Proiektua - Noranzko biko bidegorria sortzea Erreginaren aldapan

Proiektua - Noranzko biko bidegorria sortzea Erreginaren aldapan
Otros datos
HELBURUAK:
Erreginaren aldapa eta Larraina Taldea kaleak berrurbanizatzea, 3m zabaleko noranzko biko bidegorria sortzeko; Joan XXIII.aren plazako bidegorriarekin eta Gipuzkoa etorbideko biribilgunearekin lotuko da.
Proposatutako trazadura, nagusiki, egungo galtzadaren maila berean egonen da.
Oinarrizko proiektuak kontuan hartzen ditu oinezkoen irisgarritasuna hobetzea eta klima-aldaketa arintzea eta hartara egokitzea.

AURREKONTUA GUZTIRA: 2.191.994,12 euro (BEZa barne).
PROIEKTUA IDAZTEA: 65.000 euro (BEZik gabe).

ALDAKETAK: obrek Erreginaren aldapa osoari eraginen diote, Joan XXIII.aren plazatik Gipuzkoa etorbidearekin elkartzen den tokiraino, eta kartzela zaharraren orubea mugatzen duten bi bideen zati bat ere hartuko dute: San Roke kalea eta Larraina Taldea.

ESKU-HARTZEA TARTEKA:
Joan XXIII.aren plazaren eta San Roke kalearen arteko tartean, noranzko biko bidegorria Antoniutti parkeko espaloiaren ondotik joanen da; horrenbestez, Gipuzkoa etorbideranzko zirkulazio-erreiak errei bakarrera murriztuko dira. Beste aldean, oinezkoendako pasabideetako espaloiak aitzinatuko dira, eta, San Roke kalearen parean, klubean sartzeko eta handik ateratzeko zirkulazioa noranzko bakarrean antolatuko da.

San Roke kalean, bidegurutzea berrantolatuko da eskuinaldeko galtzadaren eta espaloiaren lerrokadura hobetzeko, egungo bihurguneak saihestuz eta dauden zuhaitzak integratuz.

Kartzela zaharra zegoen tokian, noranzko bakoitzean bi errei dituen bide-tartea, baterian aparkatzeko gunea eta espaloia eraikitzea aurreikusi da. Ibilgailuak igarotzeko aurreikusitako trazadura berriaren ondorioz, Larraina klubean sartzeko eta handik ateratzeko zirkulazioaren noranzkoa berrantolatuko da, bidegurutze horretatik eginen baita.

Larraina Taldetik Iratxeko Monasterioaren kaleraino, proposatutako ereduzko sekzioak bidegorri bat eta ibilgailuendako bi errei izanen ditu, eta ez da ezkerraldean esku hartuko, duela gutxi berrurbanizatu baita. Eskuinaldean, Larraina klubeko sarreratik abiatuta, Takonera parkea zeharkatuko duen eta masustondoen bidearen ondoko oinezkoendako pasabidearekin lotuko den bidea aurreikusi da. Proposatutako esku-hartzeak ezkerrera biratzeko egungo erdiko erreia kentzea aurreikusten du, semaforo-erregulazio berriarekin.

Iratxeko Monasterioaren kaletik Gipuzkoa etorbideko biribilguneraino, bide-plataforma berrantolatuko da, noranzko bakoitzean errei bakarra izan dadin, igoeraren azken zatian izan ezik; han, eskuinera biratzeko errei gehigarri bat prestatuko da. Bidegorria goranzko noranzkoaren ezkerraldean egonen da, egungo arekatik abiatuta, Takonera parkeko ezponda hartu gabe.

Azkenik, Gipuzkoa etorbideko biribilgunean, egungo bidegorria biribilgunearen iparraldeko bizikleta-ibilbidearekin lotzeko, biribilguneko galtzadaren zabalera murriztea proposatzen da, kanpoaldean bidegorria prestatuta. Halaber, biribilgunearen hegoaldeko espaloi-tartea eraitsiko da, hari lotutako oinezkoendako pasabideak kenduta, eta Takonerako hegalean dagoen espaloian eta beheko horman esku hartzea aurreikusi da.

OBREN IRAUPENA: urtebete inguru.
OBREN HASIERA: jakinarazteko dago.

Web

¿Te ha sido útil esta página?