
Iruñeko Udalaren lehen adinekoendako zentroa badoa aurrera. Arrotxapean eraikiko dute, Carmen Baroja Nessi kaleko 21.eko beheko solairuan, eta 28 plaza izanen ditu. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du obren lizitazioa: 529.432,38 euroko aurrekontua izanen dute lanek, eta sei hilabete beharko dituzte amaitzeko. Ekainean hastea espero dute, 2026aren hasieran martxan jarri ahal izateko.
Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak azaldu ditu proiektuaren nondik norakoak: oraindik ez dute nahikoa kreditu proiektua finantzatzeko, baina aurrez lizitatu dituzte lanak. Iruñeko Udalak dirulaguntza bat eskatzeko asmoa du lanak ordaindu ahal izateko: Nafarroako Gobernuak eguneko zentroak eraikitzeko ematen dituen dirulaguntzetarako deialdian parte hartuko du. Iaz Eskubide Sozialen departamentuak eman zion arkitektura-proiektua finantzatzeko dirua. Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak nabarmendu duenez, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua indartzea eta Eguneko Zentroen Plan Zuzentzaileari emanen dioten bultzada gobernuak arlo sozialean eginiko hitzarmenaren lehentasunezko egitasmoak dira.
Iazko ekainean, adinekoendako eguneko zentroen proiektuaren memoria baloratua aurkeztu zuten, eta irailean, berriz, behin betiko proiektua: Carmelo Fernández Militino eta Jaime Elizalde Guerra arkitektoek (TYM Arkitektoak) idatzia da. Adinekoendako hainbat eguneko zentro daude Iruñean, baina jabe pribatuenak dira, ez Udalarenak. Zentro hau eraikitzen dutenean, ugaritu eginen dira 65 urtetik gorakoendako hiriko laguntza-baliabideak: Iruñean erroldatutakoen % 22 dira.
Askotariko jarduerak egiteko guneak
Udalak Carmen Baroja Nessi kaleko 21.eko beheko solairuan duen lokal osoa hartuko du eguneko zentroak, eta Juslarrochako 16.ean duen beheko solairuaren zati bat ere bai. 330,05 metro karratu ditu lokalak orotara, eta 293,54 metro karratu erabilgarri. Zuzkidura-erabilera du. Bai egitura eta bai zimenduak hormigoizkoak dira, eta ez dute inolako moldaketarik egin beharko. Sarrera nagusia oinezkoendako plaza batean egonen da, bi kaleek bat egiten duten tokian. Proiektuaren arabera, fatxada altzairuzko xafla tolestu baten bidez estaliko dute.
Barruan hainbat gune bereiziko dituzte, askotariko jarduerak egiteko egokituak. Sartu eta eskuinera, erabilera anitzeko bi areto egonen dira, jantoki bat ere bai, jantoki-zerbitzukoek lan egiteko eta jakiak prestatzeko toki bat, biltegi bat eta aerotermia jartzeko gune bat. Bero-ponpa aerotermiko bat jarriko dute zentroa berotu eta hozteko: zoru bero-emailearen sistemarekin konektatuta egonen da ponpa hori. A mailako energia-kalifikazioa izanen du lokalak.
Sarreran, gurpil-aulkiak gordetzeko gune bat sortuko dute, eta bi komun irisgarri jarriko dituzte inguruan. Ezkerrean, jarduera fisikoa egiteko gune bat sortuko dute, eta askotariko makineria eta beste elementu batzuk jarriko dituzte hor. Hor egonen dira bulego profesionalak ere, bai zuzendaritzarenak eta bai gizarte-langileenak, eta arretarako eta erizaintzarako gune bat, komunak eta aldagelak jarriko dituzte gainera.
Mendekotasuna dutenendako zuzendua izanen da zentroa. Norberaren oinarrizko premiak asetzen laguntzeko, terapiarako, errehabilitaziorako eta behar soziokulturalak asetzeko zerbitzua emanen du zentroak, eta hala, mendekotasunen bat dutenendako errazagoa izanen da ohiko ingurunean geratzea, eta zaintzaileendako ere laguntza handia izanen da. Adinekoen % 90ek baino gehiagok etxean bizi nahi dute ahalik eta denbora gehien, familiarekin.