Carlos Puig artista iruindarrak naturan barna bidaiatzeko gonbita egiten digu Ziudadelako Bolborategian ikusgai duen Txangoak erakusketaren bidez

Carlos Puig artista iruindarrak naturan barna bidaiatzeko gonbita egiten digu Ziudadelako Bolborategian ikusgai duen Txangoak erakusketaren bidez
Artelanak gaur, martxoaren 16tik aurrera eta maiatzaren 6ra bitarte bisitatu daitezke

Carlos Puig artista iruindarrak naturan barna bidaiatzeko gonbita egiten digu Ziudadelako Bolborategian ikusgai duen Txangoak erakusketaren bidez. Gaur hasita, ostiralarekin, eta maiatzaren 6ra bitarte, igandearekin, bisitariek aukera izango dute Sorogaineko ibarrean barna ibiltzeko, baso baten barruan sartzeko, Arga ibaian arrantza egiteko, Esa edo Erronkariko errepideetatik gidatzeko, Iruñeko Alde Zaharreko merkatura hurbiltzeko edo Media Luna parkean paseoan ibiltzeko. Eta hori guztia Ziudadelatik irten gabe.

Carlos Puigek bere erakusketa aurkeztu du prentsaurrekoan, Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek lagunduta. Erakusketa ordutegi honetan bisitatu ahalko da: asteartetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era; larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara. Apirilaren 30etik aurrera arratsaldeko ordutegia ordu erdi luzatuko da.

Formatu handiko olio-pinturak, poliptikoak, gouchearekin pintatuko errepideen serie bat eta obrak koadernotan; horra erakusketa osatzen duten elementuak. Lanekin batera, egilearen testuak eta Txorizale bat gerran nobela grafikoaren edizioa ageri dira.

Partekatutako paisaiak

Paisaiak dira nagusiki proiektu piktoriko honen oinarria, naturaren ingurukoak gehienetan, Puigentzat bizitako leku direnak, espazio ezagun bihurtu eta horiek irudikatzeko premia piztu diotenak, bere geografia pertsonalaren parte diren kanpo-paisaiak. Zenbaitetan, senideak eta adiskideak erretratatzen ditu, familia eta lagun arteko espazio horiek ere partekatuta.

Erakusketaren katalogoan hala dio Pedro Salaberrik: "Carlosek pintatzen duen natura bertan bizi diren animaliez beteta dago, ez da zeruertz eta panoramika handiez arduratzen, baizik eta landareen artean borborka dabilen biziaz, ibaietako arrainez, eta ezagutu eta haren poema askotan izendatzen dituen ehunka txoriez.

Halako koadroak non emaztearekin, seme-alabekin eta beste senide batzuekin agertzen baita haiekiko sentitzen duen maitasun sakonetik sortzen dira, eta sarritan, eszenaren atzealdea hezi gabeko landaretza da".

Koadernoetako marrazkiek ere osatzen dute erakusketa, horietan prestatzen baitu Carlos Puigek gerora bere lanik handienak izango direnen oinarriak. Salaberriren hitzetan, horiek abiapuntu hartuta Puigek bere pintura libratzen du behar ez duen erretorikatik, azkar ulertzekoa eta artifiziorik gabeko pintura sortuta. Bere asmoa "haren seme-alabei ipuin bat kontatzen ariko balitzaie bezala marraztea eta margotzea" da, Salaberrik dioenez. "Lanari heltzeko modu horrekin egikera garbia lortzen du, irudi oso marraztuekin eta koloredun eremu sendoekin. Pintura argia eta alaia, zeinak trazuak zabaltzeko bide ematen baitu, eta formatu eskuzabaletan hedatzeko".

Hogei urteko ibilbide artistikoa

Carlos Puig Iruñean jaio zen 1970ean. Industria ingeniari teknikoa da, eta marrazketa eta grabatua ikasi zituen Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan. Hogei urtetik gorako ibilbide artistikoan erakusketa ugari egin ditu, bakarka zein taldeka, Iruñean batez ere, eta beste herri batzuetan, Tuteran eta Agoitzen, besteak beste.

2013an, Ziudadelako Mistoen eraikinean erakutsi zuen Toki aproposa izeneko lana, eta 2007an erakusketa bateko protagonista izan zen Ziudadelako Bolborategian. Iruña Hiriko Arte Plastikoen Bienalean parte hartu du zenbaitetan, eta bere azken lanek Iruñeko Planetariora eraman dute, 2016an Nafarroako Ateneoak Pertsonak izeneko talde-erakusketa-batera, bai eta Errioxako Parlamentura ere, bertan parte hartu baitzuen Nazioko IX. Pintura Lehiaketan (2015).

¿Te ha sido útil esta página?