Iruñeko Udalak onetsi du gertu diren sanferminetarako (uztailaren 7tik 15era, biak barne) ostalaritza-establezimenduen ordutegiak luzatzen dituen ebazpena.
Aurreko urteetan bezala, ordutegi zabalagoa izanen dute Iruñeko taberna, kafetegi, jatetxe, taberna berezi, ikuskizun-kafetegi eta bingo aretoek: goizeko 06:00ak arte. Diskoteka eta dantzalekuen kasuan ordutegia ordubete gehiagoz luzatuko da, hau da, goizeko 07:00ak arte. Araudiak ezarritakoarekin bat, establezimenduak hustu beharko dira muga-ordu horietatik aitzina. Ordutegiak ezartzen dituen ebazpen horrek xedatzen ditu, baita ere, garbiketa-lanak egiteko gutxieneko denbora tarteak. Hartara, erabaki da establezimendu publikoak itxi eta horiek berriz ere irekitzeko hiru ordu iragan behar direla, gutxienez.
Ebazpenaren oinarria irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretua da, zeinak udalei baimena ematen baitie udal-mugarteko establezimenduen ordutegiak luzatzeko patroiaren festak ospatzen direnean.