Badoaz 2018ko sanferminak itxura hartzen. Zortzi proposamen igaro dira amaierako fasera, datozen jaiak iragarriko dituen kartela izateko lehiaketan. Gaurtik hasita eta heldu den maiatzaren 14ra arte, astelehenarekin, Iruñeko herritarrek gogokoen duten kartelari botoa emateko aukera izango dute, eta hartara, aurtengo sanferminetako irudia zein izango den hautatu. Aukeratutako kartelak Kondestablearen jauregiko patioan daude ikusgai, eta bertan egongo dira hautaketa-egunera arte. Bozketaren emaitza jakitera emango da maiatzaren 16an, asteazkenarekin, behin emandako botoak zenbatu eta gero.
Iruñeko Udalak gaur eguerdian eman du jakitera zein diren lan finalistak, Kondestablearen jauregian. Joan den apirilaren 10ean lehiaketaren epaimahai teknikoak aurrez hautatu zituen 20 lanetatik 8 aukeratu dira. Epaimahaiaren burua Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendari Maitena Muruzabal izan da, eta epaimahaikideak, Udaleko arte plastikoetako teknikari Javier Manzanos eta diseinuaren, komunikazioaren eta arte plastikoen arloetako bost profesional hauek: Álvaro Arévalo, Javier Errea, Liébana Goñi, Virginia Santos eta Mikel Urmeneta. Amaierako fasera igaro aurreko fase horrek xede zuen sormen-proposamenik onenak aurrez hautatzea lehiaketara aurkeztutako 332 lanetatik, gerora finalistak zehazteko. Hauek dira zortzi finalistak:
1.a: 58 - Fiesta Toro Mandala
2.a: 147 - Su turno SF 18
3.a: 158 - Tradición local. Pasión internacional
4.a: 225 - La Tierra, capital Pamplona
5.a: 241 - Pamplona, ciudad de luces
6.a: 308 - 7
7.a: 325 - El ciclo de San Fermín
8.a: 332 - La fiesta es ella
Lehiaketaren oinarrietan ezarritakoarekin bat, lehiaketa-prozesua egiten den bitartean, ezin izango da, inoiz ere, jendaurrean jakitera eman kartelaren egilea nor den.
Nola eman botoa
Gaur arratsaldetik aurrera Iruñean erroldatuta daudenek aukera izango dute gogokoen duten kartelari botoa emateko, Udalaren webgunearen bidez, (www.pamplona.es), 010 telefonoan (948 420 100, Iruñeaz kanpotik deituz gero, mugikorretik edo telefono-operadore baten tarifa lauaren barruan deitzen bada) edo edozein civivoxetan. Botoa emateko epea maiatzaren 14an amaitzen da, astelehenarekin, 19:00etan.
Webgunearen hasiera-orrian nabarmendutako lau gaien artean esteka bat gaitu da, xede horretarako. Hortik botoa emateko orrira iristen da, non zortzi kartelen irudiak agertuko baitira, bai eta botoa emateko argibideak ere. Karteletan klik egiteko aukera egongo da, horiek handitu eta xehetasunak arretaz begiratu ahal izateko. Botoa 010 telefonoaren bitartez eman nahi bada, zerbitzuaren ohiko ordutegian egin beharko da; astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan, 09:30etik 13:30era.
Botoa aurrez aurre emateko, hautetsontziak paratu dira Civivox sareko zazpi zentroetan, Iruñean erroldaturik daudenek botoa eman dezaten. Hauek dira Civivox horiek, hain zuzen: Kondestable, Zabalgunekoa, Iturramakoa, Juslarrocha, Mendillorrikoa, Milagrosakoa eta Sanduzelaikoa. Udalak boto-paperak prestatu ditu.
Botoa emateko baldintza bakarra da Iruñean erroldatuta egotea, eta botoa ematen dutenek izena eta abizena eta NAN, AIZ edo pasaporte zenbakia eman beharko dituzte, datuen egiazkotasuna eta botoaren baliozkotasuna egiaztatu ahal izateko. Iaz Maximiliano Cosattiren Mañanas sanfermineras lanak irabazi zuen lehiaketa, erregistratutako 5.682 botoen % 27,4 lortuta.