Hilabete hauetan zehar, zazpi ikastetxetako ikasgelak ikaskuntza-zerbitzuko gela bihurtu dira, komunitateari zerbitzua emanez ikasteko baliabide bihurtuta. Claret Larraona ikastetxeko ikasleek zarata murriztu nahi izan dute, bizitza hobea lortzeko. Beren inguruneko zarata-maila aztertu zuten, baita horrek zer nolako eragina zuen Iturramako osasunean ere, eta zenbait neurri abiatu zituzten. Lehenengo neurria beren ikastetxean bertan hartu zuten, sirenaren hotsa musika klasikoarekin ordeztuz. Sagrado Corazón ikastetxeko haurrek ekimen-sorta zabala prestatu dute bidezko kontsumoa bultzatzeko: bidezko merkataritzako azoka bat, elikagairik xahutzen ez duen jantoki osasungarria eta elikagaiak biltzeko banku bat. Hezitzaileen Eskolak zenbait ideia bilatu zituen Nafarroako Esklerosi anizkoitzaren Elkartearekin elkarlanean aritzeko; eta "mila aurpegi dituen gaixotasun" gisa ezagutzen den gaitzari aurre egin nahi izan zion Mila irribarre, mila aurpegirendako proiektuarekin. Ikastetxeko horretako ikasleek musikoterapia-saioak sortu zituzten, eta hamaiketakoak prestatu eta hitzaldiak eman zituzten gaixotasuna ikusgai egiteko.
Hiru ikastetxe horiek izan dira irabazle Iruñeko Udalak sustatutako proiektu-deialdian; lehiaketa hori ikasturte honetan estreinatu da, xede hartuta horrelako ikaskuntza-mota bultzatzea hirian, balio handia sortzen duelako bai hiriarendako, oro har, bai ikasleendako. Programa honetan irakasle eta ikasleek hezkuntza-proiektuak prestatu eta abiatzen dituzte, halako moduan non komunitateari begirako zerbitzu bat ere txertatzen baitute, hiri osoan ikusgai egiteko beren gizalegezko konpromiso solidarioa.
Gaur goizean, Kondestablearen jauregiko ekitaldi-aretoan, proiektuen amaierako aurkezpena egin da, eta ekitaldian parte hartu dute proiektuak gauzatu dituzten zazpi ikastetxeetako ikasle eta irakasleek. Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Beloki, Alorreko zuzendari Maitena Muruzabal eta Hezkuntzako udal-teknikari José Manuel Santana bertan izan dira.
Hauek dira parte hartu duten zazpi ikastetxeak: Claret Larraona, San Juan de la Cadena HLHIP, Sagrado Corazón ikastetxea, Hijas de Jesús ikastetxea, Hezitzaileen Eskola, Mª Inmaculada Lanbide Heziketako Ikastetxea eta Julio Caro Baroja BHI.
Haurren kategorian, Claret Larraona eta San Juan de la Cadena ikastetxeek eskuratu dituzte sariak; DBH eta Batxilergoko kategorian, Sagrado Corazón eta Hijas de Jesús ikastetxeek egindako lana goraipatu da, eta Lanbide Heziketan, Hezitzaileen Eskola eta Mª Inmaculada zentroek egindakoa.