Labriteko Ardatz Jasangarriaren Alternatiba-azterlana eta aurreproiektua
Aurrekontua: 31.609,01 €
Enpresa esleipendunak: GEA21 eta SUMA
Proiektugileak eta laguntzaileak: Mugikortasuneko Lantalde teknikoa (Iruñeko Udala eta Iruñerriko Mankomunitatea), Partaidetza-saioak eta Mugikortasuneko Zerbitzua
Kokapena: Magdalena, Vergel, Joan Labritekoaren, Nafarroako Gorteen eta Lizarra kaleak
Posta-kodea: 31015 eta 31001
Labriteko Ardatz Jasangarriaren proiektuak ibilbide luze bat birmoldatzea dauka xede, Magdalena kaletik, Txantrea auzoan, Lizarra kaleraino, Yanguas y Miranda kalearekin bat egiten duen tokian, Vergel eta Joan Labritekoaren kalean barna Zabalguneko eta Alde Zaharreko sestrara igo eta gero. Proiektuak gizartearen parte handi baten babesa dauka, eta haren eskarietako bat da Labriteko aldapan ibilgailu motordunen zirkulaziotik bereizitako azpiegitura ziklista bat txertatzea, Txantrea auzotik Iruñeko mesetara bizikletaz doazenen segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko, baldintza hauekin bat: oinezkoen mugikortasuna hobetzea, garraio publikoaren zirkulazioa baldintza hoberenetan bermatzea eta hiri-kalitatea sustatzea ondareaz eta paisaiaz bezainbatean garrantzi handiko eremu honetan.
Obrak kontratatu baino lehen exekuzio-proiektu bat 2020an enkargatzeko aurreproiektuaren zehaztapenak ikerketa tekniko xehatua eskatu du azpiegitura ziklista ardatzean txertatzeko zailtasunengatik, batez ere topografia eta Labriteko frontoiaren aldean bideak duen sekzio estua direla bide. Zerbitzu-kontratu batzuen exekuzioak bidea eman dio Iruñeko Udalari zenbait azterlan eginda edukitzeko, hala nola egungo zirkulazioaren gainekoa, agertoki berrietako zirkulazio-proiekzioa, inguruneko datu topografikoak eta diseinu-alternatiben proposamenak. Amaitzeko, aurreproiektu bat egin da, adostasunik handiena –bai teknikoki, bai kolektibo ziklistetan eta proiektuari lotutako elkarteetan– bildu duen proposamenetik abiatuta.
2018ko bukaeran, 2019ko otsailean aurkeztutako azterlan teknikoa lizitatu zen. Azterlanak honako hauek barne hartzen ditu: edukierak eta zirkulazio-fluxuak, alternatiben gaineko azterlan teknikoa Magdalena kaletik Amaia kaleraino, eta zirkulazioaren mikrosimulazioak. Lan hori egin eta partaidetza-saioetan kolektibo ziklistei zein ardatzaren birmoldaketari lotutako elkarteei hura aurkeztu ostean, udal-teknikariek irtenbideak proposatu zituzten adostu ez ziren alderdietarako. Azkenik, urrian kontratatu zen behin betiko aurreproiektua, zeinak, proposatutako alternatibak eta irtenbideak aztertu eta gero, ardatza bere osotasunean zehazten baitu hasieratik, Magdalena kalean, Lizarra kaleraino. Behin betiko irtenbide teknikoak bidegorri bat jasotzen du; noranzko bikoa da eta Alde Zaharrera igotzeko noranzkoan eskuinean bereizita dago. Ibilbide jarraitua dauka ardatz osoan barna, Magdalena kaletik Lizarra kaleraino, eta Amaia kalean bat egiten du beste bidegorri baten abiapuntuarekin. Argi eta garbi egiten du apustu hiriko ibilbideen sare nagusi bat ezartzeko, auzoak lotu eta beste zenbait ardatz nagusirekin bat egiten duena.
Proiektatu den bidegorriak bat egiten du Argaren paraleloan doan Alemanes pasealekukoarekin eta Hego-Txantrea urbanizazio berrian eginen den bizikleta-pistarekin. Haren obrak orain hasi dira eta geroan Burlataraino iritsiko da. Bidegorria Lizarra kaleak Yanguas y Miranda kalearekin bat egiten duen elkargunean amaitzen da. Bertan bidegorri berri bat proiektatu du Udalak: iparretik, Navas de Tolosa kalekoarekin bat eginen du eta Pio XII.aren noranzko bakarreko bidegorrietan barna jarraituko du, eta, hegoaldetik, Gaztelugibeleko, Erletokietako eta Julián Gayarre kaleko bidegorriekin.