Auditoretza oinezkoen pasabideei buruz
Aurrekontua: 5.000,00 €
Enpresa esleipendunak: SUMA
Proiektugileak eta laguntzaileak: Mugikortasuneko Zerbitzua
Kokapena: Udalerri osoa
Posta-kodea: Guztiak
Mugikortasunari buruzko Udal Ordenantza berriak indarra hartzearekin batera Iruñeko zebra-bide guztien gaineko auditoretza egin behar izan da. Mugikortasunari buruzko Ordenantzaren arabera, debeku da, oro har, oinezkoen pasabide orotara iritsi aurreko 5 metroetan aparkatzea edo geldialdia egitea, zirkulazioaren noranzko berean, bai eta bost metro horietan ikusgaitasuna galarazten duen edozein elementu paratzea ere gidarien eta oinezkoen arteko ikusgaitasuna eta bidegurutzeetako segurtasuna bermatze aldera. Hori horrela, kendu egin dira aparkatzeko edo geratzeko tarteak, taxienak eta garraio publikoarenak barne, bai eta hondakinen edukiontziak ere. Udalak auditoretza bat egin du hiriko zebra-bideen egoerari buruz, zehazki jakiteko halako zenbat dauden hirian guztira eta horietako zeinek ez duten betetzen aipatu araua, haietan esku hartzeko. Egindako lanak bidea eman du horien geoerreferentzia hartzeko eta ezaugarriak ezagutzeko.
2.609 zebra-bide zenbatu dira, eta haietatik 1.566k ez dute betetzen araua. Hartara, orain badakite guztira egin beharreko esku-hartzeak 2.107 direla (1.566 zebra-bide baino gehiago, horietako askotan bi alboetan daudelako eragozpenak). Hona ez-betetzeen arrazoiak:
- Ilarako aparkaleku-plazak, 1.049 kasu
- Bateriako aparkaleku-plazak, 729 kasu
- Hondakinen edukiontziak, 48 kasu
- Taxi-geralekuak, 13 kasu
- Iruñerriko hiri-autobusen geralekuak, 59 kasu
- Motozikletetarako aparkaleku-plazak, 207 kasu
- Bizikletetarako aparkaleku-plazak, 2 kasu (Mugikortasunari buruzko Ordenantzak lehenbiziko 3 metroetatik aurrera baimentzen ditu motoak aparkatzea, eta bizikletak, lehenbiziko 2 metroetatik aurrera; hortaz, aipatu distantzia horiek baino hurbilago dauden aparkaleku-plazak zenbatu dira).
Hala oinezkoen pasabideak nola horietan araua betetzen ez dutenak auzoka zenbatu dira, eta, horrenbestez, posible izan da esku hartzeko lehentasun-ordena ezartzea (pasabide kopuru gehiago edukitzeagatik, biztanleriaren ezaugarriengatik –zahar eta haur kopuruaren arabera– edo arrisku-maila kontuan harturik, auzo bakoitzaren istripu kopuruaren arabera.