Iruñeko Udalak doako 12 lantegi antolatu ditu energia-hezkuntzari buruz, non halako gaiei helduko baitzaie: energiaren arrazoizko erabilera, kontsumoen hobekuntza, fakturetan agertzen diren kontzeptuak eta gastua aurreztea. Iaz ere 6 saioko lehenengo ziklo bat egin zuen Udalak, energiaren arrazoizko erabileraren gainean sentsibilizatu eta prestakuntza emateko, eta, baita ere, herritarrak ahalduntzeko kontsumoen inguruko erabakiak hartzerako orduan. Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak eta Energia Berdeko Zerbitzuko zuzendari Joël Dozzik gaur goizean azaldu dutenaren arabera, saio berri hauekin auzo gehiagotara eta pertsona gehiagorengana iritsi nahi da, eta 2017an saioetan parte hartu zutenei ere arreta eman, jarraipena egite aldera.
Lantegiak gazte zein helduei zuzenduta daude, eta astearte arratsaldeetan izango dira, 18:30etik 20:30era, Civivoxetan, ikastetxeetan eta hiriko beste zenbait espazio publikotan. Interaktiboak izango dira, eta terminologia entzule orok ulertzeko modukoa izango da. Hizpide hartuko dira energiari buruzko oinarrizko kontzeptuak, kontsumoak, gastuak, fakturak eta etxean aurrezteko aukerak. Sarrera librea da, eta ez da izena aurretik eman behar. Lehenengo lantegia Iturramako Civivoxean izango da, apirilaren 17an, eta hurrengo astekoa, apirilaren 24an, Mendilloriko Civivoxean.