Iruñeko Udalak bat egin du gaur, ekainaren 28an, Sexu Aniztasunaren Nazioarteko Egunarekin, elkarretaratzea eginez Udaletxe plazan, 12:00etan, eta bandera jarriz Udaletxearen fatxadan. Ekitaldian Berdintasun eta LGTBIko zinegotzi ordezkari Laura Berrok (gaztelaniaz) eta Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkari Edurne Eguinok (euskaraz) irakurri dute joan den ekainaren 11n Herritarren Aferen Batzordean onetsitako adierazpen instituzionala.
Testua udal-talde politiko guztiek izenpetu dute, eta Udalaren konpromisoa jasotzen du erakunde eredugarria izateko eskubide-berdintasunaren aldeko borrokan eta sexu-orientazioak, sexu-identitateak, genero-identitateak eta genero-adierazpenak eragindako bazterkeria-eza lortzeko. Zentzu horretan, Udalak konpromisoa hartzen du bultzada emateko sexu- eta genero-aniztasunarekin lotutako edozein bazterkeria-motari aurre egiteko behar diren ekintza guztiei. Halaber, onartzen du inbertitu behar dela sexu- eta genero-aniztasunari eta LGTBI pertsonen kontrako bazterkeria-ezari buruzko politiketan; horretarako, arta, informazio, prestakuntza eta sentsibilizaziorako programak eta proiektuak garatu beharko dira, Iruña toki segurua izan dadin pertsona orok sexu-aniztasunaz libreki gozatu ahal izateko.
Adierazpen instituzional horretan Iruñeko Udalak berretsi egin du giza eskubideekiko konpromisoa, eta, horrenbestez, pertsonen arteko benetako berdintasunaren printzipioarekikoa, zeinaren parte baita sexu- eta genero-aniztasuna. Horrez gain, berriro ere azaldu nahi izan du gaur egun oraindik ere ditugun trabak gainditzeko aurrerapausoak emateko duen erabaki sendoa. Azkeneko puntuan, Iruñeko Udalak elkartasuna adierazi eta laguntza emateko nahia azaldu du, sexu-orientazioa, sexu-identitatea, genero-identitatea eta genero-adierazpena dela-eta era batean edo bestean erasoak, gutxiespena edo bazterkeria pairatzen duten lagunei; jarrera eta egoera horiek erauzteko borrokari ekiteko nahia ere adierazi du.
Elkarretaratzeari buru emateko, E28J plataformako kide Uxue Álvarez eta Jorge Buldáinek olerkiak irakurri dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren.
Ekitaldi honetaz gain, Berdintasun eta LGTBIko Alorrak Sexu Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko programa bat antolatu du, ekainaren 19an hasi zena eta zeinaren barruan hitzaldiak, musika, bertso-saioak eta zinema-emanaldiak egon baitira. Gainera, San Gregorio kaleko Harrotu zentroko lehen urteurrena ospatu da.