Aurrekontuaren betetze maila bateratua
Honako alderdi hauek azpimarratu behar dira Iruñeko Udalaren eta haren Erakunde Autonomoen 2015. urteko informazio ekonomiko bateratuaren analisiari dagokionez:
- Egindako gastu bateratuak 193,3 milioi euro jo zuen, hau da, % 0,6 handitu zen 2014ko likidazio bateratuaren aldean. Diru-sarrera bateratuek 200,5 milioi euro jo zuten guztira, hau da, aurreko urtean baino % 3,4 gehiago.
- Jarduneko langileei zein langile pasiboei dagozkien ordainsarien gastuek 83,9 milioi euro jo zuten, hau da, gastu guztiaren % 43,4. Kapitulu hau % 3,6 igo zen aurreko urtekoaren aldean, eta betetako aurrekontuan hartu zuen pisua handitu egin zen.
- Ondasun arrunten erosketak eta zerbitzuak emateak eragindako gastu arruntek 63,4 milioi euro jo zuten, hau da, gastu osoaren % 32,8. Kapitulu horretan % 3,9 murriztu da kopurua 2014ko gastuaren aldean.
- Interesen finantza-gastuek 3,3 milioi euroko gastua eragin dute; 2014an, berriz, 2,2 milioi euro izan ziren (% 48,1 gehiago). Gorakada hori epai bat betetzeko ordaindu diren berandutze-interesek eragin dute. Maileguen amortizazioak 8,1 milioi euro jo zuen, hau da, 2014an baino % 16,2 gehiago. Guztizko finantza-zamak, interesak eta amortizazioa barne hartuta, 11,4 milioi euro jo zuen, hau da, aitortutako guztizko gastuaren % 5,9.
- Transferentzia arruntek 14,7 milioi euro jo zuten, aurreko urtean baino % 6,3 gutxiago, eta betetako gastu guztiaren % 7,6 egin zuten.
- Kapital-eraketa gordinerako zuzkidurak, hau da, Udalaren inbertsioetarako zuzkidurak zein hirugarrenek egindakoen finantzamenduan parte hartzekoak, 19 milioi euro izan ziren. Bere osoan 0,14 milioi euro gutxiago izan ziren 2014an baino. Zehazki, inbertsio errealei dagokien kapituluaren betetze-maila % 22,8 handitu zen aurreko urtekoaren aldean. Izan ere, 15,6 milioi euro izan zen, hau da, egindako guztizko gastuaren % 8. Eta kapital-transferentziak 3,5 milioi euro jo zuen, hau da, 2014an baino % 46,6 gutxiago.
- Diru-sarrera bateratuetan zenbateko handiena, 97 milioi euro, 4. kapituluko transferentzia arruntei egokitu zitzaien. Kopuru horrek eta kapital-transferentziei dagokien 7. kapituluko 7 milioiek, batera hartuta, likidatutako guztizkoaren % 51,9 egin zuten.
- Zuzeneko zergei dagozkien likidazioak % 1,8 igo ziren, 52,7 milioi euro bitarte, eta zeharkako zergen bidezko diru-sarrerak (eraikin, instalazio eta obren gaineko zerga) % 14 igo ziren 2014koen aldean, hau da, 5 milioi euro bitarte.
- Diru-sarreren 3. kapitulua % 4,3 igo zen, 31 milioi euro bitarte; 8. kapitulua, berriz, % 24,4 murriztu zen (0,4 milioi euro).
- Diru-sarreren 5. kapitulua % 17,2 murriztu zen, bereziki gordailu-interesetan eta higiezinen errentetan.
- Azkenik, diru-sarreren 6. kapituluak –non ondare-besterentzeen zenbatekoa jasotzen baita– 4,6 milioi euroren betetze-maila izan zuen.
- 2015ean ez zen mailegu berririk kontratatu; beraz, finantza-pasiboen diru-sarreren 9. kapitulua zero da, 2014an bezala.
Iruñeko Udalari, Hirigintza Gerentziari eta Haur Eskolei dagokien likidazio bateratuaren azterketa zehatza erantsi da.
Ezaugarri orokorrak eta aurrekontu-aldaketak
2015eko ekitaldi osoan 2014ko aurrekontu luzatua egon zen indarrean, Alkatetzak 2014ko abenduaren 31ko ebazpenaren bidez onetsia. Osoko Bilkurak ez zuen inoiz ere hasierako aurrekonturik onetsi, baina aldaketak onetsi ziren.
Zaila da hasierako aurrekontu bateratuari buruzko daturen bat ematea (Udalaren, erakunde autonomoen eta Udalaren erabateko partaidetza duten sozietateena) aurrekontu mugatzailea duten entitateen aurreikuspenak eta merkataritza-arauen araberako sozietateenak batu behar direlako. Aipatu Alkatetzaren Ebazpenaren bidez luzatu gisara onetsitako Udalaren eta Organismo Autonomoen hasierako aurrekontua har dezakegu, eta horri erantsi 2015eko aurrekontu-proiektua prestatzean enpresek igorritako aurreikuspena (kasuan-kasuan zuzendua, udal-aurrekontuaren luzapenaren eraginekin). Horrela, diru-sarreren aurrekontu bateratua 183.912.656 euro izan zen, eta gastuak, berriz, 183.692.716 euro.
Comiruña SA, Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen SA eta ASIMEC SA sozietateak alde batera utzirik –horiek ez baitira bateratzen, Alkatetzak onetsitako likidazioan aurrekontu-betetzeari dagokionez–, diru-sarreren eta gastuen hasierako aurrekontuaren guztizko bateratua 181.530.319 eurokoa eta 180.744.932 eurokoa izan zen, hurrenez hurren (hiru entitateen arteko bateratze-doiketak kendu ondoren); 4. eta 5. orrialdeetako laukietan dago guztizko bateratua. Udalaren hasierako gastu-aurrekontuak 178.098.632 euro jo zuen, Hirigintza Gerentziarenak, 2.706.200 euro, eta Haur Eskolenak, 7.732.900 euro.
2015eko ekitaldian barna, hainbat aldaketa garrantzitsu egin ziren, Udala osatzen duten entitateen aurrekontuan, aldian-aldiko beharren arabera egokitze aldera, eta, bereziki, aurrekontu luzatuak berez dituen gabeziek eraginda. Aldaketa guztiek batera hartuta 30 milioi euro handitu zuten aurrekontu bateratua gastuen egoera-orrietan. Behin betiko aurrekontu bateratuak 211.093.734,96 euro jo zuen gastuetan eta diru-sarreretan.
Aldaketa garrantzitsuenak luzatutako aurrekontuan kapital-gastuak (Udalaren inbertsioak eta transferentziak) sartze aldera Osoko Bilkurak onetsitakoak izan ziren, hala kapitaleko diru-sarreren eta aurreko aurrekontutik etorritako kreditu-geldikinen gehikuntzen bitartez nola diruzaintzako geldikina –ukitutako diru-sarrerei dagokiona zein gastu orokorretarakoa– aplikatuta finantzatutakoak. Entitateen arabera sailkatuta, aurrekontuaren aldaketek 20,7 milioi euro jo zuten Udalari dagokionez, 11,1 milioi Hirigintza Gerentziari dagokionez eta 0,34 milioi Haur Eskolei dagokienez,
Aurrekontuaren betetze-maila eta herritarrak
Guztizko gastutik % 47, hau da, 464 euro biztanleko, erabili zuen Iruñeak komunitate-ongizatearekin zerikusia duten gastuak –hirigintza, ingurumena, hezkuntza, kultura, kirola eta abar– estaltzeko. Gastu horren atzetik dator segurtasunean, babesean eta gizarte-sustapenean egindakoa, zeina gastu osoaren % 22 izan baitzen, hots, 217 euro pertsona bakoitzeko.
Udalaren aurrekontuaren betetze-maila bateratua herritarrak kontuan harturik aztertuz gero, ikus daiteke 2015eko diru-sarrerek 1024 euro jo zutela biztanle bakoitzeko; gastua, aldiz, 987 eurokoa izan zen, eta 97 € inbertsioetara bideratu ziren.
Diru-sarrera guztien % 28,78 udal-eskumeneko zergetatik etorri zen, eta horrek esan nahi du pertsona bakoitzak, batez beste, 295 euro jarri zituela.
Bestetik, modu bateratu batean hartuta, zerbitzuak eman, jarduerak egin eta jabari publikoa erabiltzeagatik kobratutako tasa eta prezio publikoen, ondasun higigarri eta higiezinen salmentaren, ondareko diru-sarreren eta aurrerakin zein maileguen itzuleren bitartez, 198 euro eskuratu ziren biztanleko. Transferentzia arruntek (Hiriburutza Agiria, Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetako partaidetza eta beste zenbait ekarpen) biztanle bakoitzeko eragindako diru-sarrera 495 euro izan ziren. Biztanleko beste 36 euro jaso ziren, kapital-transferentziak eta kapitaleko bestelako diru-sarrerak zirela medio.
Gastuen aurrekontuaren betetze-maila
2015eko ekitaldian aitortutako betebehar bateratuak 193,3 milioi euro izan ziren, hau da, behin betiko aurrekontu bateratuaren (211,1 milioi euro) % 91,6. Hau izan da, zehazki, bateratutako entitate bakoitzaren betetze-maila:
|
Gastuen aurrekontuaren |
|
|
Udala |
% 93,91 |
|
Hirigintza Gerentzia |
% 57,72 |
|
Haur Eskolak |
% 99,96 |
Gastua kapituluka sailkatuta, parterik handiena langileria-gastuak biltzen dituen 1. kapituluari egokitu zitzaion: gastuaren % 43,4 (83,9 milioi euro). Horren ostean, 2. kapitulua dator, ondasun arruntei eta zerbitzuei dagozkien gastuak, gastuaren % 32,8rekin (63,4 milioi euro), eta 6. kapitulua, inbertsio errealei dagokiena, % 8,1arekin (15,6 milioi euro).
2015ean, ekitaldi arrunteko ordainketek 179,8 milioi euro jo zuten, 13,5 milioi euro ordaintzeko gelditu zirelarik. Horrenbestez, betebeharren edo ordainketen betetze-maila % 93koa izan zen (% 91,4koa, 2014an).
Eginkizun-multzoen arabera aztertuz gero, gizarte-izaerako ondasun publikoak –hirigintza, kultura, hezkuntza, kirola, ingurumena eta osasuna– ekoizteak ekarri zuen gastu-portzentaje handiena, gastu osoaren % 47 hain zuzen. Horren ostean, gizarte-babesari eta -sustapenari dagozkien zerbitzuak (gizarte-zerbitzuak) datoz, % 22rekin, eta babes zibilari eta herritarren segurtasunari dagozkienak, % 15,60rekin.
Diru-sarreren aurrekontuaren betetze-maila
Aitortutako eskubide bateratu garbiak 200,5 milioi euro izan ziren, hau da, behin betiko aurreikuspenen % 95. Hala ere, kontuan hartuta Diruzaintzako geldikinari dagokion 87. artikuluko aurreikuspenak ez direla likidatutako zenbateko bilakatzen, adierazgarriagoa da behin betiko aurrekontuari artikulu horretako aurreikuspenen zenbatekoa kenduta kalkulatutako ratioa: izan ere, kasu horretan, % 99,2ra iristen da aurrekontuaren betetze-maila.
Bateratutako entitate bakoitzaren aurrekontuaren betetze-maila, betiere guztizko aurreikuspenetan diruzaintzako geldikinari dagozkionak sartu gabe, hau izan zen:
|
Diru-sarreren aurrekontuaren |
|
|
Udala |
% 99,68 |
|
Hirigintza Gerentzia |
% 91,34 |
|
Haur Eskolak |
% 99,08 |
Diru-sarreren osaerari dagokionez, transferentzia arruntek izan zuten parterik handiena, diru-sarrera guztien % 48,37rekin, eta gero, zuzeneko zergek, % 26,28rekin.
Zergek, zuzenekoek nahiz zeharkakoek, Udalak eskuratutako guztizko diru-sarrera likidatuen % 28,78 egin zuten.
Betetze-mailari dagokionez, diru-sarreren aurreikuspenak gainditu ziren 1., 3., 4. eta 6. kapituluetan, neurri batean aurreko urteetako aurreikuspenak formalki luzatu zirelako.
Aurrekontu arrunteko diru-bilketa likido bateratua 185,6 milioi euro izan zen, eta 14,9 milioi kobratzeko gelditu ziren. Horrenbestez, eskubideen gauzatze- eta kobrantzen betetze-portzentajea, likidatutako zenbatekoen gainean, % 92,59koa izan zen (92,62koa, 2014ean).
