Iruñeko Mugikortasun Estrategia (2020-2023)

Iruñeko Mugikortasun Estrategia (2020-2023)

Aurrekontua: 8.150,00 €

Enpresa esleipendunak: GEA21

Proiektugileak eta laguntzaileak: Proiektu eta Obretako zein Mugikortasuneko udal-zerbitzuak

Kokapena: Udalerri osoa

Posta-kodea: Guztiak

Duela bi hamarkadatik hona, Iruñeko Udalak ahalegin handi samarra egin du Mugikortasuna aztertu eta planifikatzeko; 2019an onetsi zen Iruñeko Mugikortasunari buruzko Udal Ordenantza dugu azken erreferentzia-mugarria; bertan zenbait arau ezarri ziren ibilgailuen zirkulazioari eta oinezkoen joan-etorriei dagokienez, eta espazio publikoan modu jasangarriagoaz mugitzeko eraldaketa bideratu zuen, oraindik indarrean den 2005eko Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Toki Ituna oinarri harturik. Jada abiatu diren eta agendan dauden erregulazio-, proposamen- eta plangintza-multzoak lehentasunen arabera eta bereziki 2020-2023 aldiari zuzendutako jarduketa-estrategia bati jarraituta egin behar dira; izan ere, aldi horretan zehar ezarri behar dira oinarriak mugikortasun-eredua sakonki eraldatzeko eta erronka zein konpromiso batzuei aurre egiteko Komunitate, estatu eta nazioarte-mailetan.

Iruñeko Mugikortasun Estrategia (2020-2023)

Konpromisoen artean, bereziki azpimarratu beharra dago Klima eta Energia Jasangarriaren aldeko Alkateen Ituna, 2009an sinatua eta 2020an berritua; izan ere, garraioak proportzio handian isurtzen ditu berotegi efektuko gasak (% 57, gure hirian). Eta garrantzitsua da, baita ere, Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legean ezarritako betebeharra: haren arabera, Tokiko Entitateek Irisgarritasunari buruzko Plangintza Integralak prestatu eta onetsi behar dituzte, beren sistema askotarikoak irisgarritasun-baldintzen berrietara egokitzeko, bide-sistema barne hartuta. Iruñeko Mugikortasun Estrategia (2020-2023) xede honen arabera zehazten da: kalitateko espazio publikoa lortzea, “Zero” ikuspegitik abiatuta, hau da, zero harrapaketa eta berotegi efektuko gasen zero isurketa, irisgarritasun unibertsala duena eta ingurumen-kalitate handikoa (zarata gutxiago, airearen kalitate hobea eta berdegune gehiago), bai eta gizarte-ekitatea duen espazioa lortzea ere, non jasangarriagoak diren mugitzeko moduak ekitatiboki arituko baitira ibilgailu motordunen aurrean.

Erredaktatutako agiria Udalean eztabaidatzeko euskarria da, eta Estrategia zedarrituko duen markoa zein esku-hartze nagusiko irizpideak ezartzen ditu, Mugikortasunaren arloko alderdi garrantzitsu bakoitzean. Agiri operatiboa eta irekia da eta aipatu aldirako udal-jarduna gidatu behar du, jarritako helburuak taxuz eta zehaztasunez lortzeko. Agiriak, lehenengo eta behin labur deskribatzen ditu udal-jardunaren lan-baldintzak, honako hauek barne hartuta: egungo ereduaren gaineko diagnostiko laburra, konprometitutako proiektuak eta helburuak, indarreko arauak eta onespen- zein asimilazio-prozesuan daudenak. Halaber, garrantziagatik atzemandako kasuetan esku hartzeko irizpideak proposatzen ditu, bai eta munta handieneko jarduketak zein proposatutako helburuak betetzeko lehentasunak ere.

Amaitzeko, “eman beharreko urratsak” izeneko kapituluak kronograma batean ezarri ditu 2020-2023ko aldian abiatu behar diren jarduketak eta asetzeko diren beharrak, bidenabar prozesuaren ziurgabetasunak eta aukerak aipatuta. Estrategia hau bat dator Pamplona/Iruña 2030 Hiri Plan Estrategikoak zehaztu duen lehentasun nagusiarekin: Iruña berde, ekologiko eta klimarekin engaiatua, honako jarduketa-ildo nagusiaren jabe: “Mugikortasun osasungarri, jasangarri, inklusibo eta irisgarriaren aldeko Iruña”.

FacebookTwitterPrintEmailWhatsApp

< AURREKOA | HURRENGOA >