Lantaldearen irizpenak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 1978ko sanferminen harira egindako dokumentazio-txosten teknikoa oinarri hartzen duenak, ondorioztatu du funtsezkoa dela sumarioak berriz irekitzea, bere garaian onartu baina inoiz egin ez ziren proba guztiak egitea, eta kereila bat aurkeztea, gizateriaren aurkako delituen kontzeptuarekin bat, zeinean hori guztia islatuko baita. Irizpenaren beste ondorio batzuen arabera, gertakariak iruindarrak erreprimitu eta eskarmentatzeko aurrez pentsatutako plan baten ondorio izan ziren eta ikerketa judiziala zabarkeriaz egin zen, eta horregatik ikerketa berria egitea sustatu beharko litzateke. Txostenaren xehetasun guztiak aurkeztu dituzte Iruñeko alkate Joseba Asironek eta NUPeko Nerea Pérez Ibarrolak, gobernu-taldea osatzen duten lau alderdietako kideek lagunduta: Joxe Abaurrea (EH Bildu), Mikel Armendáriz (Geroa Bai), Manuel Millera (Aranzadi) eta Iñigo Rudi (I-E).
1978ko sanferminetako gertakariei buruzko dokumentazio-txosten teknikoa NUPeko Emilio Majuelok eta Juan Carlos Garcíak egin dute, eta lantaldean honako hauek hartu dute parte: Josu Chueca, Pedro Ibarra, Amaia Kowasch, Jacinto Lara, Nerea Pérez, Pepe Uruñuela eta Begoña Zabala. Txostena jendaurrean aurkeztuko da ekitaldi instituzional batean, ekainaren 8an, ostiralarekin, 19:00etan, Gayarre antzokian, non ikus-entzunezko bat aurkeztu eta mahai-inguru bat ere egingo baita.
Horrela islatuko da 2017ko azaroaren 2ko Osoko Bilkurak hartutako erabakia, zeinaren bitartez onetsi baitzen batzorde bat eratzea, arlo akademiko zein juridikoko eta memoria historikoaren arloko prestigio handiko adituek osatua, 1978ko sanferminetako gertakarien harira garatzeko egia, justizia eta ordaina oinarri dituen prozesu bat. Horretarako irizpen bat egitea adostu zen, non zehaztuko baitziren festa haietan izandako giza eskubideen urraketak eta horien ondoriozko erantzukizunak.