Ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneen sarea
Aurrekontua: 6.109,53 €
Enpresa esleipendunak: Iberdrola SAU eta Rótulos Bia
Proiektugileak eta laguntzaileak: Beeplanet, Udalaren Estrategia Bulegoa, Iruñeko Udalaren Energia Agentzia eta Mugikortasuneko Zerbitzua
Kokapena: Udalerri osoa
Posta-kodea: Guztiak
Garraioa hiriko sektore kutsatzaileena da, berotegi efektuko gasen % 57 isurtzen baitu. Hori horrela, Udalak mugikortasun elektrikoa sustatzen du 2005eko Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Toki Ituna ezarri zenetik. 2014an, Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Iberdrolarekin bide publikoan ibilgailu elektrikoak kargatzeko bost karga-zutoin instalatzeko, enpresa horrek kudeatutakoak eta Udalaren jabegokoak. Hitzarmena 2017an berritu zuten, Smart Iruña estrategiaren eta Stardust europar proiektuaren markoaren barruan. Halaber, baimena eman du zenbait enpresak kudeatutako txandakatze-aparkalekuetan 23 kargagune ezartzeko. 2019. urtearen bukaeran, hitzarmenaren pean dauden Udalaren elektrizitatea kargatzeko zutoinak eraberritu dituzte, herritarrei zerbitzu hobea emate aldera. Hargune bakarreko zutoinak kendu eta haien ordez hargune bikoitzekoak jarri dituzte, potentzia handitu da, 7,4 kW-ko kargagune konbentzinaletatik 22 kW-ko kargagune erdi-azkarretara igaroz, eta horrela denbora gutxiagoan kargatzea lortzen da.
Udalak informazioa jasotzen du puntu horietan egiten diren kargei eta horrek eragiten duen energia elektrikoaren kontsumoari buruz. Datuok Stardust proiektuaren barruan oraindik garatzen ari den Hiria Plataforman iraultzen dira, kudeatu beharreko energia-fluxuen parte gisara. Hori dena funtsezko zutabea da Energia Agentzia taxutzen ari den Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiarako. Herritarrak ere ibilgailu elektrikoaren alde ari dira jokatzen, eta Iruñeko datuak esanguratsuak dira: 2011. urteaz geroztik, Udalak 181 txartel eman ditu aparkatze mugatuko eta murriztuko eremuen murrizketetatik salbuesteko, zero isurketako ibilgailuentzat (% 100 elektrikoak), eta gehitze-prozesua progresiboa izan da. 9, 2015ean; 16, 2016an; 15, 2017an; 30, 2018an, eta 81, 2019an.
Hori horrela, Mugikortasuneko Zerbitzuak bi baldintza-agiri prestatu ditu bi administrazio-emakida egiteko, zeinen bidez domeinu publiko nahikoa egonen baita erabilera publiko, ireki eta eskuragarriko kargagune sistema bat instalatu, kudeatu eta hustiatzeko. Bi emakida horien bidez, guztira 26 kargagune instalatuko dira; horietatik 6 azkarrak izanen dira (50 kW-ra arteko karga, korronte zuzenean) eta 20 erdiazkarrak (22 kW-raino korronte alternoan). Emakida bakoitza Iruñeko mugartea xede honetarako zatitu den bi aldeetako bati dagokio. Kargaguneek ematen duten energia elektrikoak % 100 jatorri berriztagarrikoa izan behar du.
Enpresa esleipendunak edo esleipendunek baldintza-pleguan adierazitako tarifa-sistema ezarri beharko dute; bertan jasota daude hala ibilgailuak kargatzeko gehieneko aldia nola zerbitzura jotzen duten pertsonen ibilgailuek kontsumitutako energiaren gehieneko prezioa. Pleguak erredaktatu baino lehen, aurrez merkatuaren gaineko kontsulta egin da eta interesa duten 8 enpresekin elkarrizketatu dira, kontsulta bide ofizialetan argitaratu ostean, urtarrilaren 20tik 31ra, eta, horrela, ziurtatu egin da pleguetan ezarritako baldintza teknikoak bat datozela merkatuaren egungo egoerarekin. Baldintza-pleguak Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi ditu 2020ko martxoaren 16an, astelehenarekin, eta aurreikusita dagoenaren arabera kargagune elektrikoen sarea urte bukaeran jarriko da abian.