Datorren asteburuan zehar, apirilaren 20tik, ostiralarekin, apirilaren 22ra, igandearekin, Iruña migratzaile eta errefuxiatuekiko elkartasunaren ardatz izango da. Kondestablearen jauregian izango da migrazioei eta elkartasunari buruzko estatu mailako Topaketa, zeina Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta Iruñea Harrera Hiria plataformak elkarrekin antolatu baitute, Nafarroan harrera egiten duten beste herri-ekimenekin batera. Estatu osoko plataformak eta aktibistak egongo dira esperientzia eta ezagutzak trukatzeko gune izan nahi duen topaketa horretan, non arlo akademikoa eta solidarioa uztartuko baitira.
Topaketa prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkari Edurne Eguinok, Nafarroako Gobernuko Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusi Gema Mañu Echaidek eta Iruñea Harrera Hiria plataformako ordezkari Xabier Aguirregabiriak eta Iñaki Redínek.
Topaketaren programarekin bat, aurreikusitako hitzaldietan gutxienez hiru unibertsitatetako zenbait irakasle eta harrera-kontuetan jarduten diren plataformetako aktibistak arituko dira hizlari, eta migratzaileen testigantzak ere entzungo dira.
Hori horrela, pertsona hauek hartuko dute parte: Mbuyi Kabunda, Afrikanisten Espainiako Elkarteko presidentea eta aditua migrazioko eta garapeneko gaietan; Mahmoud Traore, migratzaile senegaldarra eta Partir para contar liburuaren egilekidea; José Palazón eta Maite Echarte, Melillako Prodein elkartearen sortzaileak; Josu Juaristi, eurodiputatu ohia eta migrazio-politiketan aditua; Farmatta Watt, senegaldarra eta Afrikako Lorea emakumeen elkartearen sortzailea; Gani Mirzo, musikari kurdu-siriarra eta Gerraren hotsa musikaz estali kanpainaren sortzailea; Juan Hernández Zubizarreta, EHUko irakaslea eta Ongi etorri Bizkaia plataformako aktibista; Mikel Zuluaga, Ongi etorri plataformako aktibista; Juan Miguel Ortega Terol, Gaztela Mantxako Unibertsitateko (UCLM) irakaslea eta aditua harrera eta babes kontuetan; eta Ana María Martínez eta Azhar Bilal, Serbiako basoetan lanean aritu diren aktibista valentziarra eta pakistandarra, hurrenez hurren.
Horrez gain, mikroantzerkiak egongo dira, herri-bazkari bat Geltokin, kontzertu solidario bat Gani Mirzoren eskutik San Frantziskoko Eskola Publikoan, eta martxa bat, igandean, Udaletxe plazatik, Zaporeak antolatutako pintxo-pote solidario batekin amaituko dena.
Bertaratuko direla konfirmatu dute honako kolektibo eta plataforma hauek: Bizkaiko eta Gipuzkoako Ongi etorri plataformak, Sevillako Somos migrantes plataforma, Espainiako Bienvenidos refugiados plataforma, Gaztela Mantxako Apoyo a las Personas Refugiadas plataforma, Nafarroako harrerako herri-ekimenak, Karabana, Nafarroako Munduko Medikuak, Help-Na, Zaska Nafarroako zurrumurruen aurkako sarea eta Zaporeak.