Gaur goizean, Amaiur Ikastolako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako 65 ikasle inguruk (11-12 urte), Joseba Asiron Iruñeko alkateak lagunduta, buru eman diete Koloretako auzoak proiektuaren azken parterreko zuhaixkak landatzeko lanei. Lorategi berria uso formako gunea da, López pilotalekuaren atzealdean dago, eta 720 zuhaixkak osatzen dute: 198 izpiliku-zuhaixka, arrosa koloreko 108 arrosa-landare eta 414 espirea zuri. Zuhaixka horiek dira programaren lehen fase honetan guztira landatu diren 5.574 zuhaixken % 12,9.
Lorategi eta Berdeguneetako Zerbitzuko langileen laguntzaz, eta Mikel Baztán arduradunaren azalpenekin, adingabeek azken ukituak eman dizkiote 300 m2 inguru duen Iturramako parterre honi, lagungarri izango dena, hemendik aurrera, herritar guztiak eta bereziki auzo honetako ikasleak ingurumen arloetan hezteko eta sentsibilizatzeko. Aldez aurretik, proiektu honen inguruan lan egin da ikastolan, eta landaketa egin ondoren, ikasleek aukera izan dute etxera eramateko sasoiko landare txiki bat eta programaren triptikoa, non argibideak ematen baitira hiriaren hainbat auzotan kokatutako zazpi lorategi txikien inguruan.
Zuhaixka-parterrea euskaraz eta gaztelaniaz seinaleztatu da, plastiko birziklatuz egindako seinaleen bidez. Karteleko azalpenean jasotzen da, hausnarketari begira, hamarnaka hegaztik hirigunea konpartitzen dutela gizakiekin, eta presentzia horrek hiriaren edertasuna eta biodibertsitatea handitu egiten dituela. Auzo bakoitzeko parterreak bukatzeko, Udalak dinamika hauxe bera erabili du ikastetxe hauetako ikasleekin: El Lago, Elorri, Mendigoiti, José María Huarte, Patxi Larrainzar, Cardenal Ilundáin, San Frantzisko, Vázquez de Mella, Sanduzelai eta San Jorge. Guztira, programan 720 bat ikaslek parte hartu dute.
Eremu berria ureztatzeko berdegune horretan erabiltzen den ihinztagailu-sistema bera erabiliko da. Guneak behar duen mantentze-lan bakarra da usoari forma ematea denborak aurrera egin ahala, silueta goitik ondo bereizi ahal izateko; izan ere, usoa osatzen duten zuhaixkek pare bat urte beharko dituzte heltzeko.
Gorri, arrosa eta hori koloreko auzoak
Iturramarekin, zazpi dira Koloretako auzoak programaren lehenengo fasean sortutako guneak. Erripagaña, Sanduzelai, Mendillorri, Arrotxapea, Ermitagaña/Donibane eta Zabalgunea/Alde Zaharra auzoek halako gune bana dute, eta arrano, tximeleta, salamandra, bitxilore, dortoka eta idi-bihotz bat ordezkatzen dituzte, hurrenez hurren. Usoaren kasuan bezala, elementu bakoitzak esanahi bat dauka: esaterako, tximeletak gogora ekarri nahi die hurbiltzen direnei zer garrantzia duten intsektuek biodibertsitateari begira; salamandrak, arreta deitu nahi du hezeguneen zaintza-lanen gainean; eta dortokak, galapago autoktonoa galtzeko zorian dagoela azpimarratu nahi du, eta zer nolako arriskua dakarten exotikoek bertako ekosistemarako.
Iruñeko hiri-paisaiako elementu berriak dira, bertako lurzoruari eta klimari oso ondo egokitutako landareak zein zuhaixkak batzen dituztenak kolore eta usain berriak ekartzeko, auzoetako bistak aldatuz. Neguko hileetan, honako mota hauetako 5.574 zuhaixka landatu dira: forsitia (Forsithya), "Red Robin" fotinia (Photinia fraseri) eta Vanhoutteko Espirea (Spirea Vanhoutte), bai eta zenbait landare usaintsu, izpilikua eta erromeroa (Rosmarinus officinalis prostratus), besteak beste.
Hemendik aurrera Koloretako auzoak programako zazpi laberinto koloretsuak (gorriak, arrosak, horiak, zuriak, berdeak, eta abar) bisitatzeko aukera egongo da eta, seguruenik, programa hori gune berrietara zabalduko da datorren udaberrian. Hiri-paisaiari buruz herritarrak sentsibilizatu eta elementu berriez oinezkoaren begirada birmoldatu ez ezik, lorategi txiki hauetako beste helburu bat da urratsak egiten jarraitzea lorategietako mantentze-kostuak epe ertainean murrizte aldera.
Koloretako auzoak
- Usoa Iturrama (López pilotalekuko atzealdea)
Ikastetxea: Amaiur Ikastola
Kolore nagusia: zuria
Zuhaixka kopurua: 720
Motak: izpilikua, arrosa-landarea eta espirea
- Tximeleta Sanduzelai (Trinitariosko parkea)
Ikastetxea: Sanduzelai eta San Jorge
Kolore nagusia: arrosa
Zuhaixka kopurua: 990
Motak: espirea, fotinia, arrosa-landarea, forsitia, erromero eta izpilikua
- Salamandra Mendillorri (kirol-pistetako zelaietako tximinia)
Ikastetxea: Elorri, El Lago eta Mendigoiti
Kolore nagusiak: gorria eta berdea
Zuhaixka kopurua: 810
Motak: fotinia, arrosa-landarea, izpilikua eta cotoneaster
- Bitxilorea Arrotxapea (Maiteminduen parkea)
Ikastetxea: Patxi Larrainzar eta Cardenal Ilundain
Kolore nagusia: zuria eta horia
Zuhaixka kopurua: 615
Motak: espirea, arrosa-landarea, forsitia eta izpilikua
- Dortoka Ermitagaña / Donibane (Ibarbideko parkea)
Ikastetxea: José María Huarte
Kolore nagusia: gorria
Zuhaixka kopurua: 741
Motak: fotinia, arrosa-landarea, izpilikua, cotoneaster eta teucrium
- Idi-bihotza Zabalgunea / Alde Zaharra (Caparrosoren Errotaren ingurua)
Ikastetxea: San Frantsizko eta Vázquez de Mella
Kolore nagusiak: horia eta gorria
Zuhaixka kopurua: 1.092
Motak: fotinia, arrosa-landarea, izpilikua, berberis, biburnum eta forsitia
- Arranoa Erripagaña
Ikastetxea: Ez dago parte hartu duen hurbileko ikastetxerik
Kolore nagusiak: zuria eta arrosa
Zuhaixka kopurua: 606
Motak: espirea, fotinia eta arrosa-landarea