Bizikletak aparkatzeko euskarriak bide publikoan ezartzeko plana
Aurrekontua: 10.907,53 €
Enpresa esleipendunak: Talleres Garde
Proiektugileak eta laguntzaileak: Hiri Kontserbazioko Alorra, Soldadurako udal-lantaldea, Herritarren Segurtasuneko Alorra eta Mugikortasuneko Zerbitzua
Kokapena: Udalerri osoa
Posta-kodea: Guztiak
Urtero bezala, Iruñeko Udalak bide publikoan aparkatzeko diren bizikleta-euskarriak konpondu eta haien kopurua handitzen du, urtero Mugikortasuneko zerbitzuak taxutzen duen ezarpen-plan baten arabera. 2019. urtea hastearekin batera bizikletak aparkatzeko 40 modulu erosi eta jaso dira; “Unibertsal” motakoak dira, Iruñean erabilienak 6 aparkaleku-plaza dauzka eta buruz behera jarritako hiru “U”-k osatzen dute; altzairu galvanizatuzkoak dira eta bi pletinak lotzen dituzte, izan ere, haien gainean bermatu eta ainguratzen dira zoruari. Aparkatze-moduluak espaloietan instalatu ohi dira, baina galtzadetan ere badira, batez ere bidegorriei loturik, esaterako, Pío XII.aren etorbidean. Beste zenbait instalazio ikastetxeetako barrutietan ere egin dira, hala nola Haur Eskoletan (hezitzaileentzat eta familientzat) eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan (irakasle, familia eta ikasleentzat). Horiek mantentzea Iruñeko Udalaren ardura da. Bizikleta-aparkalekuak instalatzeko kokapenak ezarpen-planean jasotako hiru aldaeren arabera hautatzen dira:
- Udaleko teknikarien ikuskaritza bidez ofizioz atzemandako beharrak asetzeari zuzendutakoak. Bizikleta-aparkalekurik ez dagoen edo daudenak baino gehiago behar diren tokietan horietaz hornitzea beharrezkoa dela erabakitzen da. Eremu horietan dauden bizikleta-aparkalekuak gainezka daude eta, horren ondorioz, bizikleta asko egoten dira gaizki aparkaturik farola, hesi eta hiri-altzarietan.
- Udal-lurzoruan kokatutako administrazioek, elkarteek eta entitate publikoek zein pribatuek Udalari egindako eskaerak; horiek aztertu eta egoki joz gero, ase egiten dira.
- Espazio publikoan birmoldaketak egitea; halako kasuetan, bizikletak aparkatzeko euskarriak kokatu behar dira, edo daudenak tokiz aldatu.
Urteko azken hiruhilekoan, Herritarren Segurtasuneko Alorrak erositako modulu berriak ezarri dituzte, Iturramako eta Arrotxapeko zuzkidura handitzeko. Aipatu auzoetan, oinezkoendako pasabideetan esku hartu dute zebra-bideen aurreko 5 metroetan ibilgailuen aparkatzeko aukera kenduta, Mugikortasunari buruzko Ordenantza berria betetze aldera. Ordenantzak bidea ematen du bizikletak 2 metrotik aurrera eta horraino aparkatzeko, uste baita distantzia horretan ez dela ikusmen-oztoporik sortzen gidarien eta oinezkoen artean; hori horrela, bizikletak aparkatzeko moduluak instalatu dituzte zenbait kasutan, galtzadan, distantzia horrekin bat. Orobat, narriatuta dauden moduluak konpontzeko edo zenbait arrazoi direla-bide horiek beste toki batera eramateko lanak egin ohi dira. Zenbait kasutan, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboek eskaerak aurkeztu dituzte euskarrien kokapena hobetzeko, eta horrela, irisgarritasun unibertsala bermatzen lagundu dute. Ofizioz, aparkalekuak, gainerako hiri-ekipamenduak edo -altzariak bezala, irisgarritasun unibertsaleko irizpideei jarraituta instalatzen dira, baina beti dago zer hobetu.