Iruñeko Udalak deitutako elkarretaratzea egin da gaur goizean Udaletxe plazan, apirilaren 26an egiten den Ikusgaitusun Lesbikoaren Egunaren karietara. Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Udalbatzako kideek ekitaldian parte hartu dute, non manifestu bat irakurri baita, aldarrikatu duena zer garrantzitsua den emakume lesbianak espazio publikoan ikusgai egitea, berdintasuna erdiesteko tresna gisa.
Testua gaztelaniaz eta euskaraz irakurri dute Berdintasun eta LGTBIko zinegotzi Laura Berrok, Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Maider Belokik eta Harrotu zentroko erabiltzaile Amalia Romerosek, eta bertan jasotakoarekin bat, Udalak konpromisoa hartu du "aniztasunean hezteari bultzada emateko" eta "tokian-tokiko politikak bultzatzeko bi ideia hauek kontuan hartzen dituzten programa eta neurrien bidez: emakumeek ez dutela nortasun zeinu bakarra, eta intersekzio askotarikoak daudela generoaren eta emakumeen aniztasunaren artean, besteak beste hizkuntza, kultura, arraza, sexu-aniztasuna, maila-ekonomikoa, dibertsitate funtzionala, eta abarrei dagokienez".
Halaber, adierazi da Udalaren konpromisoa dela "emakume lesbianendako berariazko arreta-, argibide- eta aholkularitza-zerbitzuak eskaintzea, eta sexu-orientazio eta -identitate arrazoiengatik diskriminazioa, estigmatizazioa eta eskubideak mugatzen dituzten egoerak saihesteko ekintzak garatzea". Azkenik, Udalak publikoki salatu du "lesbofobia mota oro", "instituzioen zein gizartearen aldetik ematen dena", eta apustua egiten du "sexu-aniztasuna ikusgai egitearen alde, hartara aurrera egiteko gizarte baterantz non pertsona guztiok baldintza berdinetan bizitzeko aukera izango baitugu bizitzaren esparru guztietan".
Ekitaldia girotu du Silvia Guillén kantautorearen musikak, Iñaki Santosek gitarraz lagunduta. Bi kanta interpretatu dira, euskaraz bat eta gaztelaniaz bestea, manifestua irakurri aurretik eta ostean.