Iruñeko alkate Joseba Asironek harrera egin die gaur goizean aurtengo txupinazoa jaurtitzeko lau hautagaitzen ordezkariei. Hautagaitza guztiak Sanferminetako Mahaiko elkarteek proposatu dituzte, eta heldu den ostegunean amaitzekoa den herri-bozketan ari dira lehiatzen. Ondoz ondoko hirugarren urtez, alkateak herritarren esku utzi du bere ahalmena ohore horren gainean erabakia hartzeko, eta izendatze hori parte-hartze publikoko sistema baten menpe utzi du.
Alkatea gaur eguerdian bildu da Jose Miguel Araiz "Rastrojo" berarekin, zeina Alberto Pérez, Humberto de Miguel eta Francisco Iriarterekin batera etorri baita, bere hautagaitzaren izenean; Motxila 21 taldearen izenean, Andoni Cilveti eta Javier zein Ibai Ganuza etorri dira; Artearen Adiskideak elkartearen izenean, Óscar Castillejo eta Juan José Sarasibar; eta Chrysallis Nafarroaren izenean, Mikele Grande eta Roberto Itoiz.
Proposatutako hautagaitzek badute beren merituak jasotzen dituen memoriaren bermea, hau da, proposamena egin duen erakunde bakoitzak egiaztatu du hautagaiek Iruñeari egin dioten ekarpena arlo sozial, akademiko zientifiko edo kulturalean. Lau proposamen lehiatzen dira. Rastrojo izenaz ezaguna den Miguel Araizena da bat, eta haren hautagaitzak aditzera ematen du unaien zenbait belaunaldik Iruñeko entzierroetan egindako lan kolektiboa, egunez egun lasterketaren funtzionamendua ordenatzen eta lasterkariak babesten. Artearen Adiskideak elkartea da beste hautagaitzetako bat, eta hiriko kultur musikalaren parte izaki, mende bat bete du 2018an ospakizun mota orotan parte hartzen eta beste musika-taldeen harrobi izaten. Hirugarren hautagaia Motxila 21 da, Nafarroako Down sindromearen elkarteko musika taldea, zeinak 2005az geroztik lanean dihardu desgaitasuna gizarteratzeko garrantzia publikoki erakusten, kasu honetan musikaren bidez. Laugarren eta azken hautagaia Chrysallis Nafarroa da, adingabe transexualen familien elkartea; haur eta nerabe transexualen gizarteratzearen alde egiten du lan, beren eskubideak defendatzen ditu eta baliabideak sortzen ditu, hori guztia, gainera, haien ikusgarritasuna lagunduta.
Lau horietako batek aukera izango du heldu den uztailaren 6an Udaletxeko hirugarren solairuko erdiko balkoitik oihukatzeko dagoeneko finkatuta dagoen esaldia - Pamplonesas, pamploneses, ¡Viva San Fermín! Iruindarrak, ¡Gora San Fermín!- eta jaiei hasiera ematen dien suziria pizteko.