2017an deialdia kaleratu ostean, Iruñeko Udalak sormen artistikorako diru-laguntzak finkatu nahi ditu, eta hartara, deialdi berriak baliabide ekonomiko gehiago izango ditu, sari gehiago, eta arreta berezia jarriko du gazteenengan. Sormen artistikorako proiektuen lehiaketa berriak, 2018koak, % 43 handitu ditu diru-laguntzen zenbatekoak, 30.000 euro bitarte, eta horrekin 10 proiektu babestu ahalko dira guztira, horietako bakoitzak 3.000 euro jasoko baititu proiektua sortu eta garatze aldera. Hamar proiektu horietako hiru 35 urtetik beherakoendako erreserbatuko dira. Halaber, sarietako bat euskarazko lan garaikide bat sortzeko izango da, hori txertatu ahal izateko Garaikide udal-programan.
Horiek dira deialdiaren berritasun nagusiak, zeinen berri gaur goizean eman baitute, prentsaurrekoan, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek. Udalak 2017an abiatu zuen lehenengo aldiz deialdi hori, xede hartuta hirian sormena sustatzea eta sormen artistikoen prozesuak laguntzeko diru-laguntzetan zegoen hutsunea betetzea, sormen artistiko jardun gisa ulertuta diziplina hauek guztiak: arte eszeniko eta plastikoak, musika, literatura, ikus-entzunezkoak eta kulturako beste adierazpen artistiko batzuk. Lehenengo edizioan hainbat diziplinetako 45 proiektu aurkeztu ziren guztira, eta 3.000 euroko zazpi sari banatu zitzaizkien baloraziorik altuenak lortu zituztenei.