1.300dik gora lagunek parte hartuko dute aurtengo sanferminetako Kulturen kalejiran, zeinean bikoiztu baita parte hartzen duten entitateen kopurua, eta guztira jatorri eta kultura desberdinetako 67 elkarte bilduko baitira. Ondoz ondoko bigarren urtez, kalejira erraldoi bat antolatu da uztailaren 14rako, festei agur esate aldera. Udaleko Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko Alorrak eta Gizarte Ekintzako Alorrak antolatu dute, parte hartuko duten entitateekin elkarlanean, Kulturen kalejira eta horren ikuskizuna, Aniztasuna kolore bizian, eta Udaletxe plazatik abiatuko da, 18:00etan, Iruñeko kaleetan barna ibiltzeko. Desfilean parte hartuko dute adin orotako lagunek: Iruñeko hainbat komunitateko kideak -Peru, Senegal, Bolivia, Venezuela, Argentina, Kolonbia, Nikaragua, Bulgaria, Ekuador, Ukraina, Ijitoen Komunitatea, Mali eta Nigeria- eta kultur aniztasunaren esparruan lan egiten duten zenbait entitate.
Jardueraren xehetasun guztiak azaldu dituzte gaurko prentsaurrekoan Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkari Edurne Eguinok, Herritarren Partaidetzako eta Gizarte Ahalduntzeko Alorreko zuzendari Ana Gilek eta Kultur Aniztasunaren Foroan parte hartu eta desfilean izango diren entitate hauetako ordezkariek: SEI elkartea, Balgarskite Kipri elkarte bulgariarra eta Ekuadorreko Sumak-Kawsay dantza-taldea. Gaurko ekitaldia nolabaiteko atarikoa izan da, kalejiran ikusi ahalko den kolore eta aniztasunaren erakusle, bertaratutako askok egun horretan jantziko dituzten arropak eramaten baitzituzten. Uztailaren 14ko kalejirako partaideek haien jatorrizko kulturetako jantziak edo sanferminetako ohiko arropa zuri-gorriak jantziko dituzte.