Bidegorrien Plana. II. Fasea
Aurrekontua: 13.007,50 €
Enpresa esleipendunak: SUMA Urban Sustainability Consultans
Proiektugileak eta laguntzaileak: Mugikortasun Zerbitzua
Kokapena: Udalerri osoa
Posta-kodea: Guztiak
Iruñeko Bidegorrien Planaren (2017-2022) erredakzioa Iruñeko Udalak ingurumena babesteko eta espazio publikoa, bide-segurtasuna eta, oro har, hiriko bizi-kalitatea hobetzeko hartu dituen eta Udalaren konpromisoa islatzen duten neurrietako bat da. Neurriok bat datoz 2005ean hitzartutako Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Tokiko Itunaren printzipioekin. Plana bi fasetan erredaktatu da, I. fasean zegoen bidegorri-sarea aztertu, haren gaineko diagnostikoa egin eta bidegorri-sare berri baterako oinarrizko proposamena aurkeztu zuten; fasea 2018an amaitu zen. II. Fasean, sare berriaren ezaugarri teknikoak zehaztu dituzte eta haren ezarpena planifikatu zein programatu dute; fasea 2019an egin da. Planak bidegorri-sare bat zehazten du hirirako, eta baldintzak ezartzen ditu bidegorri bereizirik gabeko aldeak bizikletendako ere izan daitezen, galtzada ibilgailu motordunekin partekatuz. Hona, laburbilduta planteamendua:
- Sarea honako irizpide hauen arabera trazatu da: Irisgarritasuna/Estaldura, Konektagarritasuna/Jarraitutasuna, Segurtasuna, Erosotasuna, Eraginkortasuna, Gizarte Ekitatea, Irakurgarritasuna, Eraginkortasun ekonomikoa eta Ingurumen Inpaktua.
- Sare zehatz bat proposatu da, baina ez modu zurrunean, baizik eta orientagarrian, eta harekin batera hura egiteko irizpide teknikoak: sare-antolamendua, gutxieneko neurriak eta abar.
- Ziklista-azpiegiturako sare bat proiektatu da, honela zatituta: Metropoli-sareko bidegorriak, Gertuko bidegorriak eta Estaldura-bideak.
Zedarritu den sarearen parte bat dagoeneko badiren azpiegitura-tarteetan barna doa, baina gehienetan hobekuntza-lanak proposatu dituzte.
Metropoli-sareko bidegorriak ibilbide luzeko bideetan edo hiriko bide nagusietan daude, eta lotura egiten dute ondoko udalerriekin edo hiriko auzoen artean. 11 ibilbide oso dira. Horietako bakoitzaren datu teknikoak eta esku hartzeko proposamenak ezarri dituzte.
- Gertuko bidegorriak ibilbide laburrekoak dira, auzo berean barnakoak edo ondoko auzoekiko lotura egitekoak. Bereizitako azpiegitura ziklista bat aurreikusi da, benetan sare jarraitua eta lotua eratzeko Metropoli-sareko bidegorriekin. Hiriko 13 eremutan funtzionaltasuna bermatzeko gertuko bidegorriak aurreikusi dira, eta Planak datu teknikoak ematen ditu horietako bakoitzean esku hartzeko proposamenekin batera.
- Estaldura-bideak: bertan ez da azpiegitura ziklista bereizirik aurreikusi, eta bideen eraldaketa proposatu da kalearen diseinuak bidea eman dezan galtzadako zirkulazioa partekatzeko (ibilgailu motordunen gehieneko abiadura 30 Km/h-koa izanen da, eta baretze-neurriak hartuko dira hori bermatzeko).
Planak, halaber, Azpiegitura Ziklisten Seinaleztapen eta Orientazioko eskuliburu bat barne hartzen du. Bertan, irizpide teknikoak eta diseinu-tipologiak jasotzen dira bizikleta-sareari homogeneotasuna emateko eta elkarguneen seinaleztapena eta diseinua soildu eta estandarizatzeko, bide horiek erabiltzen dituztenei irakurgarritasuna bermatzeari begira.