Auzotarrendako bizikleta-aparkalekuak
Aurrekontua: 11.775,86 €
Enpresa esleipendunak: Intelligent Parking (app PVerde)
Proiektugileak eta laguntzaileak: Mugikortasuneko Zerbitzua eta Animsa
Kokapena: Alde Zaharra, Milagrosa eta Arrotxapea
Posta-kodea: 31001, 31006 eta 31014
2017az geroztik, Iruñeko Udalak bost lokal egokitu ditu bizitegi-erabilerako bizikleta-aparkalekuak izateko. Aparkaleku hauen bidez, bizikletak etxebizitzetan gorde beharrak sortzen dituen arazoak konpontzen dira, izan ere, horietako batzuetan espazio falta dago edo ez dago igogailurik. Lehenbiziko biak Alde Zaharrean jarri zituzten, zehazki Descalzos kaleko 23 eta 27an, eta guztira 124 plaza zituzten. 2018an, Arrotxapekoa (Urzainki k. 14) eta Milagrosakoa (Juan María Guelbenzu zehark. 8) abiatu zituzten. Lehenak 170 plaza ditu, eta bigarrenak, 158. 2019an, Alde Zaharrean beste lokal bat egokitu dute, San Anton k. 7an, auzoan zegoen eskari-maila handia ikusita. 57 plaza ditu. Apirilean, aparkaleku-plaza guztiak esleitu zituzten auzoko bizilagunen artean, eta 100 lagunetik gorako itxaron-zerrenda bat sortu zuten.
Aparkalekuak bideo bidez zaintzen dira eta eguneko 24 orduz daude erabilgarri. Barnealdean, bizikletak aparkatzeko moduluak instalatu dituzte, bi alturatan, espazioa hobeki aprobetxatzeko, eta gune bat daukate gurpilak puztu eta oinarrizko konponketak egiteko. Aparkalekuaren barruko plazak helduek (14 urtetik gora) erabiltzekoak dira, baina horietako batzuk haurrek erabiltzeko erreserbatu dira. Aparkaleku-plazak erabiltzeko baimenak kasuan kasuko auzoan erroldaturik dauden pertsonei bakarrik esleitzen zaizkie, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badituzte. Informazioa Mugikortasunaren webgunean dago (http://www.movilidadpamplona.es/eu/biziz/bizilagunendako-bizikleta-aparkalekuak/).
Esleipen-prozedurak eskatzaileen zerrenda bat sortzen du jaso eta onartutako eskaeretatik abiatuta. Eskaerak honako irizpide hauen arabera barematzen dira: errenta, etxebizitzaren hurbiltasuna aparkalekutik eta etxebizitzan oztopo arkitektonikoak egotea. Baremazioa amaitu ostean, bi zerrenda sortzen dira: haurrendako plaza-eskaerak eta helduendako plaza-eskaerak. Zerrenda barematu horietan eskatzaileek duten tokia kontuan harturik esleitzen dira erabilera-baimenak eta itxaron-zerrendak osatzen dira. Erabilera-baimenak prekarioan ematen dira, gehienez 10 urterako. Esleipendunek ordaindu beharreko prezio publikoa 60 €/urte eta 30 €/urte bitartekoa da, errenta-maila eta erabilera-modalitatea (haurra edo heldua) zein diren.
Plazen esleipendunak Nbici-Biziz aplikazioaren bidez sar daitezke aparkalekura; izan ere, aplikazioak bi aukera eskaintzen ditu: zuzenean aplikazio bidez sartzekoa edo ate ondoko botoietan kode pertsonala sakatuta. Larrialdietarako telefono bat ere badago, aurreko sistemek kale egiten duten kasuetarako. Barruan, atea automatikoki irekitzeko botoi bat ere bada, hartara bermaturik beti erabiltzaileen segurtasuna. Zerbitzuak emateko kontratu baten bidez, Intelligent Parking enpresak sarrerak kontrolatzeko sistema kudeatu eta mantentzen du, bai eta bideo-zaintzarena eta larrialdietan laguntza ematekoa ere, auzotarrendako aparkaleku guztietan. Animsa enpresa publikoak aplikazio informatiko bat sortu zuen, eta haren bidez Mugikortasuneko zerbitzuak ordainagirien kobrantza kudeatzen du aparkaleku-plazak erabiltzeko baimenaren ordainean.