IRUÑEKO MENDILLORRI HAUR ESKOLARA ATZETIK SARTZEKO ARRAPALA
Aurrekontua: 42.776,69 €
Enpresa esleipendunak: LACUNZA HNOS
Proiektugileak eta laguntzaileak: -
Udal-arduraduna: Raquel Pérez Villanueva, Udaleko arkitekto teknikoa
Kokapena: Egulbati jaurerriaren k. 26
Posta-kodea: 31016
Mendillorri Haur Eskolako eraikina Iruñeko Udalarena da eta Haur Eskolen Erakunde Autonomoak kudeatzen du. 100 toki inguru dauka 0 eta 3 urte bitarteko ziklorako. Egulbati jaurerriaren kaleko 26. zenbakian dago, sarrera nagusia bertan baitago. 2017. urtean, araudiaren arabera egokitu zuten sarrera nagusiko arrapala, eta orain alboko atzeko arrapalari ekin behar zaio, zerbitzu-sarreran, dagoenak ez baititu arau-parametroak betetzen eta istripu bat edo beste gertatu delako. Arrapalaren sestra-tartea % 8tik gorako maldakoa zen eta ez zegoen egokiturik indarrean dagoen araudiarekin bat.
Egindako azterlan teknikoaren arabera eta kontuan harturik sarrera horrek duen erabilera, beharrezkotzat jo izan da, gune urbanizatuetarako irisgarritasunari dagokionez aplikagarria den araudia betetzeaz gain, ahalik eta sarbide erosoena egitea, erabiltzaile ezberdinei egokitzeko. Horrenbestez, egindako sarbideak % 6 baino gutxiagoko malda dauka goiko aldean eta % 9,75ekoa espaloiaren tartean, eta oraingo arrapalaren aurrean koska batzuk jarri dituzte. Elementu horiek diseinatzerakoan kontuan hartu dira “Esparru publiko urbanizatuetan sartzeko eta horiek erabiltzeko irisgarritasunaren eta bereizkeriarik ezaren oinarrizko baldintzen” txosten teknikoak garatzen duen otsailaren 1eko 651/2010 VIV Aginduaren eskakizunak. Koska bakoitza luzera osoan seinaleztatu dute kolore beltzeko 5 cm zabal den carborundumeko zerrenda batez. Ertzetik 3 cm-ra jarri dute eta kontrastea eginen du testuran zein kolorean koskaren hormigoi argiko zoladurarekin.
Eskailerako muturrak norabide-adierazle den 1,20 m-ko ukimen-zoladurako zerrenda batez seinaleztatu dituzte. Zerrenda noranzkoaren zeharkako zentzuan jarrita dago eta ildaska zuzen paraleloetako baldosa bat da; haren gehieneko sakonera 5 mm da, aipatu araudiaren 46. artikuluak adierazitakoarekin bat. Altzairu galvanizatuzko barrote-baranda batek babesten du jauzi bertikalean 50 cm-tik gorako desnibela duen arrapala-tartea. Tutu galvanizatuzko pantaila bat, 60 mm-ko diametrokoa eta 1,70 m-ko altuerakoa , jarri dute lurzatiaren itxidurari jarraituz.