Iruñeko Udalak eta auzoetako Jai Batzordeek hitzarmen bat sinatuko dute edalontzi berrerabilgarria hiri osoko jaietara zabaltzeko

Iruñeko Udalak eta auzoetako Jai Batzordeek hitzarmen bat sinatuko dute edalontzi berrerabilgarria hiri osoko jaietara zabaltzeko
Asteburu honetan emango zaio hasiera ekimenari, Sanduzelaiko jaietan, non 2.000 edalontzi banatuko baitira

Iruñeko Udalak eta auzoetako Jai Batzordeetako ordezkariek hitzarmenak sinatuko dituzte edalontzi berrerabilgarria hiri osoko jaietara zabaltzeko. Ekimena asteburu honetan abiatuko da, Sanduzelaiko jaietan, non 2.000 edalontzi banatzea aurreikusi baita.

Lehenengo hitzarmena, Sanduzelaiko auzoari dagokiona, gaur goizean sinatu da, eta pixkanaka, jai-ospakizunak gertuago diren neurrian, gainerako auzoetakoak sinatuko dira. Ekitaldian izan dira Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuenca eta zenbait auzotako Jai Batzordeetako ordezkariak: Sanduzelai, Etxabakoitz, Alde Zaharra, Milagrosa-Arrosadia, Donibane, Mendillorri eta Azpilagaña.

Hitzarmenari jarraikiz, Udalak irabazi-asmorik gabeko kolektibo eta elkarteen esku jarriko ditu edalontzi berrerabilgarriak, doan, baldin eta hirian ekitaldiak antolatzen badituzte. Entitateek euro bat kobratuko diote erabiltzaileari edalontzi bakoitzeko, eta edalontzia itzultzearekin bat, euroa itzuliko diote. Itzuli gabeko edalontziekin biltzen duten dirua Iruñeko Udalari emango diote, eta horrek diru horrekin ordainduko ditu edalontzien garraio- eta garbiketa-gastuak, galdutako edalontzien ordez beste batzuk eskuratu eta berriak erosiko ditu, eta sistemarekin loturiko beste gastu batzuk hartuko ditu bere gain.

Ekimen honen bitartez, Iruñeko Udalak nahi du hirian ospatzen diren jai eta ekitaldietan sortzen den hondakin-kopurua ahalik eta txikiena izan dadin, eta ekimena sanferminez harago eraman nahi du; sanferminetan, hain zuzen, edalontzi berrerabilgarriaren ekimena abiatu da azken bi urteetan, eta emaitzak azpimarragarriak izan dira hala ondorio ekonomikoetan nola ingurumenekoetan. 2018. urterako, eta ekimena ekitaldi gehiagora zabaltzeko asmoz, Udalak 50.000 euroko laguntza-kontratua onetsi du, 300.000 edalontzi berrerabilgarri baino gehiago enkargatzeko. Zerbitzu horren kontratua datozen egunotan argitaratuko da Nafarroako Kontratazioaren atarian, eta irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro berezietarako erreserbatuta dago, gizarteratze eta laneratze zentroetarako, adibidez.

¿Te ha sido útil esta página?