Proposamenak aurrez egin beharko dira, posta elektroniko bidez, eta museoak berez dituen jarduerekin bateragarriak izan beharko dute
Museoa zeureganatu!, hori da Udalak abiatu duen programaren izena elkarte, ikastetxe eta kolektiboek Ingurumen Hezkuntzako Museoan egin ditzaten gizarte- zein ingurumen-arloarekin lotutako proiektu eta jarduerak. Iaz ere ekimen honen zenbait adibide izan ziren, eta museoaren kudeaketa Udalaren eskuetara itzuli ostean abiatu diren jarduketetako bat da.
Ingurumen Hezkuntzako Museoak 70 lagunendako lekua duen hitzaldi-areto bat dauka, erakusketa-areto berri bat, lantegiak egiteko ikasgelak, eta 20 eta 40 lagun bitarte hartzeko adina toki duten ikasgelak, proiektagailu eta mugikorrendako pantailaz hornituak. Lankidetza-proposamenak aurrez azaldu behar dira, museoeducacionambiental@pamplona.es helbide elektronikora idatzita. Nolanahi ere, proposamenek bateragarriak izan behar dute museoak berez egiten dituen jarduerekin. Azken urtean, museoak hitzaldi-aretoa berritu du, aldi baterako erakusketetarako areto bat prestatu du, eta jarduera-eskaintza zabaldu eta dibertsifikatu du.
Lan-ildo horretan, 2017an zenbait lankidetza-jarduera egin ziren elkarteen proiektuekin. Ekainean La Compasión-Eskolapioak ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek erakusketa-aretoa bete zuten antzinako bizikleta eta karbono-zuntzeko koadroz, bizikleta eta haren historiari buruzko interpretazio-erakusketa batean. Azaroan, Ekologistak Martxan taldeak antolatutako Ekoeskola programaren zenbait jarduera egin ziren Ingurumen Hezkuntzako Museoan. Besteak beste, Hazkundearen mugak erakusketa egon zen ikusgai, eta bi hitzaldi egin ziren, mundu jasangarriago baterako trantsizioari eta tokiko erresilientziari buruz, guztira 100 lagun baino gehiago bildu zirelarik. Hilabete berean, pobrezia energetikoari buruzko jardunaldi bat egin zen, Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta Kisarrek antolatuta, non unibertsitateko adituek, teknikariek, GKEetako langileek eta elkarteek parte hartu baitzuten.