2019ko Europako Mugikortasun Astea

2019ko Europako Mugikortasun Astea

Aurrekontua: 26.840,97 €

Enpresa esleipendunak: Goraki, Navar Producciones, Iruziklo eta NC

Proiektugileak eta laguntzaileak: Komunikazio Zerbitzua, Herritarren Segurtasuneko Alorra eta Udaltzaingoa, eta Mugikortasuneko Zerbitzua

Kokapena: Gazteluko plaza, Sarasate pasealekua eta San Pedroko Ingurumen Hezkuntzako museoa, beste zenbait tokirekin batera.

Posta-kodea: 31001 eta 31014

Urtero bezala, Iruñeko Udalak bat egin du “2019ko Europako Mugikortasun Astea” kanpainarekin, irailaren 16tik 22ra eta Europako Batzordeak sustatuta. Ekimenak mugikortasun jasangarriaren aldeko jarduerak egitera animatzen ditu hiri parte-hartzaileak, bai eta behin betiko izaerako neurriak garatzera udalerriendako onuragarri urte osoan zehar eta etorkizunean. Urteko kanpainak lelo bat eduki du, eta 2019koa “Walk with us” (“Gurekin batera ibili”) izan da. Kanpainan bereziki azpimarratu dute hala oinez mugitzen direnen eginkizuna, Iruñearen kasuan oinezkoak protagonista nagusiak baitira gure garraiobideen gaineko banaketarekin bat (eguneroko joan-etorrien % 42 oinez egiten da) nola Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Tokiko Itunaren helburuak. 2019an abian jarri dituzten neurri iraunkorren artean oinezkoen mugikortasuna erraztera zuzendutakoak izan dira garrantzitsuenak, hala nola Mugikortasunari buruzko Ordenantza berria, Navas de Tolosa kalea eraberritzeko lanak eta eskola-inguruetan zirkulazioa baretzeko neurriak.

2019ko Europako Mugikortasun Astea

Era askotako jarduerak gauzatu dira Iruñean Mugikortasun astean eta oso harrera ona eduki dute herritarren partetik.

- Argibide gunea Gazteluko plazan. Astelehenetik larunbatera jardun du, eta bertan argibideak eman dituzte astean zehar programatutako jarduerei buruz eta zalantzak argitu Mugikortasunari buruzko Ordenantza berriaz.

- Ikastaroak, helduek bizikletaz segurtasunez ibiltzen ikas dezaten. Lau ikastaro antolatu dituzte “Bizieskola helduentzat” prestakuntza-programaren barruan, eta gero segida izan dute urtean zehar.

- Komunikazio-kanpaina eta informazio-hitzaldiak Mugikortasunari buruzko Udal Ordenantza berriaz. Bigarren komunikazio-kanpaina bat, garrantzitsuena, sustatu da ordenantzaren indar-hartzeari buruz. Halaber, berezko lau hitzaldi antolatu dituzte gaiari heltzeko; udal-teknikariek eman dituzte zentro zibikoetan.

- Jolas-informazio kanpaina bat auzotarren bizikleta-aparkalekuei buruz, Arrotxapea eta Milagrosa auzoetan. Ibilaldi antzeztu bat egin dute: bizikleta berezietan ibilita argibide-liburuxkak banatu dituzte kalea alaitzearekin bat. Halaber, ate irekiko jardunaldiak egin dituzte aparkalekuak bisitatzeko eta erabiltzaileendako erreserba- zein alta-sistema ezagutzeko.

- Bi bizikleta-ibilbide kultural. Taldeka eta bizikletaz egitekoak diren bi ibilbide prestatu dituzte; bata Jorge Oteiza eskultorearen hiri-eskulturetan barna, gure hirian, eta bestea, zuhaitz bereziak edo historikoak dituzten parke edo espazioetan barna. Adituak eta Mugikortasuneko Zerbitzuko teknikariak aritu dira ibilbideak antolatzen.

- Haurrendako bizikleta-martxa. 2018-2019ko ikasturtean Bizieskolan parte hartu duten ikastetxe eta ikasgelekin batera antolatu da martxa, proiektua ikastetxeekin batera ospatu eta jasotako ikaskuntza erakuste aldera. Iruñeko 8 ikastetxek parte hartu dute –guztira 600 ikaslek–. 4 ibilbideek Sarasate pasealekuan bat egin zuten, eta haietan zehar udaltzainak haurrekin batera joan ziren segurtasuna bermatzeko. Iruñeko erdialdera iritsita, ikasleek jolas- eta hezkuntza-jardueraz beteriko goiza disfrutatu dute, eta goiza amaituta ikastetxera itzuli dira irakasleek lagundurik.

2019ko Europako Mugikortasun Astea
FacebookTwitterPrintEmailWhatsApp

< AURREKOA | HURRENGOA >