Bizikletetarako aparkaleku publikoen sarea

Bizikletetarako aparkaleku publikoen sarea

Aurrekontua: 91.289,00 €

Enpresa esleipendunak: Intelligent Parking, UTE Alumbrado Pamplona, Erriberri, Heda Comunicación, Rótulos Bia, Copyprint eta Goraki

Proiektugileak eta laguntzaileak: Koadernaketa eta serigrafiako udal-lantaldea eta Mugikortasuneko zerbitzua

Kokapena: Zezen-plaza Arrieta kalearen ondoan, Nafarroako Ospitalegunea (Protomedicator plaza) eta Txantreako Arriurdiñeta plaza

Posta-kodea: 31001, 31008 eta 31015

Bizikleta eguneroko joan-etorrietarako sustatzeak berekin dakar segurtasunez eta eraginkortasunez ibiltzea ahalbidetzen duen bizikleta-sare bat edukitzea, bai eta bizikleta-aparkaleku egokiak ere egotea, bizikleta elektrikoak erabiltzeko ere bultzatzen dutenak. Behar horri erantzute aldera, Iruñeko Udalak abian jarri du Bizikletetarako Aparkaleku Publikoen Sare berria; aparkalekuak babestuak, seguruak eta txandakakoak izanen dira, modulu estaliek osatuko dituzte, sarbideak kontrolatzeko sistema eta bideozaintza izanen dituzte, eta prestaturik egonen dira mota horretako ibilgailuak aparkatzeko.

Bizikletetarako aparkaleku publikoen sarea

Lehenengo hiru moduluak Zezen-plazan (Emilio Arrieta kalearen ondoan), Nafarroako Ospitalegunearen eremuko Protomedicato plazan (lurpeko aparkalekuaren gainean) eta Txantreako Arriurdiñeta plazan (liburutegi publikoaren ondoan) instalatu dira. Aparkalekuak aluminiozko egituraz eta polikarbonato gardeneko paramentuz eginak dira, eta argiztapen artifiziala eta bateria osagarri bat ere badute, hutsegite elektrikoren bat egonez gero funtzionatzen jarraitzeko. Gardentasuna eta argiztapena lagungarri dira erabiltzaileen eta ingurunearen segurtasunerako. Aparkaleku bakoitzak 50 leku, bizikleta elektrikoetarako 2 kargagune adimentsu eta gurpiletarako puzgailu bat dauzka. 2018ko hainbat hilabetez Nafarroako Liburutegi Nagusian eta Aldapako San Fermin festetan Basotxoan kokatutakoen antzekoak dira. Sarearen berezko irudi baten bidez identifikatzen dira, biniloen bitartez; bertan, aparkalekuak erabiltzeko baldintzak eta haien kokapena agertzen dira Iruñeko mapa eskematiko batean.

Bizikletetarako aparkaleku publikoen sarea Sarearen erabiltzaileek berariazko webgune eta app bana dute eskuragarri, hala zerbitzuan alta hartzeko nola aparkalekuetara sartzeko. Erabiltzaileek sarbide-kode bat jasotzen dute, alta hartzerakoan eman zaien hori bera; hura sakatu beharko dute sarrerako botoietan. Halaber, mugikorrean instalaturik app bitartez ere sar daitezke. Bizikleta-aparkalekuetara, eguneko 24 orduetako edozein unetan sar daiteke, asteko 7 egunez. Hileroko oinarrizko tarifa 2 euro da, eta hiru aparkalekuetan aparkatzeko aukera ematen du, erabiltzailea altan dagoen hilabete bakoitzean eta nahi beste alditan, betiere gehienez ere 48 orduz jarraian. Denbora hori pasata, bizikletak aparkatuta jarraituz gero, erabiltzaileak 50 zentimo gehiago ordaindu beharko ditu ordu bakoitzeko, txandakatzea bermatze aldera.

Sarea sustatzeko, ate irekiko jardunaldiak egin dira aparkalekuak eta haien funtzionamendua ezagutzera emateko, eta liburuxka zein bideo bat zabaldu dute Udalaren sare sozialetan. Alta hartutakoek doan erabili ahal izan dute zerbitzua martxoaren 1era arte. Mugikortasuneko zerbitzuak hitzarmen-marko bat egin du enpresa esleipendunarekin, aparkalekuak hornitu, kudeatu eta mantentzeko. Aurreikusitakoaren arabera, kudeaketa-eta mantentze-kostua erabiltzaileek ordaintzen dituzten tarifek estal dezakete. Sarea 2020. urtean zehar handituko da beste hiru aparkaleku gehiagorekin, izan ere, horiek non kokatu aztertzen ari dira, betiere ezarpen-irizpide gisara hartuta bidaia askotako eremuak izatea.

FacebookTwitterPrintEmailWhatsApp

< AURREKOA | HURRENGOA >