Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 9.000tik gora ikaslek Irakur dezagun! programan parte hartuko dute datorren ikasturtean ere, haien literatura-ezagupenak hobetu eta irakurtzeko aztura sendotze aldera. Iruñeko Udalak egiten duen apustu honen asmoa da hiriko ikastetxe publiko eta itunduek topaketak egitea idazleekin eta ahozko narrazioei buruzko programak txertatzea, eta, baita ere, aholkuak ematea ikastetxeetako irakasleei. Ekimena duela 22 urte abiatu zen, eta Udalak jarraipena eman nahi dio datorren ikasturtean, antolaketa-kontratu berri baten bitartez
Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak kontratuaren lizitazioa onetsi du, eta 66.093,50 euroko aurrekontua izango du 2018-2019ko ikasturterako. Programa hiriko 71 ikastetxe publiko eta itunduei eskaintzen zaie. Hori horrela, 203 saio aurreikusi dira, guztira, idazleekin topaketak egiteko edo ahozko narrazioak lantzeko, eta 71, irakasleei aholkuak emateko, ikasturtean zehar, Haur eta Lehen Hezkuntzako 41 ikastetxe publiko eta itunduetan, Bigarren Hezkuntzako 26 ikastetxeetan, hezkuntza bereziko bietan eta helduen prestakuntzarako beste bietan. Ikasturte honetan, 8.973 ikasle eta 68 ikastetxetako irakasleak ari dira programan parte hartzen.
Lizitazio-iragarkia Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko da, eta horrekin bat hasiko da eskaintzak aurkezteko 18 eguneko epea. Programarako hautagaitzak baloratze aldera, honako hauek aintzat hartuko dira: aurreikusitako lan-plangintza (50 puntu bitarte), eskaintza ekonomikoa (45 puntu bitarte) eta proposatzen diren hobekuntzak (5 puntu bitarte).