LANDARE-LEHORTEGIA ETA BARATZE-ALOR ESPERIMENTAL KLIMATIZATUAK

LANDARE-LEHORTEGIA ETA BARATZE-ALOR ESPERIMENTAL KLIMATIZATUAK

Aurrekontua: 209.680,90 €

Enpresa esleipendunak: COBOSA CONSTRUCCIONES

Proiektugileak eta laguntzaileak: XABIER ZUBIALDE LAGARRETA

Udal-arduraduna: Raquel Pérez Villanueva, Udaleko arkitekto teknikoa

Kokapena: Arantzadiko Inguruneko kalea, 4 Arantzadiko parkea

Posta-kodea: 31014

Jarduketa Spagyria proiektu europarraren barruan dago (argibide gehiago: https://www.spagyria-fres.eu/). Alde batetik, erabilera esperimentaleko baratze-alor sistema diseinatu, zedarritu eta irudikatu nahi izan dute, laborantza klimatizatuko sistema gisara, landareen eta barazkien landaketan esperimentatzeko. Esperimentazioko baratze-alorrek zenbait berezitasun dituzte: landareak sustraitzen diren lurraren tenperatura kontrolatu, aldatu eta kudeatu daiteke, eta landareen hazkundean eragiten duten parametro batzuk monitorizatu eta erregistratu daitezke, hala nola, ingurumen-tenperatura, ingurumen-hezetasun erlatiboa,CO2-ko ppm airean, lurraren tenperatura...

- Beste alde batetik, erabilera esperimentaleko eraikin bat diseinatu, zedarritu eta irudikatu nahi izan dute, 150 kg landare edo barazkien lehortegi edo deshidratazio-toki gisara, betiere 40ºC-tik gora ez dela egonen bermaturik, landareen eta barazkien olio esentzialak, bitaminak eta propietateak bermatzeko.

Eraikinaren gaineko eguzki-energia erradiatzaileaz eta biomasaz baliaturik lehortegi bat edo deshidratatze-toki bat instalatzeko egokiera gauzatu dute, energia-eraginkortasun handieneko diseinuaz zein funtzionamendu-erregulazio eta kontrolaz, lehortze-prozesua ahal den energia gutxiena erabilita optimizatzeko. Horrek berekin ekarriko du, ondorioz, lehortze-prozesuan energia-erabiltzeari lotutako gastuak murriztea eta isuri kutsagarriak gutxitzea. Proiektua abian jartzerakoan bi betekizun horiek hartu dira oinarri, eta helburu orokor gisara jarri dute ahal den moldakortasun handienaz lortzea geroan esperimentatu eta errepikatu ahal izateko, betiere ahal den energia gutxiena erabiliz eta ekoizpen-prozesuari lotutako isurketa kutsagarriak ahalik eta gehien gutxiagotuz.

SPAGYRIA: LANDARE-LEHORTEGIA ETA BARATZE-ALOR ESPERIMENTAL KLIMATIZATUAK

Lehortegia goraturik dago gerta daitezkeen uholdeen kalterik ez izateko, eta honako gune hauek osatzen dute: lehenik eta behin sarrera-eremu bat, arrapalaz eta atondoaz horniturik; makina-aretoa, behar diren sistemekin (biomasa-galdara, aire-klimatizagailua, elektrizitate-koadroa, erregulazio- eta kontrol-sistema); igarobide-eremua, bisitak jaso, erakusketak egin eta lehortegira sartzeko; lehortegi bera, landareak eta barazkiak biltzeko, eta kristalez hornitutako berotegi-eremua hego eta mendebaldeko fatxadetan, eguzki-energia hartzeko. Horregatik, erregulazio- eta kontrol-eremuak erabilera eta parametro askotaz arduratzen da, parametro anitzen neurketak barne harturik, hala nola tenperatura, hezetasun erlatiboa, CO2-ko ppm, etab., bai eta datu-base batean horiek erregistratzeaz, behar bezala tratatzeko. Honako hauek egiten ditu:

- Lehortzeko prozesu jasangarria, eraikinak atzemandako eguzki-energiaz soilik eginda eta airearen gutxieneko mugimenduaz hezetasunen arabera.

- Lehortzeko industria-prozesua: lehortze-prozesua behartu egiten da eguzki-energia, biomasa eta aire-emari handiak erabilita.

Hegoari begirako eta inklinazio bertikaleko azalera-m2 bakoitzaren gaineko eguneko irradiazio globala ikusita, interesgarria jotzen da azalerako 30m2 gutxienez edukitzea energia atzemateko, landare-karga bat lehortzeko prozesurako. Hori horrela, gune horiek prestatu dituzte, bata hegoko orientazioaz (gutxienez 30 m2-koa) eta bestea mendebaldera begira (gutxienez 9 m2-koa), biak kolore beltzekoak.

FacebookTwitterPrintEmailWhatsApp

< AURREKOA | HURRENGOA >