BEROKUNTZA INSTALAZIOA ARMA ARETOAN ETA BEHEKO SOLAIRUA BERRITZEKO LANAK ZIUDADELAN
Aurrekontua: 296.644,81 €
Enpresa esleipendunak: Veolia Servicios Norte, S.A.U.
Proiektugileak eta laguntzaileak: INARQ Ingenieros, SL, Inarq
Udal-arduraduna: Soledad Castiella Ramírez Udaleko arkitektoa eta Rakel Arbizu Armañanzas, Udaleko arkitekto teknikoa
Kokapena: Armada etorbidea, z.g.
Posta-kodea: 31002
Obra honetan, Ziudadelako Arma Aretoa berokuntzaz hornitzeko eta beheko solairua eraberritzeko lanak egin dituzte. 2006. urtean, Ziudadela zolatzeko eta azpiegiturez hornitzeko obran, sare eroale bat egin zuten geroan berokuntza zentralizatuko instalazio bat paratzeko Ziudadelako eraikinetan. Eraztun itxi bat gauzatu zuten, berokuntzaz hornitu beharreko eraikinetarako konexioez, kutxatila-erregistroekin etorkizuneko berokuntza lotzeko. 2018. urtearen bukaeran Ziudadela biomasazko bero-zentral batez hornitzeko obra egin zuten San Anton bastioiko kasamata zaharrerako sarrera-tunelean. Obra horrekin batera, Arma Aretora sartzeko sarrera-langa bat egin zuten, oztopo arkitektonikoak ezabatzeko eta eraikina termikoki egokitzeko, geroan instalatu beharreko berokuntzak errendimendu hobea edukitze aldera.
Proiektuak Arma Aretoa jotzen du Ziudadelako eraikin nagusitzat. Beheko solairua topaketarako gune gisa ulertzen da, non taberna edo kafetegi zerbitzu txiki bat, liburutegia edo mediateka, kultura eta arteari buruzko bibliografia, ikus-entzunezkoak, etab. egon daitezkeen. Lehenbiziko solairuan arte-erakusketak eginen dira, eta ganbaran, erakusketei lotutako lantegiak eta bitartekaritza programak. Berokuntzaren instalazioarekin batera, proiektuak beste zenbait jarduketa gehiago hartzen ditu kontuan, beharrezkoak horiek ere jarduketa-esparruan: behe solairuko elektrizitate-instalazioa eraberritzea, argiteria-sistema berria eta altzariez hornitzea.
Behe solairuaren barnealdean, informazio-gunea, gortinak eta zurezko moduluak kendu dituzte. Bi modulu berri eraiki dituzte, pinuzko zuraz egindako egituraz eta zurian lakatutako DMko estalduraz. Modulu bat biltokirako erabiliko da, eta bestean, geroan, kafea dastatzeko moduko eremu bat jarriko dute. Sarrera ondoan, beirazko manparak jarri dituzte, geroan proiekzio-areto txiki bat edo administrazio-gunea bertan sortzeko. Lehen eta bigarren solairuan, jarduketa txiki batzuk egin behar izan dituzte zoruan, bero-igorleak jarri ahal izateko. Bigarren fase baterako gelditu da erakinaren kanpo arotzerietan beiratzeak aldatzea, berokuntza-instalazioak errendimendu egokia eduki dezan beharrezkoa baita; halaber, bigarren fasean arma aretoa beharrezko altzariez hornitu beharko dute, beharrezkoa baita aurreikusitako jarduerak egiteko eta eskailerak ongi babesteko.