arrotxapeko San Pedro etxe-multzoari, denak Iruñeko Udalarenak dira, eta luzetarako forma duten eta behea gehi 2 altuera diren eraikinetan banatuta daude. Marcelo Celayeta etorbidea dute iparrean eta Errotazar kalea ibaiarekiko hegoko mugan, bai eta Antsoain kalea mendebaldeko muturrean ere. 1950ean eraiki eta alokairuan jarri zituzten, eta geroztik ez dute berrikuntza-lan garrantzitsurik egin haietan. Etxebizitza-tipoa berdina da kasu guztietan, honako banaketa honekin bat: atondoa, egongela-jantokia, hiru logela eta bainugela. Guztira azalera erabilgarria 68,00 m2 da. Birgaitzeko multzoa 5 etxebizitzak osatzen dute, San Pedro Etxe-Multzoko 14 eta 16 zk.ko atarietan daude, eta haien birgaikuntzak honako lan hauek barne hartzen ditu:
- Bainugela eta sukaldea osorik zaharberritzea, instalazioak barne harturik. Lurzorutik sabairaino zolatua eta alikatatua jarri dute gres-portzelanako formatu berrietan. Ur hotz eta beroaz hornitzeko sare berri bat egin dute, polietileno erretikulatuzko hoditeriaz bainugelako sabaian barna doan PVCzko tutu korrugatu pean. Saneamendu-sare berria PVCn egin dute.
- Sukaldean, fatxadaren ondoan Sime Planet HE 20/24 ERP motako gas naturaleko galdara bat, berehalako kondentsazio naturalekoa, instalatu dute, ur bero sanitarioa eta berokuntza sortzeko, indarrean den araudia betetzeko aireztatze beharrezkoaz hornituta.
- Etxebizitzak berokuntza-sistema berri batez hornitu dituzte, kobre zurruneko eta diametro ezberdineko tutuekin beroa banatzeko eta aluminiozko Mithos Verona modeloko erradiadoreekin.
- Etxebizitza bakoitzean zegoen instalazio elektrikoa desmuntatu dute, eta instalazio berria paratu hartunetik beretik, oraingo REBTrekin bat. Zirkuituak PVCn txertatutako tutu korrugatu peko kobre eroaleaz eginak dira, sekzio egokietan argiteriarako, erabilera askotarako, sukalderako, garbigailurako eta ontzi-garbigailurako.
- Itxidurak zurezkoak ziren, barne sortako beiratze xumeekin eginak, eta kanporantz kontraleihoak zituzten, orri irristailuekin eta beiratze xumeekin. Aluminiozko arotzeriak instalatu dituzte, zubi termikoaren hausturaz eta emisibitate baxuko beiradun kristal bikoitza jarrita (6-16-4). Horiek guztiak eraisgarriak dira eta bi orrietako bat gutxienez, ardatz aldagarrikoa.
- Ate berriak paratu dituzte, zurezkoak, lauak eta zurian lakatuak, altzairu herdoilgaitzeko burdineriez eta eskulekuez.
- Gela hezeetako zolatu eta alikatatu berriez gain, parket flotatzaile berria paratu dute, salbu eta jarrita dagoen parkelita mantendu daitekeen geletan, hura lixatu eta bernizatu ondoren. 7 cm-ko errodapi berriak jarri dituzte, zurian lakatuak.
- Horma eta sabai guztiak pintatu dituzte, pintura plastiko liso mateaz, bi esku emanda, dauden paramentu guztiak aurrez homogeneizatu eta gero.
- Sukaldeak altzari altu eta baxuez zein behar beste etxetresna elektrikoz hornitu dituzte: hozkailua, funtzio-anitzeko labea, 3 eremuko bitrozeramikazko ukipen-plaka, altzairu herdoilgaitzeko kanpo kanpaia, 6 kg-ko zamako garbigailua, altzairu herdoilgaitzeko harraska, aginte bakarreko txorrota altu kromatua eta sukalde-gainekoa.